Irakeko presidenteordea itzultzeko eskatu die Al Malikik kurduei

«Ekintza terroristak» egitea egotzi diote Al Hashemiri; hark errugabea dela dio, eta epailearen aurrera joateko prest azaldu daAEBek barne krisi politikoa lehenbailehen konpontzeko eskatu diote Al Malikiri

2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bederatzi urteko okupazioaren ostean, AEBetako tropek igandean utzi zuten Irak; «demokrazia egonkor baterako bidean utzi dugu herrialdea», adierazi zuen orduan Barak Obama AEBetako presidenteak. Bi egunean, ordea, Irakeko barne krisi politikoak indarra hartu du berriro ere. Bagdadeko gobernuak joan den astelehenean eman zuen Tarik al Hashemi presidenteordea atxilotzeko agindua, ustez «terrorismo delituak» egin izana egotzita; hark, baina, Iraken menpeko Kurdistango eremura ihes egin zuen orduan. Hori dela eta, Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak hango agintariei beren «erantzukizuna bete» eta Al Hashemi entregatzeko eskatu die, herrialdetik ihes egin ez dezan. «Epaiketa justua izango du», gaineratu du.

Presidenteordeak ukatu egin ditu bere aurkako salaketak. «Zin dagit errugabea naizela, eta ez dudala nire herrialdearen eta irakiarren aurkako bekatu bakar bat ere egin», esan du. Frogak faltsuak direla uste duenez epailearen aurrera joateko prest dagoela adierazi du, baldin eta epaiketa Iraken menpeko Kurdistanen egiten badute. Izan ere, une honetan haren etxebizitza tankez inguratuta dago, eta hara itzuliko balitz ez luke orain arte izan duen babes pertsonalik izango. Gainera, Arabiar Ligako eta Legelari Arabiarren Batasuneko ordezkariei auziaren ikerketan eta galdeketan presente egoteko proposamena egin die,oso argi duelako ez duela ezer txarrik egin. Bestalde, Obamak Iraken inguruan egindako adierazpenenei buruz oso kritiko azaldu da. «Zein demokraziaz ari zara, Obama jauna?», galdegin dio.

Atxiloketa agintzeko, Al Hashemiren bizkartzain izandako hiru lagunen adierazpenak erabili ditu frogatzat gobernuak. Herrialdeko telebista katean zabaldu dituzte hiruren aitorpenen irudiak, eta bertan presidenteordeak hainbat pertsonari tiroz eta bonbaz erasotzeko agindu ziela baieztatu dute bizkartzainek. «Heriotzaren eskuadroiak» prestatu zituela gaineratu dute, hau da, antolatutako talde armatuei pertsona talde jakin batzuk hiltzeko eskatu ziela.

Atxiloketa aginduaren atzean bere irudiari kalte egiteko helburua dagoela uste du Al Hashemik, egotzi dizkioten delituak «oso aspaldikoak» direlako, eta bere aurkako frogak biltzeko ikerketa eta galdeketa bi egunean baino egin ez dutelako. Atxiloketa aginduak, gainera, Irakeko erlijio adarren arteko lehia berpiztu du: Al Hashemi sunita da, eta gobernuan xiitak dira nagusi — Irakeko herritarren %80 xiitak dira —. Sadam Husseinen erregimenaren garaian, ordea, sunitek zuten boterearen gaineko kontrola, eta hura erori ondoren gailendu ziren xiitak. Horregatik, suniten aurkako eraso gisa hartu du Hashemik erabakia.

Batasuna, arriskuan

Erlijio zatiketatik haratago, gobernuaren batasuna ere kolokan jarri dute. 2010eko martxoan egin zituzten hauteskundeak Iraken, eta Ijad Alauiren Iraqija koalizio sunitak lortu zuen boto gehien: parlamentuko 325 jarlekuetatik 91 egokitu zitzaizkion.Al Malikiren Aliantza Nazionala koalizio xiitak, ordea, 89 eskuratu zituen. Inork ez zuen, baina, bakarka agintzeko adina botorik lortu, eta zortzi hilabetez hutsik egon zen herrialdeko gobernua. Urte hartako azaroan, azkenik, herrialdeko hiru fakzio nagusiek — xiitek, sunitek eta kurduek — batasun nazionaleko gobernua eratzeko akordioa sinatu zuten. Al Maliki izendatu zuten lehen ministro, eta xiiten zuzendaritzapean utzi zituzten erakunde politiko gehienak.

Iragan larunbatean, dena den, Iraqijak parlamentuko ordezkaritza uzteko erabakia hartu zuen, haien iritziz, lehen ministroaren alderdiak Justizia politizatu eta Konstituzioa betetzen ez duelako. Armadaren alderdikoikeria ere salatu dute, beste hainbat bidegabekerirekin batera. Baina ez hori bakarrik: Al Hashemiren atxiloketa aginduaren berri jakin ostean, gobernuko bilerei boikot egiteko erabakia hartu zuen asteartean alderdi sunitak; zortzi kide ditu bertan.

Al Maliki, bere aldetik, alderdi guztiekin hitz egiteko prest azaldu zen atzo, baita azken bozetan parlamentuan eserlekurik lortu ez zutenekin ere. Iraqijak, ordea, harekin biltzeko aukera errefusatu du, eta Malikiren aurkako zentsura mozioa jartzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi du; izan ere, gobernuko botere guztia zentralizatu eta estatu nazioaniztuna deuseztatu nahi duela uste du. Alauik, halaber, Sadam Hussein bezala jardun izana egotzi dio, hiru bizkartzainen aitorpenak «asmatuak» direla uste duelako. Lehen ministroak xiiten eta suniten arteko zatiketa eragin ez dezan, nazioarteari laguntza eskatu dio.

Indarkeria, etenik gabe

Nazioarteak azkar erantzun dio eskaerari. Duela bi aste Iraken izan zen Joe Biden AEBetako presidenteordea, bertatik tropak ateratzeko azken operazioak gertutik ikuskatzen. Orain, baina, gobernuko azken gorabeheren inguruko kezka azaldu du. Osama al Nujaifi parlamentuko presidentearekin eta Al Malikirekin bakarka hitz egin du, eta krisi politikoari amaiera emateko eskatu die. Horretarako, «alderdien arteko ezadostasunak konpontzeko» agindu dio lehen ministroari. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere herrialde «demokratiko eta baketsuaren» alde lan egiten jarraitzeko eskatu dio Bagdadi, eta herritarrei zein gobernuari laguntza ematen jarraituko duela berretsi du.

Joan den igandetik, AEBetako azken 3.000 soldaduek Irak utzi zutenetik, talde armatuek hainbat eraso egin dituzte. Atzo bertan Saad Al Abdulla Mohammed epailea hil zuten Kirkuk hirian, Bagdadik 250 kilometro iparraldera, haren autoan lehergailu batjarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.