Iranek baieztatu du elkarrizketak hasiko dituela AEBekin, baina ez aurrez aurre

Trumpen arabera, elkarrizketa «zuzenak» izango dira; Teheranek esan duenez, «zeharkakoak». Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik eta AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek zuzenduko dituzte negoziazioak, eta Oman izango da bitartekaria.

Emakume bat AEBen aurkako mural baten aurrean, atzo, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat AEBen aurkako mural baten aurrean, herenegun, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 8a
19:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbatean hasiko dira hizketan Teheran eta Washington, Omanen, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik gaur goizaldean sare sozialetan baieztatu duenez. Araghtxik zehaztu du elkarrizketak «zeharkakoak» izango direla. Atzo gauean aurreratu zuen berria Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin Etxe Zurian batzartu ostean, kazetariei iragarri zien AEBak Iranekin hizketan hasiko direla Teheranen programa nuklearraren inguruan. Etxe Zuriko maizterrak, ordea, azaldu zuen elkarrizketak «zuzenak» izango direla.

Kazetariek bilkuraren formatuaz galdetu diotenean, Araghtxik berretsi du «zeharkakoa» izango dela: «Bart txio batean azaldu nuen moduan, larunbatean hasiko ditugu negoziazioak, Omanen. Negoziazioak zeharkakoak izango dira, eta ez dugu elkarrizketetarako beste inolako formaturik onartuko». Gaur arratsaldean egin ditu adierazpen horiek, Aljerren —bisita ofizial bat egiten ari da Aljerian—. Halere, Irango Atzerri ministroarentzat, «garrantzitsuena ez da» negoziazioen formatua. Harentzat, elkarrizketak baliagarriak izatea da funtsezkoa, baita aldeek akordio bat erdiesteko asmoa edukitzea ere.

Elkarrizketak zeharka egitea, hau da, bitartekari baten bidez —kasu honetan, Oman— «ohikoa» dela ziurtatu du Araghtxik. Eta adibide gisa, aipatu du Errusia eta Ukraina modu horretan ari direla negoziatzen: «AEBak ari dira elkarrizketa horiek bideratzen, izan ere, bi aldeak ez daude prest aurrez aurre batzartzeko». Araghtxik gaineratu du berak eta AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek zuzenduko dituztela elkarrizketak, eta bitartekari lanetan Omango Atzerri ministro Badr al-Busaidi arituko dela.

Irango Atzerri ministroak jakinarazi duenez, negoziazioetan, Teheranen asmoa zera izango da, Irango herritarren eskubideak defendatzea eta Irani ezarritako zigorrak kentzea. Eta ziurtatu du Iranen programa nuklearra «baketsua eta zilegia» dela. Trumpek atzo ohartarazi zuenez, programa nuklearraren inguruko elkarrizketek ez badute arrakastarik, Iran «arrisku larrian» egongo da.

Harago joan da Netanyahu: Iranenen instalazio nuklear guztiak suntsitu ezean, akordiorik ezingo dela erdietsi ziurtatu du gaur, haren bulegoak zabaldutako bideo adierazpenetan. Eta gehitu duenez, AEBak eta Iran ez badira adostasun batera heltzen, eta elkarrizketak luzatzen badira, «aukera militarra» erabili beharko dute.

2015ean, AEBek, Txinak, Errusiak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak akordio bat egin zuten Iranekin, zigorrak kentzearen truke, Teheranen programa nuklearra mugatzeko. Bada, Trumpek bertan behera utzi zuen itun hori bere lehen agintaldian (2017-2021), AEBak akordiotik aterata.

«Mendekua», Gazan

Atzo, Trumpen eta Netanyahuren bilkuraren ostean, Israelgo lehen ministroak jakinarazi zuen Hamasek bahitutakoak askatzeko beste akordio bat negoziatzen ari direla, eta berriz ere mintzatu zirela palestinarrak Gazatik kanporatzeko asmoaz. Horri erantzunez, gaur Palestinako Jihad islamikoak ohar bat kaleratu du, eta salatu asmo horiek Gazako biztanleen eskubideak urratzen dituztela. Gainera, Hamasek ohartarazi die erasoak areagotuta ez dutela lortuko bahituak askatzea. Gazako erakunde islamistak, bere Telegram kanalean zabaldutako komunikatu batean, ziurtatu du gatibuak askatzeko bide bakarra negoziatzea dela. Horrez gain, «herritar errugabeen aurka mendeku hartzea» leporatu dio Tel Avivi.

Atzotik, Israelgo armadaren erasoek gutxienez 58 hildako eragin dituzte zerrendan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Eta martxoaren 18an su etena hautsi zuenetik, jada ia 1.500 palestinar hil ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.