Iraken 46 lagun hil dituzte, Bagdaden eta Mosulen izandako atentatuetan

AEBetako soldaduak ekainaren 30ean hiri nagusietatik erretiratu zirenetik, erasoak areagotu egin dira

2009ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Irakeko Polizia iturrien arabera, gutxienez 46 pertsona hil eta beste 215 zauritu zituzten atzo, Bagdaden eta Jaznan izandako bonba atentatuetan. Mosuletik hogei kilometro eskasera dagoen azken herri horretan izan zen erasorik bortitzena. Han, lehergailuz beteriko bi kamioi aldi berean zartarazi zituzten, mezkita xiita baten inguruan. Ondorioz, 30 lagun hil eta 135 zauritu ziren; horien artean, agureak eta haurrak. Eztandaren indarraren ondorioz 40 etxebizitza jausi zirela eta erreskate taldeak bizirik egon litezkeen pertsonak hondakinen artean bilatzen ari direla adierazi zuten iturri horiek.

Irakeko hiriburuko bi auzotan ere bi bonba-auto zartarazi zituzten goizean. Leherketen ondorioz, hamasei pertsona hil eta beste 135 zauritu ziren. Lehenengo eztanda xiitak gehiengoa diren Al Amel auzoan izan zen, Bagdadeko hego-mendebaldean. Han, pertsona asko bildu ohi dira lana aurkitzeko asmoz. Erasoan zazpi lagun hil eta beste 46 zauritu zituzten. Bigarren leherketa, Al Shurta auzune xiitan izan zen; lanera zihoazen beharginak harrapatu zituen erasoak, eta, ondorioz, bederatzi pertsona hil ziren, eta 36 ospitalera eraman zituzten.

Etnien arteko tirabirak

Ez da gisa horretako atentatuak izaten diren lehen aldia. Iragan uztailaren 31n, xiiten tenplu sakratuen aurkako bost erasotan 29 lagun hil zituzten, Bagdaden eta inguruko herrietan. Mosulen ere ohikoak izaten dira etnien arteko atentatuak eta aurrez aurrekoak. Han kurdu eta arabiarren arteko tirabira areagotu egin da azkenaldian, eta horrek gerra zibila pizteko arriskua handitu du. Gainera, Mosul Irakeko bigarren hiri nagusia da, eta Al Kaedaren gotorleku garrantzitsuena.

Iragan ekainaren 30ean AEB Ameriketako Estatu Batuetako soldaduak Irakeko hiri nagusietatik erretiratu zirenetik, atentatuak, erasoak eta aurrez aurrekoak nabarmen areagotu dira. Azken urtean indarkeriaren egoerak hobera egin badu ere, erresistentziako milizianoek atentatu bortitzak egiteko gaitasuna dutela erakutsi dute azken ekintzekin. Izan ere, atzoko erasoak ongi antolatuta eta koordinatuta zeuden, eta ahalik eta min handiena egiteko helburua zuten. Ekintzaileek ez zuten neurririk hartu biktimen artean haurrak eta zaharrak izan ez zitezen. Horregatik, Irakeko Gobernuari bidalitako mezu mehatxagarritzat jo daitezke azken ekintza armatuak. Estatubatuarrek segurtasunaren ardura irakiarrei eman zietenetik, zeregin hori betetzeko Jalal Talabaniren gobernuak duen gaitasuna zalantzan jarri dute askok. Presidenteak ezingo duela jendea erasoetatik babestu diote herritar ugarik. Irakeko buruak, hala ere, lasaitasunerako deia egin die herritarrei, baita konfiantza izan dezatela eskatu ere. Dena kontrolpean dagoela eta milizianoak gutxiengoa direla dio Talabanik.

Aurreko astean, bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak Iraken duen misioa urtebetez luzatuko duela iragarri zuen. Horren helburua herrialdeko «instituzio demokratikoak indartzea» dela adierazi zuten. Horrela, hurrengo urteko urtarrilean egingo diren hauteskundeak garbiak eta liskarrik gabekoak izatea lortu asmo dute. Plan berria aurkeztu eta, aldi berean, Iraken azkenaldian izan den indarkeria gutxitu dela-eta «pozik» daudela azaldu zuten NBEko ordezkariek prentsaurreko batean.

Al Maliki hiltzeko saioa

Irakeko egunkari baten arabera, bestalde, duela hilabete batzukNuri al Maliki lehen ministroa hiltzeko huts egindako saioa egin zuen bere segurtasunaz arduratzen zen kide batek. Axarq al Ausat Irakeko nazioarteko egunkariak eman du informazioaren berri, Irakeko Aliantza Batua alderdiko kide Jalal al Din al Sagirrek esandakoa aintzat hartuta, baina ez ditu zehaztasun gehiago eman. Al Malikik gertatutakoaren inguruko datuak esan zizkiola aitortu du Al Sagirrek, baina ez du lehen ministroa hiltzeko saioa noiz izan zen zehaztu. «Irakeko instituzioetako segurtasunean halako pitzadurak izatea normala da», adierazi zuen politikariak. Gainera, hilketa prestatzearen ustezko erantzulea atxilotu dutela gaineratu zuen.

Hala ere, Irakeko Gobernuko iturri ofizialek gezurtatu dute Al Maliki hiltzeko saioa izan dela. Segurtasun Nazionaleko aholkulari Muafak al Rubaiek ere ukatu egin du argitaratutako informazioa benetakoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.