Iazko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, su eten bat adosteko bitartekaritza lanetan aritu da Qatar. Ordutik hona, dena den, behin bakarrik lortu du helburu hori, behin-behinean; horiek horrela, negoziazioetatik irtetea erabaki du Dohak, gobernuko Atzerri ministro Majed bin Mohammed Al-Ansarik gaur iluntzean jakinarazi duenez. Haren arabera, Qatarko Gobernuak hartutako erabakiaren berri eman die bai Israelgo Gobernuari, bai Hamas Palestinako erakunde islamistari, argudiatuta bere bitartekari lanak ez direla betetzen ari «hasieran jarritako helburuak».
Azken egunetan nazioarteko hainbat hedabidek Qatarren erabakiaren inguruko zurrumurruak zabaldu dituzte, baita Hamasen ordezkaritza politikoaren etorkizunari buruzko zalantzak ere, talde horrek Dohan baitu egoitza nagusia. Bada, Hamaseko iturri ofizialak aipatuz EFE berri agentziak kaleratu duenez, erakunde islamistak ez du, oraingoz, bulego hori uzteko agindurik jaso. Hamasen adar politikoak 2012. urtetik du Dohan bere egoitza nagusia.
Hilaren 22an beteko da urtebete Hamasek eta Israelek Gazaren aurkako oldarraldi honetarako menia bat adostu zuten aurreneko eta azkeneko alditik. Beste su eten bat adosteko lanetan jarraitzen dute gatazkaren bi aldeek eta bitartekariek —Qatar elkarrizketatik aterata, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Egipto—, baita Libanoko Gobernuak eta Hezbollahko ordezkariek ere. Nolanahi ere, hainbat hedabidek negoziazioen gertuko iturriak aipatuz egunotan kaleratu dutenez, ez dirudi luze gabe adostasun batera helduko direnik. Eta, horrela, Israelgo armadak Gazari eta Libanori eraso egiten jarraitzen du.
Libanoko hedabideek jakinarazi dutenez, Israelek berriro egin dio eraso, gaur goizaldean, Beirut hegoaldeari. Informazio horien arabera, Libanoko hiriburuko Dahieh auzoko lau eremu bonbardatu ditu. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek argudiatu du bonbardaketa horiek «helburu militarra» zutela; zehazki, talde xiitaren «helburuak» zituztela jomuga. Bestalde, gutxienez zazpi pertsona hil eta 46 zauritu dituzte kostaldeko Tyre hirian egindako bonbardaketa batzuetan, Libanoko Osasun Ministerioak esan duenez.
Azken orduetan Gazako zerrendari ere egin dio eraso Israelgo armadak; horietan, 44 pertsona baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Eraso horietako gehienak zerrenda iparraldearen aurka egin dituzte. Atzo iluntzean eremu hori ebakuatzeko agindua eman zuen Adraeek, sare sozialen bidez, argudiatuta miliziano palestinarrekin borrokak izaten ari zirela. Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuei erreparatuta, iazko urriaren 7az geroztik 43.500 pertsonatik gora hil ditu Israelek, eta 102.000 baino gehiago zauritu.
Gauzak horrela, nazioarteari ohartarazpen bat egin dio Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik: «Munduak jakin behar luke gerra hedatzen bada horren ondorioak ez direla soilik Ekialde Hurbilean nozituko. Segurtasun eta egonkortasun ezak beste eremu batzuetara zabaldu daitezke, baita oso urrun dauden horietara ere». Hezbollah milizia xiitaren buruzagi ohi Hassan Nasrallahren omenezko ekitaldi batean egin ditu adierazpen horiek, gaur goizean —irailean hil zuen Israelgo armadak Nasrallah—. Halaber, Gazarako eta Libanorako su eten bat adosteko aukera guztiei uko egin izana leporatu dio Israeli; nazioarteko komunitateari, berriz, «genozidio sionista» gelditzeko nahikoa ez egin izana.
Trumpen agintaldira begira
AEBetako presidentetzarako bozei adi egon da nazioartea asteon; orain, hurrengo presidentea hautatuta, munduko hamaika herrialde hasiak dira haren agintaldirako prestatzen. Horien artean, Ekialde Hurbilekoak. Irango SNN albiste agentziaren arabera, Irango Estrategia presidenteorde Mohammad Havad Zarifek telefonoz hitz egin du gaur Donald Trumpekin, urtarrilaren 20an berriro Etxe Zuriko giltzak hartuko dituen presidente hautatu berriarekin. Elkarrizketaren ondoren prentsari egindako adierazpenetan, Zarifek esan du Trumpek erakutsi beharko duela ez dituela «iraganeko politika okerrak» errepikatuko.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek ere hitz egin du Trumpekin, atzo iluntzean Palestinako WAFA berri agentziak jakinarazi zuenez. Horren arabera, Etxe Zuriko hurrengo maizterrak esan zion Abbasi lan egingo duela «gerra bukatzeko», eta, horretarako, «prest» dagoela berarekin eta gatazkaren parte diren guztiekin elkarlanean aritzeko.
IRANDAR BAT AUZIPETU DUTE AEB-ETAN, TRUMP HILTZEN SAIATZEA EGOTZITA
Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak atzo jakinarazi zuen irandar jatorriko gizon bat auzipetu dutela Donald Trump presidente hautatu berria hiltzeko plan batean parte hartzea egotzita. Farhad Xakeri izena du auzipetuak, eta, AEBetako Justizia Departamentuak komunikatu baten bidez adierazi duenez, aitortu du urriaren 7an jaso zuela Trump hiltzeko «enkargua». Informazio horren arabera, Irango Guardia Iraultzaileak eman zion enkargu hori. Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaek ukatu egin ditu akusazioak gaur, eta Israeli, AEBei eta «Irandik kanpo bizi den oposizioari» leporatu die guztia asmatzea, Teheranen eta Washingtonen arteko harremana «are gehiago gaiztotzeko».