Israelek Libanora soldadu gehiago bidalita erreakzionatu du

Iranek 200 misil inguru jaurti zituen atzo Israelgo lurretara, eta Tel Avivek esan du erasoari erantzungo diola. Iranen aurkako mendekua iragarri du Netanyahuk: «Erasotzen digunari egingo diogu eraso».

Israelgo armada, Israelen eta Libanoren arteko mugatik gertu, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo armada, Israelen eta Libanoren arteko mugatik gertu, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 2a
20:30
Entzun

Ekialde Hurbileko egoera are gehiago gaiztotu zen atzo. Iranek iragarritako mendekua hartu zuen Israelen aurka: 200 misil inguru jaurti zituen Israelera. Biharamunean, Israelek erantzun du: tropa gehiago eraman ditu Libano hegoaldera. Telegramen gaur zabaldutako mezuan, Israelgo armadak adierazi du erasoaldi «mugatuan, tokian tokikoan eta selektiboan» parte hartzeko bezainbeste soldadu bidali dituela Libano hegoaldera.

Hezbollahk, berriz, jakinarazi du gaur goizaldean Israelen eta Libanoren arteko muga zeharkatzen saiatu diren zenbait soldaduren aurka egin duela eraso: «Atzera egitera behartu ditugu». Geroago, baieztatu du Libano hegoaldeko Maron al-Ras herrian talde xiitaren eta Israelgo armadaren artean borrokan ari direla. Libanoko armadak, ordea, adierazi du Israelgo soldaduak Libanon sartu direla, baina atzera egin dutela. Israelgo armadak ere ziurtatu du Hezbollahrekin borrokan aritu direla; baita horietan Israelgo zortzi soldadu hil direla ere.

Libanoko Osasun Ministerioak adierazi du Israelgo armadak atzo 55 lagun hil eta 156 zauritu zituela. Eta bonbardaketekin jarraitzen du Israelek. Beirut hegoaldeko Dahieh auzoa ebakuatzeko agindua eman du goizean Israelgo armadak, hura bonbardatuko duelako. Hezbollahk auzo horretan presentzia duela argudiatuta egin du erasoa. Israelek irailaren 17an Hezbollahko hainbat kideren zenbait gailu elektroniko leherrarazi eta Hezbollahrekin duen gatazka areagotu zenetik, 2.000 lagun inguru hil ditu, eta, gatazkaren ondorioz, milioi bat barne desplazatu baino gehiago daude jada Libanon.

Iranen erantzuna

Iranek atzo Israel bonbardatu ostean, Teheranek adierazi zuen erasoaldia amaitu zuela. Gaur herrialdeko presidente Masoud Pezexkianek prentsaurreko batean ziurtatu du ez dutela gerrarik nahi, baina Tel Avivek «erantzutera behartzen» dituela. Israelek, ordea, nabarmendu du ez duela atzera egingo, eta jakinarazi du mendeku hartuko duela. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk bart kaleratutako oharrean hala ziurtatu du, behintzat: «Esan genuena mantentzen dugu: erasotzen digunari egingo diogu eraso».

Lehen ministroak esan du Iranek «akats larri bat» egin duela Israeli eraso eginda, eta azpimarratu du egindakoa «ordaindu» beharko duela. «Iran ez da jabetzen zein argi dugun geure burua defendatuko dugula», egin du mehatxu. Gainera, adierazi du Iranek atzo arratsaldean egindako erasoa «porrot bat» izan dela Teheranentzat, Israelgo defentsa sistemek behera bota baitzituzten misil gehienak. 

Teheranek, ordea, «eraso arrakastatsu bat» izan dela esan zuen atzo. Irango Guardia Iraultzaileak argitaratutako ohar batean, adierazi zuen jaurtitako misilen %90 ezarritako jomugetara iritsi zirela. Gaineratu zuen eraikin militarrak zirela erasoaren helburua: «[Hezbollahko buruzagi Hassan] Nasrallahren, [Hamaseko adar politikoko buruzagi izandako Ismail] Haniyehren eta [Hezbollahren Irango laguntzaile militar Abbas] Nilforushanen hilketak antolatu zituzten lekuen aurka egin dugu eraso, besteak beste». Israelek gaur esan du aireko armadaren zenbait egoitza jo zituztela misilek.

Irango lider goren Ali Khameneik, berriz, X sare sozialean esan du oldarraldia amaitu dutela. Hala ere, ohartarazi du Israelek eraso eginez erantzunez gero «errepresaliak askoz gogorragoak» izango direla. Iranek aurten Israelen aurka egin duen bigarren erasoa izan zen atzokoa; apirilean droneak jaurti zituen Israelgo lurretara, baina drone gehienak Israelgo defentsa sistemek eta Jordaniako, AEBetako eta Erresuma Batuko armadek eraitsi zituzten.

AEB Ameriketako Estatu Batuek berretsi dute prest daudela Israel defendatzeko. AEBetako presidente Joe Bidenek gaur goizaldean —atzoko arratsaldea Washingtonen— kazetariei esan die Israelekin hitz egiten ari direla «Irani nola erantzun» behar dioten erabakitzeko. Arratsaldean, G7ko liderrekin —munduko herrialde industrializatuenen taldea da G7a— batu ostean, esan du zazpi herrialdeetako liderrek uste dutela Israelek «erantzun proportzionala» eman behar diola Iranen erasoari. Teherani zigor gehiago jartzea ere eztabaidatu dutela jakinarazi du, baina ziurtatu du berak ez duela sustengatzen balizko eraso bat Irango azpiegitura nuklearrei —aurrez, nazioarteko zenbait hedabidetako analistek aukera horren berri eman dute—.

G7ko liderrek telefonoz hitz egin dute; NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, bestetik, New Yorken (AEB) batzartu da. Han, AEBtako ordezkari Linda Thomas-Greenfieldek aurrez Bidenek esandako hitzak errepikatu ditu eta gogorarazi du Washingtonek Tel Aviv babestuko duela: «AEBek erabat, erabat, erabat babesten dute Israel». Israelgo ordezkari Danny Danonek, ostera, Teheran ohartarazi du, esanez «prezio garestia» ordaindu beharko duela atzoko erasoengatik.

Ez da Washington Israel babestu duen Mendebaldeko herrialde bakarra. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek babesa adierazi zion Tel Avivi, atzo gauean argitaratutako bideo batean, eta nabarmendu zuen Israelek «bere burua defendatzeko eskubidea» duela. «Gaitzesten dut egoera izugarri arriskutsu hau areagotzeko eta eskualdea amildegitik inoiz baino gertuago bultzatzeko Iranen ahalegina», esan zuen Starmerrek.

Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik Israel babesten duten herrialdeei mezua bidali die, Ekialde Hurbileko gatazkan duten ardura azpimarratuz: «Israelen kideek dute orain ardurarik handiena, Tel Aviveko belizistak kontrolatzeko eta haien eromenarekin bat ez egiteko».

Iranek Israel bonbardatzen zuen bitartean, eraso bat gertatu zen atzo Tel Aviven. Zazpi lagun hil zituzten Jaffa auzoan. Gaur, bere gain hartu dute erasoa Izz ad-Din al-Qassam Brigadek, Hamasen adar militarrak. Poliziak jakinarazi duenez, erasotzaileetako bat hil zuten atzo, eta bestea zauriturik dago.

Beste bi fronte

Bestalde, goizaldean zenbait eraso egin ditu Israelek Gazan. Hiru eskola bonbardatu ditu zerrendan, «Hamasen gordelekuak» zirela argudiatuta. Reutersek kaleratu du, eskola horietan zeuden medikuak aipatuz, barne desplazatuen familiak baino ez zeudela bertan. Ez dute zehaztu zenbat lagun hil dituzten eskoletako erasoetan, baina, zerrendako Osasun Ministerioaren datuen arabera, gaueko erasoetan 60 palestinar hil dituzte gutxienez.

Iranen oldarraldia eta Libanoko eta Gazako fronteak ez dira Israelek zabalik dituen gatazka bakarrak. Iazko urriaren 7tik, zerrendaren aurkako sarraskia abiarazi zuenetik, Yemengo huthiek Tel Aviven aurka egin dute. Ohar bidez jakinarazi dute Itsaso Gorrian Israelen aurka egiten dituzten erasoekin jarraituko dutela —haren eta Erresuma Batuaren zein AEBen ontziei erasotzen diete—. Are gehiago, mezu berean, bere gain hartu dute Israelgo lurretan armadaren eraikin bati misil bidez eraso egin izana.

'persona non grata' izendatu dute guterres

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres persona non grata izendatu du Israelek. Hala jakinarazi du Atzerri ministro Israel Katzek. Adierazi du Guterres Israelen aurka dagoela eta Iranen erasoa ez duela «zalantzarik gabe gaitzetsi», eta horregatik hartu dutela erabakia: «Iranek Israelen aurka egindako eraso lazgarria zalantzarik gabe gaitzetsi ezin duenak ez du merezi Israelgo lurra zapaltzea». NBEren Segurtasun Kontseiluak egindako batzarrean, Guterresi babesa adierazi diote bost kide iraunkorretatik lauk; ez, ordea, AEBek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.