Goizaldean «leherketak» izan dira Isfahango aire eremuan, eta Iranek aireko defentsa sistema aktibatu du «objektu susmagarri batzuk» suntsitzeko. Eztanda horien jatorria sistema bera izan dela argitu du Siavosh Mihan-Dust Irango armadako komandanteak: «Isfahango defentsa sistemak objektuak suntsitzeko eginiko tiroek sortu dute leherketa hotsa». Gainera, Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek esan du leherketek ez dutela kalterik eragin. Beste goi funtzionario irandar batek Reuters berri agentziari jakinarazi dio Teheranek ez duela «berehala» erantzuteko asmorik.
Izenik eman ez duen iturri batek ukatu egin dio albiste agentzia horri «kanpoko erasorik» jasan izana: «Ez da baieztatu gertakaria kanpotik etorria denik. Ez dugu kanpoko erasorik izan, eta, erasoa baino gehiago, badirudi infiltrazioa izan dela». Teherango beste iturri batzuek ere garrantzia kendu diote gertakariari. Hossein Dalirian Irango Espazio Agentziako bozeramaileak X sare sozialean azaldu duenez, «oraingoz ez dago» misil erasorik egon dela «baieztatzeko daturik». Halere, gertakaria dela eta, hainbat orduz itxi dute Isfahango aire eremua, eta eten egin dituzte hegaldiak. Baina martxan dira berriz.
Israelek, bestalde, ez du ezer esan. Gobernuak ez du adierazpen ofizialik egin, baina AEBetako zenbait hedabidek Tel Aviv jo dute gertakarien erantzuletzat. Izenik eman ez duen Israelgo funtzionario batek The Washington Post egunkariari adierazi dionez, Israelek erakutsi nahi zuen «gaitasuna» duela Iran barruan eraso egiteko. Irango Atzerri ministroak, ordea, erasoaren tamaina izan zena baino «handiagotzat» jotzea leporatu zien, atzo, «Israelekin lotutako hedabideei».
Ez dago argi zer gertatu den, baina, azken egunetako gertakariak aintzat hartuta, eta AEBetako hedabideei kasu eginez gero, Israelek mendeku hartu du, eta eraso egin dio Isfahan hiriko aireportuari. Ikerketa atomikorako lau erreaktore nuklear daude hiri horretan; are gehiago, Iranek dituen mota horretako zentroen artean garatuena da. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, halere, adierazi du erasoek ez dutela kalterik eragin zentroan. Baina Israelgo The Jerusalem Post agerkariak adierazi du Tel Avivek mezu bat helarazi nahi izan diola Teherani. «Oraingo honetan erabaki dugu zuen azpiegitura nuklearrei ez erasotzea, baina egin genezakeen», aipatu diote zehaztu gabeko zenbait iturrik hedabide horri.
Bien bitartean, eztabaida sortu da Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindarrak X sare sozialean zabaldu duenaren harira. Hitz bakarreko mezu bat idatzi du, hebreeraz: «Eskasa». Hitz horrekin, Israelgo oposizioko buru Yair Lapidek ulertu du Ben-Gvirrek gaitzetsi egin duela erasoa mugatua izatea. Eta, salatu duenez, ministroak herrialdea «gutxietsi eta lotsarazi» besterik ez du egin mezua zabalduta.
Bestalde, Frantziako Poliziak jakinarazi du gizon bat atxilotu dutela Iranek Parisen duen enbaxadan. Atxilotua eguerdian sartu da enbaxadaren eraikinera, soinean lehergailuak zeramatzala esanez. Poliziak gizona atxilotu ondoren baieztatu duenez, baina, gizonak ez zeukan ez lehergailurik ez armarik. Oraindik itxita dago eraikinaren ingurua, «segurtasunagatik».
Tentsioa, areagotzen
Igandean, Iranek Israeli eraso zion, apirilaren 1ean Israelek Damaskon, Sirian, Irango kontsulatuaren aurka jo ostean —Tel Avivek ez du bere gain hartu azken hori—. Mendekua iragarria zuen Iranek, eta dozenaka drone militar eta misil bota zituen larunbat gauean. Irango Guardia Iraultzaileak berak eman zuen gertatutakoaren berri, eta Israelgo armadak berretsi egin zuen. 170 drone, 120 misil balistiko eta 30 gurutzaldi misil bota zituen. Israelek lurra jo aurretik suntsitu zituen gehienak, baina esan zuen erantzun egingo zuela.
Azken egunetan nazioartea ahalegindu da Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin ez dezan, besteak beste Teheranen aurkako zigor gogorragoak onartuz. Teheranek gaurko gertakariari garrantzia kendu eta hirian «normaltasuna» nagusi dela nabarmendu badu ere, gertatutakoak koska bat areagotu du bi estatuen arteko tentsioa.
Nazioarteak kezka agertu du gaurko gertakariek bi herrialdeen arteko gatazka areagotuko ote duten. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Irani eta Israeli eskatu die tentsio gorakada «geldiarazteko»: «Behar-beharrezkoa da eskualdea egonkor iraunaraztea eta alde guztiek ekintza gehiago egiteari uko egitea».
Halaber, munduko herrialderik industrializatuenek osatzen duten G7 taldeko Atzerri ministroak Capri uhartean (Italia) elkartu dira azken hiru egunetan. Gaur, Iranen eta Israelen arteko gorabeheren harira, komunikatu bat zabaldu dute: «Talde guztiei eskatzen diegu lan egin dezatela tentsioa ez dadin are gehiago handitu. G7k lanean jarraituko du». Horrez gain, Gazarako su etenaren alde eta Israelek Rafahri eraso egitearen aurka agertu da taldea.
Bilkuraren ostean, Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroa aritu da bozeramaile lanetan; besteak beste, adierazi du Israelek AEBei «azken orduko» informazioa helarazi diela Iranera bidalitako droneen inguruan. AEBetako Atzerri ministro Antony Blikeni ere galdetu diote Tajanik esandakoen inguruan, eta hauxe erantzun du: «AEBek ez dute parte hartu inolako eraso operaziotan». Gainera, Blinkenek esan du AEBek Israelen segurtasuna bermatzeko konpromisoa dutela.
Tentsioa areagotu den honetan, AEBetako Gobernuak Israelen dituen langileei eta haien familiakoei eskatu diete ez ateratzeko Tel Aviveko, Jerusalemgo eta Beer-Xevako hiriguneetatik. Gaurko gertakarien harira, Washington beldur da Teheranek Israeli eraso egingo ote dion. Era berean, Australiako Gobernuak Israelen eta Palestinako lurralde okupatuetan dauden herritar australiarrei gomendatu die alde egiteko handik.
AEB-EK ETA EB-K KOLONO JUDUEN AURKAKO ZIGORRAK ONARTU DITUZTE
Israelek Mendebaldean dituen aliatu nagusiek, AEBek eta EBk, Iranen industria militarraren aurkako zigorrak onartu zituzten atzo. Bada, gaur, kolono juduen aurkako zigorrak iragarri dituzte biek: batetik, Europako talde komunitarioak onartutako zigorrek lau pertsonari eta bi erakunderi —biak eskuin muturreko talde juduak— eragingo diete; bestetik, Washingtonek ezarritako zigorrek eskuin muturreko ekintzaile eta Israelgo Segurtasun ministro ohi Ben-Gvirren aholkulari ohi Bentzi Gopsteini eta Mount Hebron funtsari eta Xlom Asiraich gobernuz kanpoko erakundeari eragingo diete. EBren eta AEBen arabera, zigortutako pertsona eta erakunde horiek giza eskubideak urratu dituzte Zisjordanian bizi diren palestinarren aurka egindako hainbat ekintzetan.