Urtebete da Mahsa Amini 22 urteko kurdua hil zela, Teheranen, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik atxilotuta egon ondotik. Bada, hilketaren urteurrenean, Irango agintariek galarazi egin diote haren familiari Aminiren aldeko omenaldia jendaurrean egitea. Are, Iran Human Rights GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, estatuko indarrek gaztearen aita Amjad Amini atxilotu dute behin-behinean, eta ez diote utzi alabaren hilobia bisitatzen. GKE horrek erantsi du Aminiren etxearen ingurua poliziaz josita egon dela egun osoan, Saqezen, Iranen menpeko Kurdistanen. IRNA Irango agentzia ofizialak, aldiz, ukatu egin du Amjad Aminiren atxiloketa, eta adierazi albiste horren helburua dela herritarrak kalera ateratzea.
Hain zuzen, Iranengo Kurdistango hamahiru hiritan greba orokorra eta protestak egin dituzte gaur, zenbait eragilek eta alderdi politikok deituta, Hengaw Giza Eskubideen GKEak sare sozialean zabaldutako informazioaren arabera. Nazioartean ere izan dute gogoan Aminiren heriotzaren urteurrena, eta mobilizazioak egin dituzte; besteak beste, Australian, Japonian, Turkian edota Alemanian.
Mobilizazioei erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak hainbat militar bidali ditu Mahsa Aminiri lur eman zioten Aichi hilerrira. Kurdistanen bakarrik ez, Teheran eta Karaj hirietako kale nagusiak istiluen aurkako agentez bete dira. «Aminiren heriotza herrialdean ezegonkortasuna sortzeko aitzakiatzat hartu nahi dutenek, badakigu zer gertatuko zaien», esan zuen Irango presidente Ebrahim Raisik NBC telebista katean, urteurrenaren bezperan. Agintariaren ohartarazpenarekin batera, Irango Botere Judizialak ziurtatu zuen «eraginkortasunez» jokatuko zutela protesten aurrean: «Zerbitzu sekretuko langileak erne dabiltza».
Amini Teherango metro batetik irten zen iazko irailaren 13an, burua zapi beltz batez estalia zeramala. Harik eta Irango hiriburuko Polizia patruila batek inguratu zuen arte. Moralaren Poliziako kideak ziren: 1979ko Irango Iraultza Islamikoaz geroztik irandarren eguneroko bizitza arautzen duten janzkera eta portaeraren arau islamikoak betearazteaz arduratzen direnak. Poliziak Amini atxilotu zuen beloa «gaizki jarria» zuelako, eta komisariara eraman zuen. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen, eta irailaren 16an hil zen, hiru egunez koman egon ostean. Gurasoek argi utzi zuten ez zuela osasun arazorik atzeman aurretik, eta salatu zuten «jasandako torturen ondorioz» hil zela.
500dik gora hildako
Heriotzak haserre olatua eragin zuen Iranen eta batez ere herrialde horren menpeko Kurdistanen, azken lau hamarkadetan agintean dagoen sistemaren aurka egiteko. Emakume gazteek zein helduek protesten lidergoa hartu zuten, eta Emakumea, bizitza eta askatasuna leloak oihartzun handia izan zuen munduan, baita Heriotza diktadorea-k ere, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenari zuzenduz. GKEek salatu zutenez, Polizia «guztiarekin» oldartu zitzaien, manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko; besteak beste, borrak, negar gasa, ur kanoiak, gomazko balak eta benetako munizioa erabiliz.
Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeen arabera, liskarrak hasi zirenetik estatuko indarrek gutxienez 500 manifestari hil zituzten —tartean, 70 adingabe—, eta milatik gora atxilotu. Azken horietatik sei exekutatu egin zituzten, eta bat, jendaurrean.