Irango Poliziak elbarri utzi du emakume bat, hijaba ez eramateagatik tirokatu eta gero

Arezu Badri bizkarrean tirokatu zuen Irango Poliziak; ez dakite paralisia behin betikoa izango ote den. Buruko zapia erabiltzea inposatzeko plana martxan du Iranek.

Andre bat Mahsa Aminiren heriotza salatzeko protesta batean. FILIP SINGER / EFE
Andre bat Mahsa Aminiren heriotza salatzeko protesta batean. FILIP SINGER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko abuztuaren 12a
12:15
Entzun

Irailean bi urte beteko dira Irango Moralaren Poliziak buruko zapia «gaizki» zeraman emakume kurdu bat, Mahsa Amini, hil zuenetik, hura atxilo zegoela; ondorengo hilabeteetan protestak zabaldu ziren herrialde osoan, sumina adierazteko eta askatasuna galdegiteko. Beloa eramateari utzi dioten emakumeak badira ordutik, eta, kontrola berrezartzeko xedez, herrialdeko Guardia Iraultzaileak Argia plana abiatu zuen apirilean. Hala, Polizia kalera itzuli zen beste behin, buruko zapirik ez daramatenei hura erabiltzea inposatzeko. Eta beste biktima bat izan da berriki beloaren aferaren: Arezu Badri paralitiko utzi du Irango Poliziak, hura tirokatu eta gero —31 urte ditu Badrik—.

Hango hedabideek atzo jakinarazi zutenez, uztailaren 22an, herrialde iparraldeko Nur hirian, poliziek autoa geratzeko agindu zioten Badriri, horretarako agindua baitzuten andreak hijabik gabe ikusiz gero. Badrik aurrera jarraitu zuen, eta, orduan, poliziek erroberei egin zieten tiro; hari ere apuntatu zioten, bizkarraren behealdean jo baitzuen baletako batek. Teherango Valiasr ospitalera eraman zuten, eta segurtasun neurri zorrotzen pean dute, ZIUan. Hamar egunen buruan lortu zuten bala ateratzea; birikak etabizkar muina larriki kaltetuak ditu, eta ezin da ibili —medikuek ez dakite elbarritasuna behin betikoa edo aldi baterakoa izango den—.

Joan den asteartean, Gholamreza Rasaei kurdua exekutatu zuen Iranek, Mahsa Aminiren heriotza salatzeko Emakumea, bizitza, askatasuna lelopeko protestetan parte hartzeagatik eta 2022ko azaroan Guardia Iraultzaileko agente baten heriotzan zerikusia izan zuelakoan. Exekutatu duten hamargarren manifestaria da Rasaei, eta bostehun hildako inguru utzi zituzten protestek. «Akusatuaren arabera, torturapeko eta bestelako tratu txarren peko aitorpenetan oinarritu zen epaiketa, tartean kolpeak, shock elektrikoak, asfixia eta indarkeria sexuala», salatu zuen Amnisty Internationalek iazko abenduan Irango Auzitegi Gorenak manifestariaren kontrako epaia eman zuenean.

Oihartzuna izan zuen Rasaeiren heriotzak, eta hiriburuko Evin espetxeko zenbait emakumek elkarretaratzea egin zuten, Narges Mohhammadi aktibista eta 2023ko Bakearen Nobel sariduna buru zutela. «Emakumeak jotzeko eta haiei erasotzeko agindu zuten, batez ere protesten aurrealdean zeudenei; segurtasun indarrek latz jo zituzten», adierazi zuen Mohammadiren familiak, ohar bidez. Bularrean jo zuten aktibista, eta «arnas gutxiegitasuna eta toraxeko min bizia» pairatu zituen, eta konortea galdu. Espetxeak, ordea, ezeztatu egin du kalterik egin izana presoei, eta horiei leporatu die guardiei eraso egin izana, Irango Tasnim agentziaren arabera.

Beste zenbait exekuzio

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Bulegoak iragan ostiralean salatu zuen 29 pertsona exekutatu zituela Iranek, «epaiketa justu bat izateko bermeak bortxatu» eta gero. Heriotza zigorrek droga trafikoarekin zuten zerikusia, bulegoko eledun Liz Throsselen arabera. Horrelako kondenak ez agintzeko eskatu zion Irani, aldi baterako bada ere: «Nahita egindako giza hilketa ez dakarten delituengatik heriotza zigorra ezartzea bateraezina da giza eskubideen nazioarteko arau eta ereduekin».

Jada 345 pertsona exekutatu dituzte aurten Iranen, horietako 87 uztailaren 5etik hona. Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten egun hartan, eta Masud Pezexkian erreformista izan zen garaile. Hijaba jantzi edo ez emakumezkoen esku uztearen aldekoa da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.