Errusian egutegi juliotarra erabili zuten 1918ko otsailera arte. Hamahiru eguneko atzerapena zuen Mendebaldeko egutegi gregorianoarekin. Ondoko data guztiak gregorianoaren arabera ezarrita daude, baina iraultzak izendatzeko juliotarra mantendu da.
1917
Otsaileko Iraultza
Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Egunean manifestaziohandiak egin zituzten tsarraren aurka.
Martxoak 9. Greba orokorrera deitu zuten Petrograden. 160.000 langilek bat egin zuten, eta 200.000 herritar inguruk parte hartu zuten protestetan.
Martxoak 11. Nikolas II.a tsarrak soldaduei agindu zien tiro egiteko manifestariei. Dozenaka hil zituzten, baina ehunka mila lagunek eutsi zieten protestei.
Martxoak 12. Petrograden, soldadu talde batek manifestariekin bat egin zuen. Iraultzaileek hiriburua hartu zuten, eta tsarraren gobernuak dimisioa eman zuen.
Martxoak 13. Duma eta Petrogradeko Sobieta elkartu ziren, behin-behineko gobernu bat sortzea hitzartzeko.
Martxoak 15. Behin-behineko gobernuak abdikatzeko eskatu zion Nikolas II.ari. Onartu egin behar izan zuen, eta boterea Mikel anaiari utzi zion.
Martxoak 16. Mikelek uko egin zion tronua hartzeari, eta, 300 urteren ondotik, romanovtarren agintea bukatu zen.
Martxoak 22. Nikolas II.ari eta haren familiari etxeko atxiloaldia ezarri zieten.
Apirilak 16. Vladimir Ilitx Ulianov Lenin lider boltxebikea erbestetik itzuli zen.
Uztailak 16. Langileak eta soldaduak sobieten eta boltxebikeen alde eta behin-behineko gobernuaren aurka matxinatu ziren Petrograden. Gobernuak matxinada zanpatu, eta sobieten eta boltxebikeen aurka jo zuen.
Irailak 4. Lavr Kornilov jeneralak Petrograd hartzearekin egin zuen mehatxu, boltxebikeen aurka jotzeko. Gobernuak Korniloven asmoekin zerikusirik ez zuela esan zuen, baina haren irudiak kalte handia jasan zuen.
Irailak 16. Errusia errepublika bihurtu zen ofizialki.
Urriko Iraultza
Urriak 23. Boltxebikeek eta Petrogradeko Sobietak boterea nola hartu erabakitzeko eztabaida hasi zuten.
Azaroak 7. Iraultza hasi zen Petrograden.
Azaroak 8. Boltxebikeek Neguko Jauregia hartu zuten, behin-behineko gobernuaren egoitza. Lehenbiziko dekretuak jaulki zituzten: lurrarena, bakearena, langileen lan baldintzak hobetzekoak, eta heriotza zigorraren abolizioa.
Azaroak 19. Iraultzaileek Mosku kontrolpean hartu zuten.
Azaroak 25. Batzar Konstituziogilerako hauteskundeak egin zituzten. Boltxebikeak bigarren indarra izan ziren, botoen %24rekin. Emakumeek botoa eman zuten lehenbiziko aldiz.
Abenduak 15. Errusiak armistizioa sinatu zuen Erdialdeko Inperioekin.
1918
Gerra zibilaren hasiera
Urtarrilak 9. Boluntarioen Armada sortu zuten iraultza deuseztatzeko helburuz. Armada Zuria izenarekin egin ziren ezagun kontrairaultzaren indar guztiak.
Urtarrilak 18. Gobernu iraultzaileak Batzar Konstituziogilea desegin zuen.
Urtarrilak 28. Gobernu iraultzaileak Armada Gorria sortu zuen.
Martxoak 3. Brest-Litovskeko akordioa: Errusia I. Mundu Gerratik atera zen.
Martxoak 8. Errusiako Alderdi Komunista sortu zuten boltxebikeek.
Uztailak 16. Nikolas II.a tsar ohia eta haren familia exekutatu zituzten Jekaterinburgen.
Abuztuak 30. Sozialista Iraultzaileetako kide batek Lenin larri zauritu zuen atentatu batean. Gobernu iraultzaileak Izu Gorria izenez ezagutzen den errepresio kanpaina hasi zuen.
1919
Gerra zibila
Martxoak 4. Komintern edo III. Internazionala sortu zuten Moskun.
Urriak 19. Armada Zuria Petrogradetik kilometro eskas batzuetaraino hurbildu zen. Leon Trotskik hartu zuen hiriburua defendatzeko ardura. Egun batzuen buruan atzera eginarazi zioten.
Abendua. Atzerriko herrialdeek Armada Zuriari laguntzeko bidalitako soldadu kopurua 200.000raino iritsi zen.
1920
Gerra zibilaren bukaera
Azaroak 7. Armada Gorriak Krimea hartu zuen, Armada Zuriaren azken gotorlekua.
1921
Gerraostea
Martxoak 7. Kronstadt matxinada piztu zen gobernuaren aurka, egoera ekonomiko larriaren ondorioz. Armada Gorriak zanpatu zuen, eta gobernuak NEP Politika Ekonomiko Berria jarri zuen martxan, «estatuak kontrolatutako kapitalismoa», ekonomia suspertzeko.
1922
SESBen sorrera
Abenduak 30. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Sortzeko Hitzarmena sinatu zuten Errusiak, Ukrainak, Bielorrusiak eta Transkaukasiak.
1923
Lenin boteretik at
Martxoak 2. Leninek azken agiria idatzi zuen, gobernua berrantolatzeko eta burokrazia gutxitzeko beharraz.
Martxoak 9. Leninek hirugarren bihotzekoa jasan zuen, eta hitz egiteko ahalmena galdu zuen. Haren ondorengotza hartzeko lehia hasi zen.
1924
Leninen heriotza
Urtarrilak 21. Lenin zendu zen, 53 urterekin. Aleksei Rikovek hartu zituen SESBeko gobernuaren ardura gorenak, baina benetako botere lehia Josiv Stalinen, Grigori Zinovieven, Lev Kameneven eta Trotskiren artean hasi zen.
IRAULTZA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu