Abbas Araqtxi Irango Atzerri ministroaren arabera, bere herrialdearen «subiranotasunaren eta segurtasunaren urraketa barkaezin bat» izan zen Hamasen adar politikoko buruzagi Ismail Haniyeh Teheranen hil izana. Islamiar errepublikak Israeli leporatu dio Haniyehren hilketa, eta Araqtxik ohartarazpena egin dio Tel Avivi heriotza horregatik: Iranek erantzun bat emango du, «zehatza» eta «kalkulatua» izango dena.
Irango Atzerri Ministerioak gaur atera ditu argitara Irango Atzerri ministroaren adierazpen horiek, Italiako bere homologo Antonio Tajanirekin telefonoz izan duen bilkura batean egindakoak. Tajanik Araqtxiri eskatu dio Ekialde Hurbilean tentsioa baretzeko pausoak emateko, eta Irango diplomaziaren buruak erantzun dio bere herrialdeak ez duela tentsioa handitzerik nahi, baina, hala gertatuz gero, prest daudela egoera horretarako.
«Israelek Teheranen egin zuen eraso terroristari Iranek emango dion erantzuna behin betikoa izango da. Neurtua izango da. Ez diogu beldurrik [tentsioa] handitzeari, baina ez gabiltza horren bila, Israelek ez bezala», argudiatu du Irango Atzerri ministroak. Tel Avivek ez du ez onartu ez ukatu Haniyeh hil izana, baina inguruko herrialdeek, kasurako, uste dute hark hil zuela.
Eta Ekialde Hurbileko egoerarekin lotuta, Israelgo armadak eta Hezbollahk atzoko ordu txikietan elkarri egindako erasoez ere mintzatu da gaur Irango Gobernua, Atzerri Ministerioaren bozeramaile Nasser Kanaaniren bitartez. Kanaanik X sare sozialean idatzi du Israelek «disuasiorako indarra» galdu duela, eta orain, erasoan aritu beharrean, defentsiban dabilela. Horren erakusgarri da, haren arabera, atzo gertaturikoa: Israelgo armadak «badaezpadako eraso bat» egin zuen Libano hegoaldeko 40 bat eremuren kontra, eta, horren ondoren, talde xiitak Israelen 11 base militarren kontra egin zuen eraso. Hezbollahrena erantzun baten «lehen fasea» izan zen, Israelgo armadak uztailaren 30ean Fuad Xukr hil zuelako Beiruten, talde xiitaren komandanteetako bat.
Ben-Gvirren adierazpenak
Horri guztiari gehitu behar zaio, gainera, Palestinan gertatzen ari dena. Zisjordanian ere jarria dago arreta urriaren 7tik, eta are gehiago Israelgo Gobernua egiten eta esaten ari denengatik. Kasurako, hango Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek gaur esan du Jerusalemgo Meskiten Zelaigunean sinagoga bat egotearen aldekoa dela.
Hamasek berehala erantzun du, eta haserre agertu da adierazpen horrengatik. Are, ohar baten bidez, Zisjordaniako palestinarrak deitu ditu kolono juduen kontra egitera: «[Ben-Gvirrena] Iragarpen arriskutsu bat da. Erresistentzia adoretsuari eta gazteria iraultzaileari dei egiten diegu kolono banden eta etsai kriminalaren kontrako indarkeria handitzera». PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Presidentetzak ere komunikatu bat argitaratu du afera horretaz, eta hura ere kritiko agertu da, uste baitu Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak «eskualdea arrastaka eraman nahi» duela «denak erreko dituen gerra erlijioso batera». Horren guztiaren aurretik, Zisjordanian hamabost lagun atxilotu dituzte.
Gazari dagokionez, ez da aurrerapausorik izan beste menia bat ezartzeari buruzko elkarrizketetan, eta Israelek amaitutzat eman du negoziazio horien azken saila, atzo gauean jakinarazi zuenez.