50 urteko borroka baten ondorioz, Bretainiako Notre-Dame-des-Landesen egin asmo zuten aireportua bertan behera utzi zuten azkenean. Borroka luze bat, 1.600 hektareatan hedatua, 200 bat herritarrek eramana; borroka bat okupazio bat ere izan dena. Ez da izan azpiegitura erraldoien kontrako borroka bakarra, baina bai «ohiz kanpokoa», 2009tik bereziki, laborariek hango lekuen okupatzera dei egin zutenetik. 2012an izan zen bigarren mugarria: kanporatze saiakerek borroka eredu bilakatu zuten; proiektua ezeztatu baino haratago, beste zerbait sortu zen, oraindik segitzen duena. Gertatu denaren inguruko irakaspenak ekarri ditu, hain zuzen, Iñaki Etxeleku Thikoipe (Biarritz, Lapurdi, 1977) BERRIAko kazetariak ZAD bizi dutenen ahotik liburuan (Gatuzain, Txalaparta), BBG babestu beharreko guneko (ZAD) sei pertsonaren lekukotasunak oinarri.
Borroka hau ohiz kanpokoa da,izariz eta luzetasunez.
Abiapuntu inportantea da hori. Beren arteko antolakuntza eredu bat xerkatuz aritu direlako, baita jendarte alternatibo bat ere, jende harremanean, feminismoa barne, eta bakoitzaren nortasunari buruzko iritzi inposaturik gabe.
Kultura politiko ezberdinetarik etorri jendeak dira elkartu.
Okupa mugimendukoak, anarkistak, laborantza sindikalismotik etorriak, baita frantses ezker klasikokoak ere. Hor nahasi da jende bat ez zituztenak usaia berak politikoki. Denen artean behar izan dute egin, entseatu eta beren baitarik, hertsatze indarrik gabe, poliziarik gabe, justiziarik gabe, beren baitarik kudeatzen entseatuz. Epe luze horretan, eta autonomia ideia horretan.
Hori zenuen galdezkatu nahi?
Bai, erran nahi baitu, zer entseatu duzue? Zertan lortu duzue? Eta zertan ez duzue lortu? Non izan dituzue zailtasunak?
Lekukotasunetan agertzen da halako apaltasun bat, autokritikarako gaintasun handia.
Haien diskurtsoan heldutasun handi bat sentitu dut. Horrek harritu ninduen BBGarekin lehen harremanak izan nituelarik. Ezker mugimendu politikoetan izaten ahal den zurruntasun hori ez dut ikusi, lezio emaile izateko arrisku hori. Izaten ahal zen, baina ez da izan. Eguneroko praktikak umiltasun bat ekarri du. Aztertzekoa litzateke, baina ez ote da lotua baserri aldean izateari ere? Erran nahi baita: han zara. Zuhauren janaria egin behar duzu, zuhauren etxea eraiki behar duzu.
Azkeneko gudurik ez dela iritsiko, hori ere bada irakaspenetako bat, ez?
Bai, eta hor bada aitzineko historiako ezkerreko mugimenduen irakaspen bat ere. 1968ra arte izan baldin bada gau handiaren amets hori, erran nahi baita, irauliko dugula gizartea, eta jendearen eta populuaren botere hartze bat izanen dela egunetik biharamun, hemen lekuko batek aipatzen du amets horren desagertzea. Baina lotua da ezker mugimenduaren zapartatzeari ere, disolbatzeari.
Bada talde indar bat, baina bada intimitate baten zaindu beharra ere; horretaz ere bildu dituzu gogoetak.
BBGan agertzen dira indibidualismoak. Nola egiten da berekoitasun horien parean elkartasuna aitzinean emateko? Taldea aitzinean emateko, mugimendu orokorra, komunitatea? Hori egunerokoan da egiten. Iraultza egunerokoan egiten da, azken finean. Iraultza ez da bat-batekoa edo egun batekoa; betierekoa da, gelditzerik ez duena.
Aitortzen dute, halaber, ez dutela beti asmatu.
Bai. Ohartu direla, nahiz eta ideia ederrak izan, berekoitasunak agertzen direla. Badirela bakarrik hartzaile direnak eta ez dutela beti lortu jendeari ulertarazten hemen denek parte hartu behar dutela, bestela ez duelako funtzionatuko. Ez dela nehor beren zerbitzuko.
Gauza larriak ere gertatu dira.
Izan dira bortxaketak, ebasteak.Muturreko egoera batzuk kudeatu behar izan dituzte kolektiboki, ohartu baitira, nahiz eta borondate handia ukan, ez dela beti lortzen. Bitartekaritza lanez, solasen bidez entseatu dira, baina ez dute lortu. Batzuetan porrot baten gisan bizi izan dute egoera, gertatu baita talde ttipi batek norbait kanporatzea BBGtik. Eta hori ez da helburua.
Badira lorpenak ere, eta hor ere biziki adibide konkretuak. Horietako bat lana da. Lana zer den hausnartzekoa ematen du liburuak.
Sarah-k ontsa esplikatzen du hori. Egiten duzun lan hori egiten duzu taldean, helburu batekin. Horrek ematen dio zentzua lanari. Hori funtsezko elementu bat da. Ez da lan bat egiten egin behar delako, gero soldata bat ukaiteko, eta gero erosketak egiteko. Hor, etxe baten eraikitzeak hartzen du zentzu bat, eta lotua da borroka orokorrari. Aldi berean, lotua da elkarren artean egiteari ere. Baita bide bat gauzen egiten ikasteko, autonomian irabazteko, eta ez beti izateko merkatuaren bidez egina den harreman batean.
Urtarrilean deuseztatu zuten proiektua, baina apirilean 2.000 polizia bidali zituen Frantziako Gobernuak. Batzuek diote mendeku bat izan dela.
Bai, estatuak mendekatu nahi izan du, ez baitu jasaten hainbeste denboraz hain libreki aukera izana horrelako gauza baten garatzeko. Hori lotua da BBGak eraiki duen elkartasun sareari ere. Eredu bat bilakatu da aukera gisa. Posible da bestelako jendarte bati buruz borrokatzea. Hori hedatzen uzten bada, jendeen buruetan aukera hori hedatzen uzten da. Hori ere geldiarazi nahi izan du estatuak. Egia da epe horretan milaka jende pasatu dela BBGtik, eta joerak jarraitzen duela. Udan oraino anitz jende pasatu da.
Iñaki Etxeleku Thikoipe. Kazetaria
«Iraultza ez da ez egun batekoa, ez bat-batekoa»
Notre-Dame-des-Landesko aireportu proiektua gelditzeko borrokaren inguruko liburu bat idatzi du Etxelekuk. Iraultza «egunerokoan» dela egiten, eta sei lekukoren esperientziaz eta gogoetaz josi du lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu