Seanna Walsh. IRAko preso ohia

«IRAko presook ez genuen onartu trukerako txanponak izatea»

Gose grebaren garai gogorrenak sufritu zituen Walshek kartzelan. Presoen sakrifizioa mugarria izan dela dio, egungo egoera ulertu ahal izateko. «Sinn Fein da orain Irlanda osoko alderdi handiena».

Adrian Garcia.
Donostia
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bobby Sandsen ziegakidea izandakoa da Seanna Walsh (Belfast, Irlanda, 1956). Gatazka gehiena eman du kartzelan, 21 urte denera. 16 urte zituela sartu zuten lehen aldiz espetxean. «Banku batean lapurreta egin genuen IRArentzat dirua biltzeko». Preso politikoen erresistentziaren garai gogorrenen protagonista izan da Walsh, eta adiskide asko hiltzen ikusi ditu. Oraindik hunkitu egiten da Sandsek utzitako legatuaz hitz egiten duenean. Belfasteko zinegotzia da orain, Sinn Fein alderdikoa. Eta beste preso ohiekin horrenbeste urtean ehundutako harremanari eusten dio: Coiste preso errepublikanoen sarearen arduradunetako bat da. Euskal Herrian izan da egunotan, eta euskal preso ohiekin eta beste eragile batzuekin partekatu ditu esperientziak eta ideiak. Atzo, hizlari aritu zen Errenteriako manifestazioan (Gipuzkoa).

Ipar Irlandan askotan deskribatu izan dira espetxeak gatazkaren beste fronte bat bezala. Barruan gertatzen zenak nola eragiten zuen kanpoan?

Britainiarren politikaren errua izan da hori. Haiek erabaki zuten gerra kartzeletara eramatea, 1976an presooi estatus politikoa kendu zigutenean. Ordura arte espetxeak ez ziren horren gatazkatsuak. Erresistentzia eta arazoak bazeuden, baina ez zuen zerikusirik presoen protestek sortutako egoera larriarekin. Britainiarrek sortu zuten fronte hori. Guk, preso errepublikanook, beti pentsatu izan dugu gatazka amaitzean kartzelatutako guztiak askatuko zituztela.

Londresen espetxe politikaren aldaketa bizi izan zenuen zuk. Nola aldatu zen IRAko presoen bizimodua?

Lehen aldiz sartu nintzenean kartzelan, 1973an, gure bizimoduaren kontrol osoa genuen. Kartzela barruan, noski: gure arropak janzten genituen, gure bizitza antolatzen genuen, gure ikasketa programak diseinatzen genituen, kirola egiten genuen, eskulanak... Espetxe funtzionarioek goizean goiz atea irekitzen ziguten, zenbatu egiten gintuzten, eta gauean berdin. Horixe zen guztia.

1976an abiatu zuen Londresek kriminalizazio prozesua.

Bai, eta erresistentzia aukeratu genuen. Lehen presoa biluzi zutenean, eta presoen uniformea eman ziotenean, erantzun hau eman zuen: «Uniformea janzteko era bakarra nire bizkarrean iltzatzea izango da». Oheko maindirea jarri zuen soinean, eta horrela sortu zen protesta modu berria. Gose grebaren amaiera arte iraun zuen maindireen protestak, 1981eko urrira arte.

Erresistentzia era asko erabili zenituzten presook. Denetan gogorrena gose greba izan zen: hamar pertsona hil ziren. Zein eragin izan zuen grebak?

Hasiera batean, pentsa liteke britainiarrek irabazi zutela gose greba: ez genuen lortu estatus politikoa, eta gure adiskideetako hamar hil ziren. Haatik, britainiarrek galdu egin zuten joko politikoa. Munduaren aurrean agerian geratu ziren, erregimen basati baten moduan. IRAko presoak kriminalizatu nahi izan zituzten, eta haien ekintzak bistarazi zuen ez ginela preso arruntak. Eragin handia izan zuen, ez bakarrik nazioartean, baita Irlandan ere; testuinguru egokia sortu zuen errepublikanoek politikan bete-betean parte hartzeko. Egun, Sinn Fein da Irlanda osoko alderdi handiena. Eta dena gose greba horrekin hasi zen.

Bobby Sands da gose greba horren ikurra. Ia 40 urte igaro dira, eta oraindik ezaguna da haren legatua. Nola azal zenezake haren irudiaren indarra?

Ez nintzateke ausartuko Bobbyren indarraren zergatia azaltzen. Interesa duen edozeini aholkatuko nioke hark utzitako literatura irakurtzeko: haren poesia, egunerokoa, ipuinak... Horrek ematen du zantzu bat haren eskuzabaltasunaren, indarraren eta jakinduriaren inguruan. Bobby lehen aldiz ezagutu nuenean, tipo arrunt baten itxura zuen. 18 urte zituen; nik, 16. Ume batzuk ginen. Protesta garaietan, anabasaren erdian eta presio hori guztia jasaten ari ginela, Bobby agertu zen, lidergo gaitasun izugarri horrekin, eta konpromiso politikohautsezinarekin. Irlandako gazteek behar zuten lider sinboliko bihurtu zen, eta Irlandako historiaren norabidea aldatu zuen.

Nolakoa izan zen presoen parte hartzea bake prozesuan?

Preso errepublikanook ohar bat atera genuen negoziazioen atarian: ez genuen onartu IRAko presoak trukerako txanponak izatea negoziazioetan. Hasteko, gatazkara eraman gintuzten auziak konpondu behar ziren, bost urte geroago berpiztu ez zedin. Hori egin gabe, ezin zitzaion presoen gaiari heldu, berriro ere presoak egongo baitziren etorkizunean. Gu gatazkaren sintoma bat ginen; erroetara joan behar zen hura konpontzeko.

Presoen familiek zer rol jokatu zuten prozesu horretan?

Presook ongi genekien kanpoan gauza garrantzitsuak gertatzen ari zirela. Errepublikanoen buruzagiek bisitak egiten zituzten kartzeletara, Martin McGuinnessek eta Gerry Kellyk, batez ere. Bake prozesuaren berri ematen ziguten, eta, horrela, bagenekien gauzak aurrera zihoazela, eta mugimenduaren zati handiena batuta zegoela. Baina, nire ustez, giltzarria izan zen familien rola. Gu bake prozesuaren defendatzaile bilakatu ginen, eta gure familiak lasaitzen genituen prozesuaren inguruan. Konbentzituta ikusten gintuzten, eta hartu beharreko bideaz konbentzitzen genuen gure ingurua. IRAk ahal zuen urrutien eraman gintuen, baina bazen garaia atzera egin zezan.

Ostiral Santuko Akordioarekinpresoak aske geratu ostean, nolakoa izan zen haien integrazioa gizartean?

Presoak aske geratzean komunitateetara itzuli ginen, eta uste genuen baino errazagoa izan zen integrazioa. Irlandako nazionalisten buruan presoek beti izan dute leku berezi bat. Komunitateen eta presoen arteko lotura betikoa da, eta kartzelatik ateratzean ongietorriak eta festak egin zituzten. Gerora ikusi dugu IRAko buruzagi ohiek politikako postu nabarmenak eskuratu dituztela, McGuinnessek berak, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.