Israelek Iran bonbardatzeari ekin zion joan zen ostiralean, eta Iran ez da besoak gurutzatuta geratu, bere burua defendatzeko eskubidea duela argudiatuta. Bada, egunak igaro ahala gehiago ari da gaiztotzen bi herrialdeen arteko erasoaldia. ABC News hedabidean gaur arratsaldean egindako agerraldi batean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ahoan bilorik gabe esan du Irango lider goren Ali Khamenei hiltzeak ez lukeela gatazka areagotuko, bukatu egingo lukeela baizik. «Egin behar dugun guztia egingo dugu», gehitu du.
AEBetako presidente Donald Trumpek egindako adierazpen batzuen inguruan galdetuta egin du mehatxua Netanyahuk. Hala, orain arte zurrumurruak baino ez zirenak baieztatu ditu Israelgo lehen ministroak. Izan ere, Reuters berri agentziak Etxe Zuriko iturriak aipatuz gaur goizaldean kaleratu duenez, Israelek Khamenei aiatola hiltzeko plana aurkeztu die AEBei, horretarako «aukera» duela argudiatuta, baina Trumpen administrazioak atzera bota du oraingoz: «Irandarrek hil al dute estatubatuarrik? Ez. Halakorik gertatu arte ez ditugu [Irango] lider politikoak atzemango, inondik inora», esan dute iturri horiek.
Bien bitartean, erasoek ez dute etenik: gaur arratsaldean Israelek ebakuazio agindu bat eman du, Teherango barruti batean; segidan, eremu horretan dagoen IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitzari egin dio eraso. Ordu batzuk lehenago, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du «Irango propagandaren bozgorailua desagertzear» zegoela. Horrez gain, salatu du herritarren kontra eginez «disuasioa» lortu nahi duela Teheranek, eta Irango herritarrek «ordaindu» egingo dutela «laster» eraso horiengatik. Geroago, baina, leundu egin ditu bere adierazpenak: zehaztu du ez dutela intentziorik «fisikoki min egiteko», Khamenei «diktadore hiltzaileak israeldarrei egin dien bezala».
🟥 BREAKING: Israeli Airstrike Hits Iranian TV During Live Broadcast
— Missu World Territory (@choudharymissu) June 16, 2025
🕒 June 16, 2025 – Tehran, Iran
🎥 A dramatic moment unfolded live on Iranian state TV as a missile strike shook the studio mid-broadcast. The anchor was seen fleeing on-air before the feed cut to pre-recorded… pic.twitter.com/Uf1B6jFWUC
Dena den, atzo kaleratutako oharrean, Irango Guardia Iraultzaileak esan zuen Israelgo «erregimen kriminalaren» eta «faltsuaren» kontrako erasoek aurrera jarraituko dutela, «guztiz suntsitu arte». Gainera, ezbaian jarri zituen Israelen defentsa sistemak, Iranen «operazio eraginkorrek, zehatzek eta are irmoagoek nahastu» egiten dituztelako. Pezexkian presidenteak, halaber, dei egin die herritarrei, elkarren arteko diferentziak albo batera utzi eta bat egin dezaten Israelen aurka: «Diferentziak eta arazoak albo batera utzi behar dira, eta irmo eutsi behar diogu eraso kriminal genozida honen kontra».
Iranek ostiral gauean bertan erantzun zuen ehunka drone eta misil balistiko jaurtiz, besteak beste Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen egoitzaren aurka. Irango Poliziak salatu du herrialdean bertan «sabotajea» egin nahi izan dutela Mossadeko agente zenbaitzuek, eta jakinarazi du gaur goizaldean horietako bi Teherango probintzian atxilotu dituela —droneak, jaurtigailuak eta lehergailuak egiteko materialak zeramatzaten—. Bestalde, Mizan agentziak kaleratu du Iranek preso bat urkatu duela, Mossaden «espioia» izatea egotzita.
Eraso horiei gehitu behar zaizkie, gainera, joan den ostiraletik izandakoak. Iranek bart gauean Tel Aviv eta Haifa hirietara jaurtitako misil sortak zortzi lagun hil ditu gutxienez Israelen, eta 92 ospitaleratu behar izan dituzte. Israelgo Poliziaren arabera, 23 israeldar hil dituzte bi herrialdeen arteko erasoaldia hasi zenetik; Iranen, berriz, 224 herritar hil dituzte Israelen erasoek, Osasun Ministerioak atzo adierazi zuenez.
Arma nuklearren auzia
Israelek adierazi du Iranen «programa nuklearrarekin lotuta dauden dozenaka azpiegitura eta base militar» direla bere erasoen helburu, eta bonba atomikoak egin ditzan galarazi nahi duela. Bada, Irango Atzerri Ministerioko Esmaeil Baqaei bozeramaileak gaur eman duen prentsaurrekoan adierazi du Irango parlamentua lege proiektu bat prestatzen ari dela NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik ateratzeko. Ituna 1970ean sartu zen indarrean, eta hura sinatzen dutenei arma nuklearrak izatea eta garatzea galarazten die, AEBei, Erresuma Batuari, Errusiari, Frantziari eta Txinari salbu. Israelek ez zuen ituna sinatu. Dena den, Baqaei bozeramaileak erantsi du Teheran suntsipen handiko arma nuklearrak garatzearen kontra dagoela. Masud Pezexkian Irango presidenteak ere gaur esan du Iranek «eskubidea» duela programa nuklearra energia kontsumora eta ikerketara bideratzeko —Ali Khamenei Irango lider gorenak mota horretako armak debekatzen dituen fatua bat du ezarria; alegia, islamean buruzagi erlijioso batek harturiko lege erabakia—.
Israelek Irango hainbat azpiegitura nuklear bonbardatu zituen ostiralean; tartean, Natanzekoa, herrialdeko handiena. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari Rafael Grossik gaur ziurtatu du Natanzen ez dagoela kutsadura erradiologikorik eta kimikorik, nahiz eta zentraleko azpiegitura elektrikoa suntsituta geratu den; arratsalde honetan, ordea, esan du balitekeela oker egotea: ardura gehien uranio hexafluoruro gasak ematen dio —lurrunkorra da, herdoilgarria, azala erre dezake eta hilgarria da arnastuz gero—. «Agentzia Iranen dago, eta han segituko du. Segurtasun baldintzek utzi bezain laster, ikuskapenei helduko diegu, NTPk galdegiten duen gisa», esan du Grossik gaur kaleratutako ohar batean. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia hori ezohiko bilera ari da egiten gaur, Vienan.
Hain zuzen, Baqaeik IAEAri eskatu dio «jarrera bat har» dezala eta gaitzets ditzala Israelek azpiegitura nuklearren kontra egindako erasoak. Era berean, Reza Najafi Iranek IAEAn duen ordezkariak gogoratu du «helburu bakezaleak» dituen instalazio nuklear bati eraso egiteak NBEren gutuna urratzea dakarrela, baita nazioarteko zuzenbidea eta IAEAren estatutua ere.
Hain zuzen, Israelek Iranen programa nuklearra jarri du jopuntuan, bonba nuklear bat garatu ahal izateko «urrats garrantzitsuak» egin dituelako, haren arabera. IAEAren azken txostenaren arabera, otsailetik maiatzera Iranek %50 areagotu du uranio aberastuaren ekoizpena. Ostiralaz geroztik, hainbat herritar, Irango armadako eta Guardia Iraultzaileko buruzagi eta zientzialari hil ditu Israelek.
Liderrak begira
Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoak telefonoz hitz egin dute, Kremlinek kaleratu duen ohar baten arabera, eta Israelen erasoak gaitzetsi dituzte. Horiek «berehala» eteteko eskatu dute bi buruzagiek, eta Iranek eta Israelek «bide politikoen eta diplomatikoen» bidez konpon dezatela oldarraldia. Mosku eta Ankara bitartekari lanak egiteko prest agertu dira, bide batez, Iranek berriro hel diezaien bere programa nuklearrari buruzko negoziazioei. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuak eta Iran Ekialde Hurbileko herrialde horren programa nuklearrari buruz ari dira negoziatzen; bost bider bildu dira apiriletik hona, eta atzo ziren egitekoak beste bilera bat. Bertan behera geratu zen, ordea, azken egunetako erasoengatik.
Testuinguru gorabeheratsuan elkartu dira munduko zazpi potentzia nagusietako liderrak: AEBetan Trumpen administrazioaren migrazio politiken protestek ez dute etenik; ezta Ekialde Hurbilean Iranen eta Israelen arteko erasoek ere. Halere, G7ak goi bilera egin du, Kananaskisen (Kanada), eta han dagoen Alemaniako kantziler Friedrich Merzek prentsari jakinarazi dionez, bada bileran parte hartzen ari diren lider europarrek komunean duten iritzi bat: Iranek ezin duela, «inondik inora ere», arma nuklearrik izan.
Bestalde, iturri ofizialak aipatuz CBS News hedabideak kaleratu du G7ko guztiak ados jarri direla Irani eta Israeli eskatzeko utz diezaiotela elkarri eraso egiteari; guztiek, AEBek izan ezik. Informazio horren arabera, Trumpek ez du eskaera hori barne hartzen duen zirriborroa sinatzeko asmorik.
POTENTZIA NUKLEARRAK ITUNETATIK «IRTETEN ari dira», sipri-ren arabera
Gerra Hotza 1991n amaitu eta gero hasi ziren AEBak eta Errusia beren bonba nuklearrak desegiten, baina SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak ohartarazi du gero eta arma nuklear gutxiago erretiratzen direla, eta gero eta gehiago sortu; hots, «erretorika nuklear oldarkorra» ari da gailentzen, eta potentzia nuklearrak «irteten ari dira» arma horiek kontrolatzeko hitzarmenetatik. Ikerketa zentroak urtero kaleratu ohi du arma nuklearren inguruko txostena, eta, haren ustez, litekeena da joera hori gailentzea datozen urteetan: «Badirudi arma lasterketa bat ari dela sortzen, eta aurrekoak [Gerra Hotzekoak] baino arrisku eta ziurgabetasun handiagoa ekarriko du», esan du Dan Smith SIPRIko zuzendariak.
Potentzia horiek beren programa nuklearrak berritzen jarraitu zuten iaz, eta SIPRIk zehaztu du 12.241 bonba nuklear dituztela —bederatzi herrialdek dituzte bonba nuklearrak: AEBek, Errusiak, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak, Indiak, Pakistanek, Ipar Koreak eta Israelek—. Aintzat hartzekoa da hamar bonbatik ia bederatzi AEBek eta Errusiak dituztela. Arma nuklearren herenak inguru misiletan edo gune militarretan daude; gainontzekoak, berriz, gordeta daude.