Iraultzaile zena, «hondarren zaindari»

Errusiako Alderdi Komunista oposizioko alderdi nagusia da Errusian. Herrialdeak bizi duen egoerara moldatu behar izan du urteotan.

ERRUSIAKO ALDERDI KOMUNISTA
Errusiako Federazioko Alderdi Komunistaren ekitaldia 2023ko abuztuan, Moskun. MAXIM SHIPENKOV/EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 21a
05:10
Entzun

Karl Marxek eta Friedrich Engelsek egin zuten teoria, eta Vladimir Ilitx Lenin-ek jarri zuen praktikan. Hark sortu zuen Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata, beste hainbat ekintzaile politikorekin batera, 1903an; haien arabera, garai hartako Errusian zeuden bidegabekeriei aurre egin eta iraultza gauzatzeko. Besteak beste boltxebikeen ekintzei esker sortu zen SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, 1922an. Leninen alderdia, bestalde, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista izendatu zuten, eta, 1991n Sobietar Batasuna desagertu arte, talde horren esku  egon zen agintea, legezko alderdi bakarra baitzen.

Errusiako Federazioko Alderdi Komunista heldu zen gero, Leninek sortutako alderdiaren oinordekoena, talde politiko horretako kideek diotenez. Gaur dira ehun urte Lenin hil zela, eta hark utzitako alderdiaren eta gaur egungoaren artean «aldea» dagoela adierazi du Jon Kortazar Historian doktore eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. «Biak alderatzean, hamaika eztabaidatan sar gaitezke. Kontuan hartu behar da SESBeko alderdi komunista desegite prozesu betean murgilduta zegoela azken urteetan, eta Boris Jeltsinek [SESBen osteko Errusiako lehen presidenteak] edozein alderdi komunista galarazi zuela lehen urteetan». Iritzi dio  «kolpe latza» izan zela hori Errusiako komunistentzat.

«[Lehen laikotasuna defendatu arren] orain harreman ona dute Errusiako Eliza ortodoxoarekin, ulertzen baitute Errusiako herriaren sentimenduak ordezkatzen dituela».

 JON KORTAZAREHUko irakaslea

Kortazarrek uste du jokatzeko era dela bien arteko alde nagusia: «Azterketa marxista eta sozialista egiten zuen alderdi hark SESBen zuten ongizatea eta haren hondarrak defendatzen dihardu orain». EHUko irakaslearen ustetan, oposizioan egonda ere «gobernuetan egongo balira bezala» jarduteagatik gertatu zaie hori.

Oraindik ere ideologikoki leninistak diren arren, Errusiako Federazioaren egungo egoerara moldatu behar izan dute, Maite Mola EPK Euskadiko Partidu Komunistako eta PCE Espainiako Alderdi Komunistako komiteetako kidearen esanetan: «Argi dute joko zelaia aldatu egin dela. Orain estatu kapitalista batean egin behar dute politika, eta horretara moldatu dira».

Alderdiaren egiteko nagusia «errusiar kultura defendatzea» dela esan du Molak; haien ustez horixe baita era bakarra Errusiako Federazioari batuta eusteko «herrialde plurinazional» batean. Kortazarrek bide beretik jo du, eta azaldu Errusiako herriaren «tradizioak» defendatzea dela alderdiaren xedea; kasurako «baserritarren berdintasunerako tradizioa». Izan ere, «errusiar izatea kolektibista» delako ideia hizpidera ekarri dutela zehaztu du EHUko irakasleak.

«Argi dute joko zelaia aldatu egin dela. Orain, estatu kapitalista batean egin behar dute politika, eta horretara moldatu dira».

 MAITE MOLAEPK-ko kidea

Kortazarren ustez, baina, errusiar izate horren defentsak kontraesanak eragin ditu alderdian, eta, Leninen alderdiarekin konparatuta, bestelako ideiak onartzen dituzte: «Bestelako autore tradizionalista eta kontserbadoreen teoriak ere hartzen dituzte kontuan gaur egun. Are gehiago, [lehen laikotasuna defendatu arren] harreman ona dute orain Errusiako eliza ortodoxoarekin, ulertzen baitute Errusiako herriaren sentimenduak ordezkatzen dituela».

«Sobietartasunaren hondarren» defentsan dihardutenez gero, «zerbitzu publikoen eta sektore estrategikoen nazionalizazioa berrezartzearen alde borrokatzen» dira bai Errusiako Federazioko Parlamentuko behe ganberan eta bai gobernatzen dituzten udalerri eta lurraldeetan, EPK-ko kidearen hitzetan; hau da, Vladimir Putin Errusiako Federazioko presidentea babesten duen alderdiak, Errusia Batuak, egindako politiken aurka ari dira. Horiek hala, Errusiako oposizioko eragilerik indartsuena —eta legezkoak diren apurretakoa— bilakatu da Errusiako Alderdi Komunista.

Hauteskundeei begira

Presidentetzarako 2018ko hauteskundeetan, botoen %11,9 bereganatu zituen Alderdi Komunistaren hautagai Pavel Grudininek. Kortazarren arabera, hauxe da Alderdi Komunista babesten dutenek hautu hori egiteko arrazoi nagusia: «Ez daude ados SESBek egungo Errusia bihurtu arte egindako trantsizioarekin eta horrek ekarritako sistema kapitalistarekin».

Izan ere, Levada Errusiako estatistika zentroaren arabera, biztanleen %60 damu dira SESBen desagertzeaz. Argudio hori, baina, denborarekin desegiten ari dela iritzi dio Kortazarrek: «Jeltsinen garaian ez zegoen masa alderdirik, ezta SESBen aldeko irakurketarik ere Errusiako Gobernuan. Hortaz, alderdi komunista boto asko bereganatzeko gai zen. Gaur egun, baina, Putinek badu hori guztia».

Lenin hil eta ehun urtera, erronka berria dute komunistek Errusian: maiatzaren 15etik 17ra bitarte egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeak. Nikolai Kharitonov izendatu dute hautagai, 2004an bezala —botoen %13,8 eskuratu zituen orduan—. Kortazarren hitzetan, Errusiako hauteskundeak «gobernuaren jardunari buruzko iritzi emateak» dira, eta komunistek oposizioan jarraituko dutelakoan dago.

Molak ere uste du komunistek oposizioan jarraituko dutela aurten, baina nabarmendu du balitekeela Ukrainako gerrak sortu dituen «barne tentsioek» «aldaketa» ekartzea herrialdean. Horren ondorioz, EPK-ko kideari iruditzen zaio posible dela Errusiako Federazioko Alderdi Komunista agintera heltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.