Iranek esan du ez duela gerra nahi baina ez dela haren beldur

Irango Atzerri ministroa Ekialde Hurbileko zenbait agintarirekin batzartuko da gaurtik aurrera, erabakitzeko nola geldiarazi Israelen erasoaldia. Iranen aurkako edozein erasok erantzuna izango duela ohartarazi dio Tel Avivi.

Iranek iragan asteartean Israeli egindako erasoa irudikatzen duen publizitate hesi bat, Teheranen. «Gerra nahi baduzue, gerrako maisuak gara», dio persieraz. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Iranek iragan asteartean Israeli egindako erasoa irudikatzen duen publizitate hesi bat, Teheranen. «Gerra nahi baduzue, gerrako maisuak gara», dio persieraz. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 8a
15:30
Entzun

Iranek ez duela gerrarik nahi, baina beldurrik ere ez diola ziurtatu du gaur herrialde horretako Atzerri ministro Abbas Araghtxik. Iragan asteartean 200 misil inguru jaurti zituen Teheranek Israelgo lurretara. Ordutik, Tel Aviv iragartzen ari da eraso horrek erantzuna izango duela. Bada, balizko erantzun horren aurrean, Iran ez dago besoak gurutzaturik geratzeko prest: «Irango azpiegituren aurkako ezein erasok erantzuna izango du», ohartarazi du Atzerri ministroak. Gainera, azaldu du Teheran agertoki orotarako prest dagoela eta identifikatuak dituztela Israelen eraso egin beharreko jomuga guztiak. Irango Tasnim berri agentziak jaso ditu Araghtxik prentsaurreko batean esandakoak.

Bi herrialdeen arteko tentsio gorakada bete-betean, Israelgo armadak eraso egin dio Damascori, Siriako hiriburuari. Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiak jakinarazi duenez, al-Mezzeh auzoko etxebizitza bat bonbardatu dute, zeinetan Irango Guardia Iraultzaileko kideak bildu ohi diren. Gutxienez lau lagun hil dira erasoan. Israelek maiz egin ditu gisa horretako erasoak: hiriburu horren aurkako azken bonbardaketan, iragan astean, beste bost lagun hil zituen; horien artean, Hezbollahko buruzagi ohi Hassan Nasrallahren senide bat.

Nolanahi ere, eraso hori ez litzateke, printzipioz, Iranen misil jaurtiketaren erantzuna. Hori bai, herenegun Tasnim agentziak berak iturri militarrak aipatuz jakinarazi zuenez, Irango armadak, gutxienez, hamar «agertoki» landu ditu Israelen balizko eraso bati erantzuteko. «Iranen erantzunak ez du zertan Israelen ekintzaren parekoa izan, baina eraginkorragoa izan liteke», esan zioten iturriek berri agentziari. Iturri berek zehaztu zutenez, Israel txikiagoa da Iran baino, eta azpiegitura «gutxiago eta kalteberagoak» ditu.

Ekialde Hurbileko zenbait herrialdetako agintariekin batzartzen jarraituko du Araghtxik. Aurreko ostiralean, Irango lider goren Ali Khameneik Israelen aurka egitera deitu zituen herrialde musulman guztiak. Orain, Atzerri ministroa horietako zenbaitekin batzartuko da; Saudi Arabian egingo du lehen geldialdia, gaur. «[Israel] Egiten ari den krimenak geldiarazteko neurriak hartzen saiatzen ari gara», azaldu du.

Aurreko astean, Irango Atzerri ministroa NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren bilkuran mintzatu zen, New Yorken (AEB). Eta Beiruten eta Damaskon ere batzartu zen Libanoko eta Siriako agintariekin. Horrez gain, Irango ISNA berri agentziak jakinarazi du atzo telefonoz hitz egin zuela Egiptoko Atzerri ministroarekin. Israel Gazan eta Libanon egiten ari den erasoak geldiarazteko soluzio diplomatiko baten beharra aipatu zuten biek.

Urtebete, eta etenik ez

Israelen erasoek, baina, ez dute etenik. Atzo bete zen urtebete zenbait milizia palestinarrek —horien artean, Hamas eta Palestinako Jihad Islamikoa— Israelen kontra eraso egin eta 1.200 hildako eragin zituztenetik. Egun horretan, Tel Avivek are eta gehiago gogortu zuen Gazaren aurkako oldarraldia; ordutik, ia 42.000 lagun hil ditu Israelgo armadak han. Gaur bertan, Jabaliako errefuxiatuen kanpalekuari eraso egin dio, eta gutxienez 43 lagun hil dituztela jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak.

%80

Israelek Gazan hil dituen herritarretatik zenbat identifikatu dituzten. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, azken urtean Israelgo armadak Gazan hildako ia 42.000 herritarretatik 34.344 identifikatu dituzte. 

Zisjordanian ere oldarraldia areagotu du Tel Avivek iazko urritik. Gaur, Israelgo militarrek 30 palestinar atzeman dituzte hainbat sarekadatan, Preso Palestinarren Elkarteak jakinarazi duenez. Guztira, azken urtean, 11.200 palestinar baino gehiago hartu ditu atxilo Israelek, Zisjordanian.

Tropa gehiago Libanora

Palestinatik harago ere ari da erasoka Israelgo armada. Gaur, talde xiitaren aurkako operazioa Libano hego-mendebaldera zabaldu du Tel Avivek —aurrez hego-ekialdean aritu dira— ; eta tropa gehiago bidali dituela jakinarazi du armadak Telegrameko bere kanalean. Gainera, Libanoko Berri Agentzia Nazionalak azaldu duenez, Israelek bonbardaketak egiten jarraitu du herrialdearen hegoaldean, ekialdean eta Beiruten. Aire eraso batean Hezbollahko beste buruzagi militar bat hil dutela ziurtatu du Israelgo armadako bozeramaile batek, X sare sozialean; aurrez, irailaren 27an, talde xiitako burua hil zuten, Hassan Nasrallah.

Iazko urritik Tel Aviven eta Hezbollah Libanoko talde xiitaren arteko gatazka are gehiago gaiztotu da. Gainera, joan den irailaren erdialdean, Israelgo armada operazio militar gehiagoegiten hasi zen Libanon; eta urriaren 1ean, lurreko inbasioari ekin zion. Israelgo armadak adierazi du operazio horiek «mugatuak, tokian tokikoak eta selektiboak» direla, baina, egunez egun, soldadu gehiago bidali ditu, eta herri gehiago husteko aginduak ematen ari da.

Herritar bat Hezbollahko buruzagiorde Naim Kaserren hitzaldia ikusten, gaur Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Herritar bat Hezbollahko buruzagiorde Naim Kaserren hitzaldia ikusten, gaur Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE

Naim Kasem milizia xiitako buruzagiordeak gaur ziurtatu du Israelek ez duela Hezbollahren ahalmen militarra ahuldu. Libanoko Al-Manar telebista katean eman dituzte haren adierazpenak; horietan, Kasemek adierazi du Tel Aviven operazioa «porrot» bat izaten ari dela, eta Israelgo biztanle gehiago desplazatzea baino ez duela eragingo. Izan ere, Tel Aviven arabera, Israel iparraldeko biztanleak beren etxeetara itzuli ahal izateko ari dira Libanon borrokan. Hezbollahko buruzagiordeak, kontrara, uste du Israelgo armadak Libanoko herritarrak hil nahi dituela, herrialdean «kaosa» eragiteko. Baina, argi esan du: «[Israelek] Ez ditu bere helburuak beteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.