Aurrez bezala, zeharka egin dute bilera Washingtonek eta Teheranek; Omanek Erroman duen enbaxadako gela banatan zirela, AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik Iranek garatutako programa nuklearrari buruz negoziatu dute mezu bidez, Omango Atzerri ministro Barr bin-Hamed al-Busaidi bitartekari zutela. Lau ordu inguru egon dira bilduta, eta, negoziazioei buruzko xehetasunik eman nahi izan ez duen arren, Araghtxik esan du «aurrera» doazela bi herrialdeen arteko elkarrizketak; are gehiago, «hurrengo faseetara» igaroko dira.
Irango IRIB telebista katean egindako adierazpenetan, Atzerri ministroak iragarri du datorren asteazkenean aditu talde bat bilduko dela Maskaten, «akordiorako esparrua diseinatzeko», eta larunbatean, berriz, hirugarrenez bilduko direla AEBetako eta Irango delegazioak: «Orduan aztertuko ditugu adituen emaitzak eta zein hurbil gauden hitzarmen baten oinarrizko elementuetatik». Ali Khamenei Irango aiatolak atzo esandakoak errepikatu ditu Araghtxik —gaur-gaurkoz, Teheranek ez duela arrazoirik «gehiegizko optimismoa edo pesimismoa» izateko—, eta erantsi du «lasaiki, bide moderatu bezain zentzuzkoa» jarraitu behar duela Iranek. Datorren astean, «posizio hobean» egongo dira ikusteko ea norantz doazen elkarrizketak.
Bilera amaitu ostean, Omango Atzerri Ministerioak adierazi du negoziazioak prest daudela «tratu justu, iraunkor eta loteslea» lortze aldera: «Bermatuko luke Iranek arma nuklearrik ez izatea, haren kontrako zigor ekonomikoak guztiz bertan behera uztea, eta helburu baketsuetarako energia nuklearra garatzeko duen eskubidea errespetatzea». Sare sozialetan adierazi duenez, elkarrizketek «abiadura» hartu dute: «Orain, ezinezkoa posible da».
Irango Atzerri ministroaren arabera, ez dute hitz egin akordio programa nuklearrarekin zerikusirik ez duen ezein gairi buruz; ez dute eztabaidatu, beraz, Iranen misil balistikoez zein Teheranek Ekialde Hurbileko zenbait talde armaturi ematen dien babesaz —hala Yemengo matxino huthiei nola Libanoko Hezbollah milizia xiitari—. Washingtonek horiei buruz hitz egiteko asmoa erakutsi du, baina Araghtxik atzo Moskun eman zuen prentsaurrekoan esan zuenez, «errealistak ez diren eskakizunek» ados jartzeko aukerak «murriztu» besterik ez dute egingo. Witkoffek asteon esan du Iranek armagintza programa eta uranioa aberastekoa laga behar dituela baldin eta nahi badute akordioak Ekialde Hurbilerako bakea ekartzea.
Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari orokorra ere Erroman izan da. Ez du parte hartu negoziazioetan, Araghtxiren arabera oraindik ez dagoelako horretarako beharrik, baina eskertu egin dio Grossiri bertan egotea: «Jakina, [IAEA] agentziak eginkizun berezia izango du balizko akordio batean, haren ardura baita Iranen konpromiso nuklearrak egiaztatzea eta haien jarraipena egitea; ez dugu onartuko beste inongo entitaterik». IAEAko zuzendari orokorraren arabera, AEBen eta Iranen arteko edozein akordiok agentziaren baietza behar du.
Irango agintariek esana dute beren helburua ez dela «arma nuklearrak» edo «bonba atomiko bat» sortzea. IAEAren otsaileko txosten baten arabera, Teheranek nabarmen hazi zuen %60raino aberastutako uranio kantitatea, 182,3 kilogramotik 274,8 kilogramora. Grossi zuzendari orokorrak «kezka» erakutsi zuen, Iran delako «maila horretaraino» uranioa aberasten duen eta arma nuklearrik ez duen estatu bakarra. Steve Witkoffek oraindik ez du iruzkinik egin gaurko bilerari buruz; aste honetan lehenago, ordea, esan zuen Iranek ez duela behar %3,67 baino gehiago aberastutako uranioa —muga hori ezartzen zuen, hain zuzen, 2015eko Iranen programa nuklearraren gaineko akordioak—.
Donald Trump AEBetako presidenteak utzi zuen bertan behera akordio hori, haren lehen agintaldian (2017-2021), argudiatuz Irani besterik ez ziola egiten mesede. Ituna 2015ean adostu zuten Iranek eta beste sei potentziak —AEB, Alemania, Europako Batasuna, Errusia, Txina eta Frantzia—, eta Ekialde Hurbileko herrialdearen programa nuklearra mugatzen zuen, potentzia horiek Irani ezarritako zigor ekonomikoak arintzearen truke. 2018an atera ziren akordiotik AEBak, eta, ordutik, Iranek nabarmen garatu du bere programa nuklearra. AEBek Irani eraso egiteko mehatxupean ekin zioten bi herrialdeek, joan den astean, programa nuklearraren gaineko akordioari buruz hitz egiteari.