Ebrahim Raisi Irango presidentea hil da

Gobernuburua eta Atzerri ministroa atzo eguerdian izandako helikoptero istripu batean zendu ziren, gobernuak baieztatu duenez. Presidentetzarako hauteskundeak ekainaren 28an egingo dituzte.

Ebrahim Raisi Irango presidentea zihoan helikopteroa. IRIB
Ebrahim Raisi Irango presidentea zihoan helikopteroa. IRIB
Julen Otaegi Leonet - Maddi Iztueta Olano
2024ko maiatzaren 20a
07:50
Entzun

Ebrahim Raisi Irango Islamiar Errepublikako presidentea helikoptero istripu batean hil dela baieztatu du gaur herrialdeko gobernuak. Ezbeharra atzo eguerdian gertatu zen: hiru helikoptero Ekialdeko Azerbaijan probintziatik abiatu ziren, eta, ordu erdi geroago, Raisi zihoan ibilgailuaren kontaktua galdu zuten. Hossein Amir-Abdollahian Atzerri ministroa eta Malik Rahmati Ekialdeko Azerbaijango gobernadorea ere bertan ziren, besteak beste. «Ebrahim Raisi Aiatola, Irango Islamiar Errepublikako presidentea, hil egin da, herrialdearen zerbitzura zegoen bitartean. Helikopteroak istripu bat izan du, baldintza meteorologikoengatik», esan du Teheranek, komunikatu baten bitartez.

Euriak, behe lainoak eta gune menditsuek ibilgailua bilatzeko lanak zaildu dituzte, eta gaurko ordu txikietan jakinarazi du Ilargi Gorriak helikopteroa aurkitu dutela herrialdeko ipar-mendebaldeko Varzeqan eskualdean, eta ez zegoela «bizitza zantzurik». Horixe bera berretsi dio Irango Gobernuko kide batek Reuters berri agentziari geroago, «kiskalduta» baitzegoen helikopteroa.Baieztapen ofiziala baino lehen, IrangoIRIB hedabide taldeak eta IRNA albiste agentziak ere presidentearen heriotzaren berri eman dute: «RaisiAiatola, gure herrialdeko presidente maitea, Varzeqan eskualdean hil da, eta Erresuma Gorenarekin bat egin du».

raisi
Ibrahim Raisi, iaz, artxiboko irudi batean. SERGEI BOBYLEV / EFE

Raisi Ekialdeko Azerbaijanen elkartu zen atzo goizean Ilham Aliyev Azerbaijango presidentearekin, bi urtegi inauguratzeko ekitaldi batean. Probintzia hartako Tabriz hiriburuan egitekoa zen hurrengo agerraldia, findegi baten obrak bisitatzeko; bidean, ordea, istripua izan zuten. Abiatu ziren beste bi helikopteroak arazorik gabe heldu ziren Tabrizera: Ali Akbar Mehrabian Irango Energia ministroa eta Mehrdad Bazrpash Etxebizitza eta Garraiokoa zihoazen horietan.

Konstituzioko 131. artikuluaren arabera, presidentetzarako bozak egin behar dituzte orain. IRNA albiste agentziak atzo iragarri zuenez, ekainaren 28an egingo dituzte. Bitartean, Mohammad Mokhber presidenteordeari dagokio, behin-behinean, presidente kargua hartzea. Irango lider gorenak, Ali Khameneik, eman du horren berri: «[Mohammad] Mokhberrek kudeatuko du botere exekutiboa». Atzerri ministro karguari dagokionez, iragarri dute Ali Bagheri Kanik ordezkatuko duela Amir-Abdollahian.

Dolu eguna Ekialde Hurbilean

Raisiren heriotzak ustekabean hartu du nazioartea, eta, bereziki, Ekialde Hurbila eta herrialdea bera. Bost eguneko dolua egitera deitu dituzte herritarrak Iranen, hiru egunekora Libanon, eta egun batekora Pakistanen. Palestinako Hamas erakunde islamistak prentsa oharra kaleratu du, Raisiri «egindako guztiagatik eskerrak» emateko. Hain justu, Israelek Gazaren aurka hasitako gerran, talde islamistaren babesle eta laguntzaile handienetako bat da Iran.

Eskualdetik kanpo ere berehala mintzatu dira hainbat herrialdetako agintariak. Herritarrei eta gobernuari «elkartasuna» adierazi diete Xi Jinping eta Recep Tayyip Erdogan Txinako eta Turkiako presidenteek, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eta Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek.

Israelek ez du, oraingoz, istripuaren inguruko adierazpenik egin, baina gobernuko iturri bat aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu duenez, ez dute ezbeharrarekin «zerikusirik» izan, adierazi dutenez. Bi herrialdeen arteko tentsioak gora egin du Israelgo armadaren eta milizia palestinarren arteko borrokek aurrera egin ahala, eta iragan apirilean jo zuen goia. Eraso bat izan zen Irango Isfahan hiriaren aurka, eta Iranek berehala jo zuen Israel eraso horren erantzuletzat. Egun gutxira, Israelera ehunka misil jaurti zituen Iranek. Nolanahi ere, bi herrialdeen arteko zuzeneko erasoaldia hor geratu zen, eta tentsioa zertxobait baretu da azken asteotan.

Elizgizon sutsua

Ezin liteke Raisi ulertu erlijiora jo gabe. Gaztetatik islamaren jarraitzaile sutsu eta ultrakontserbadorea izan zena, Irango Islamiar Errepublikako bultzatzaile eta erreferente nagusietako bat bilakatu zen, besteak beste, herrialdeko lider gorenarekin zuen gertuko harremanari esker; hain zen Khameneiren gertukoa, non zenbaitek haren ondorengotzat jotzen baitzuten.

Raisik Teheranen eman zuen ia bizi osoa, baina Maxdaden jaio zen, hiriburuko ekialdetik 850 kilometrora dagoen herrixka batean. Hemezortzi urterekin joan zen Teheranera, Qomgo seminarioan —erakunde horretan egiten dituzte euren ikasketak herrialdeko lider erlijioso gehienek— ikasteko. Nolanahi ere, Raisi ez zen soilik elizgizon bat, berehala izendatu baitzuten sayyid; Mahoma profetaren ondorengo zuzena.

Izendapen hori jaso ondotik, azkar egin zuen gora: Irango Auzitegi Goreneko presidenteorde izan zen 2004tik 2006ra, fiskal nagusia 2014tik 2016ra, eta Botere Judizialeko buru 2019an. Ibilbide judizialetik paisaia politikora egin zuen salto, lehenbizikoz, 2017an, presidentetzarako bozetara aurkeztu zenean. Boz horietan Hassan Rohani (2013-2021) moderatua nagusitu zitzaion arren, Raisik ez zuen pauso bat atzera eman, ezta haren hautagaitza babesten zuten figura boteretsuenek ere.

Hurrengo bozetan garaile izan zedila bermatzeko bidea zabaltzen hasi zen Zaindarien Kontseilua: betoa jarri zien hauteskundeetara aurkezteko asmoa zuten 600 pertsonen hautagaitzari, eta, azkenean, babes eta aukera gutxi zituzten hiru hautagai iritsi ziren, Raisiz gain, kargurako lehiara. Bozetan aise gailendu zen, baina herritarren %48k bakarrik eman zuten botoa, eta, hala, Irango Islamiar Errepublikako bozetan inoiz erregistratutako parte hartzerik txikiena izan zen urte hartakoa.

Eta, halere, haren garaipenari esker, herrialdeko paisaia politikoan inoiz baino espazio handiagoa bereganatu zuten fundamentalismo islamikoaren aldeko indarrek. Raisiren agintaldian protagonista izan dira emakumeen eskubideen eta askatasunaren urraketak; eta, horrekin lotuta, Mahsa Aminiren hilketaren ondorioz hasitako protestak. «Bizitza, emakumea, askatasuna» lema ozen aditu da hiru urteotan, nahiz eta Raisiren gobernuak errepresio bortitzarekin erantzun duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.