Iranek bukatutzat eman du Israelen kontrako erasoa, dozenaka drone eta misil jaurtita

Iranek 170 drone eta 150 misil bidali ditu gauean. Israelgo armadak ziurtatu du bere lurrera iritsi aurretik eraitsi dituztela gehienak, eta kalte gutxi eragin dutela. Iranek NBEri esan dio erasoa «amaitutzat» jotzen duela, Israelek erantzuten ez badu.

Iranek igorritako droneak, Israelgo zeruan, bideo batetatik hartutako irudi batean.
Iranek igorritako droneak, Israelgo zeruan, bideo batetatik hartutako irudi batean.
mikel p ansa
2024ko apirilaren 14a
00:25
Entzun

Egin du Iranek Israelen kontrako erasoa. Apirilaren 1ean Damaskon, Sirian, Irango kontsulatuaren aurka jo zuten, eta, Israelek eraso hori bere gain hartu ez zuen arren, mendekua iragarria zuen Iranek, eta larunbat gauean bota ditu dozenaka drone militar eta misil. Irango Guardia Iraultzaileak berak eman du gertatutakoaren berri, eta Israelgo armadak berretsi egin du. Azkeneko berrien arabera, 170 drone, 120 misil balistiko eta 30 gurutzaldi misil bota ditu. Israelgo iturrien arabera, lurra jo aurretik suntsitu dituzte gehienak; Irango Guardia Iraultzaileak, berriz, betetzat jo du helburua.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak «oso gogor» gaitzetsi du Iranen erasoa, eta borrokak berehala eteteko eskatu du. Europako Batasunak, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Frantziak ere berehala gaitzetsi dute Teheranen jokabidea. AEBek, berriz, adierazi dute Tel Aviv sustengatuko dutela erabat.

Teheran eta Tel Aviv artean 1.600 bat kilometro daude lerro zuzenean, eta Irakeko eta Jordaniako aire eremuak gurutzatu dituzte jaurtigai horiek. Sare sozialetako erabiltzaile batzuek grabatu dituzte drone eta misilen irudiak:

Irango hedabideek larunbat gau honetan jakinarazi dute Irango Gobernuak prestatu duen operazioa: aireko hiru eraso, droneekin, misil balistikoekin eta gurutzaldi misilekin. Irani eraso egiteko beren aire eremuak irekiko lituzketen herrialdeei eraso egingo lieketela ere ohartarazi du Teheranek. Israelgo armadako eledun Daniel Hagarik esan du misil eta drone gehienak airean eraitsi dituztela, eta oso gutxik lortu dutela beren helburua; Irango Guardia Iraultzaileak, aldiz, ziurtatu du helburua gauzatutzat jo dutela.

Afera, «amaitutzat»

Iranek Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak erakunde horri jakinarazi dio NBEren Gutuneko 51. artikulua erabili duela erasoa justifikatzeko, bere burua defenditzeko zilegitasuna duela argudiatuta. «Erregimen sionistak Damaskoko gure lokal diplomatikoen aurka egindako erasoari erantzuten dio Iranen ekintza militarrak», adierazi du Iranek NBEn duen ordezkariak. Eraso horretan zazpi iraniar, Irango Guardia Iraultzaileko kideak denak, eta sei siriar hil zituzten.

Iranen NBEko ordezkariak erantsi du afera «amaitutzat» eman litekeela larunbat gaueko erasoarekin, nolabait adieraziz eraso honen ostean ez dela besterik izango Israelek erantzuten ez badu: «Baina Israelgo erregimenak beste huts bat egingo balu, Iranen erantzuna dezente gogorragoa izango da». AEBei ere eskatu die auzi honetaz aparte egoteko.

Erasoa hasi eta gutxira —Iranen 21:00ak zirenen berretsi du erasoa hasi dela Guardia Iraultzaileak; Euskal Herrian 23:30 zirenean, beraz—, Ali Khamenei Irango buru gorenak mezua zabaldu du sare sozialetan: «Erregimen sionista zitala zigortuko dugu». Netanyahuk, berriz, erasoari erantzuteko prest daudela esan du gaur bertan: «Min egiten digunari mina egingo diogu; indartsu gaude».

Hezbollahk, berriz, jakinarazi du katiuxa misil batzuk jaurti dituela Israel iparraldera. Libanoko mugan ere tentsioa handia da azkeneko orduetan, eta Israelgo soldaduek ere egin dituzte zenbait operazio, Iranen erasoa hasi baino lehenago ere.

Droneak lurrera

Iturri militar batzuen arabera, ehun bat drone bota dituzte lurrera, Israelera iritsi aurretik. Jordaniako, AEBetako eta Erresuma Batuko armadek eraitsi dituztela jakinarazi dute. Iranek ohartarazpen gogorra egin dio Jordaniari: hura izango dela hurrengo helburu militarra, Israeli laguntzen badio. AEBei ere mehatxu egin die.

Jaurtigaiek helburu militarrak zituztela ziurtatu du Iranek. Israelgo militarren arabera, base militar batean bakarrik eragin dituzte kalteak. Neskato bat metrailarekin zauritu dela ere zabaldu dute.

Goiz partean, berriz, Ormuzko itsasartean itsasontzi bat bereganatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Israelgo dirudun handi batek partea du itsasontzi horretan, zabaldu dutenez, nahiz eta berez Portugalgo banderapean nabigatzen duen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.