Mundua

Iraken menpeko Kurdistan bonbardatu du berriz Irango armadak

Bere aurka borrokatzen den PEJAK gerrilla taldeak Hego Kurdistanen aterpetzeko dituen baseak suntsitu nahi ditu Teheranek.

2008ko uztailaren 18a
17:18
Entzun
Gehienetan Turkia izaten bada kurduen aurkako bonbardaketak egiten dituena -bai bere menpeko lurretan, Ipar Kurdistanen, bai Iraken menpekoetan, Hego Kurdistanen, Irango Gobernua ere ez da atzean geratzen. Hil honetan dagoeneko hiru bider bonbardatu ditu Irango armadak Hego Kurdistango mendiak, han aterpetzen den PEJAK Kurdistango Bizitza Librearen Alderdiaren gerrilla taldea jo nahian. Atzo eta gaur artean egin du hirugarren bonbardaketa. Ez da biktimarik izan.

PEJAKen aliatuak ere, PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla taldeak, Irakeko Kandil mendiak izaten ditu babesleku, baina nagusiki Ipar Kurdistandik ekiten du Turkiaren aurka, honek okupatzen dituen lurretan. PEJAKek, aldiz, Eki Kurdistanen du jatorria, Iranek kontrolpean duen Kurdistango zatian.

Atzo eta gaur arteko bonbardaketez mintzo, Pishdar barrutiko alkate Hassan Abdulak adierazi du Irango armadaren obusek "hainbat eremu erre" dituztela. Barrutia Suleimania probintzian dago.

Kandil mendietan aterpetzen den PKK-ko ordezkari batek, Ahmed Denizek baieztatu du Pishdar barrutiko Zharawe, Sangasar eta Sidakan azpibarrutietan bonbardaketak jasan dituztela, baina ez du xehetasun gehiago eman.

Inguruko herritar batek, Bajiz Aziz deituak, azaldu du bart bere baratzea ureztatzen ari zela hasi zela bonbardaketa, eta berak eta Shinaweko herrikideek korrika ihes egin behar izan zutela. Shinawe Iranen menpeko Kurdistanekiko mugatik gertu dago, eta herritar horren esanetan, bonbardaketen ondorioz ezin dute azienda behar bezala elikatu eta baratzeak zaindu.

PEJAK gerrilla 2004an sortu zuten, eta Iranen menpeko Kurdistanen independentzia exijitzen du. Iranen bada Kordestan izeneko probintzia bat, baina ez du bere menpeko Kurdistan osoa hartzen, Iraken menpeko Kurdistanen gobernu autonomoak hango lurralde kurdu osoa hartzen ez duen bezala.

PEJAKek, Irango kurduen eskubideak defendatzeaz gain, Turkia, Irak eta Siriaren menpeko kurduen eskakizunekin bat egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.