Irakeko base militar baten aurkako erasoarekin lotura oro ukatu dute AEBek

Goizaldean leherketa bat izan da Irakeko armadak Iranen gertuko milizia xiita batekin partekatzen duen base militar batean. Irango Atzerri ministroak txikikeriatzat jo du Isfahan hiriko erasoa.

Ekialde Hurbila
Hainbat pertsona Bagdad (Irak) hegoaldeko base militarrean izandako leherketak eragindako kraterraren inguruan, gaur. EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 20a
17:30
Entzun

Azken egunotako gertakariak gutxi ez, eta Ekialde Hurbileko tentsioa koska bat gehiago areagotu duen eraso bat izan da Iraken, gaur goizaldean. Bagdad hegoaldeko base militar batean izan da leherketa, eta, gutxienez, lagun bat hil dute eta zortzi zauritu dituzte. Irakeko armadak Iranen gertuko Mobilizaziorako Herri Indarrak milizia xiitarekin partekatzen du base hori. Oraingoz, ez du inork erasoa bere gain hartu, baina Washingtonek —urriaren 7az geroztik birritan egin die eraso hainbat miliziak eta talde armatuk Iraken eta Sirian dituzten base militarrei—  berehala ukatu du erasoarekin zerikusirik izan duela.

Erasoaren inguruko zenbait xehetasun argitzeko daude oraindik. Irakeko base militar horretako buruaren arabera, aire eraso bat izan da, baina, Irakeko Gobernuak esan duenez, egindako lehen ikerketen arabera, leherketa izan zenean inguru horretako aire eremuan ez zegoen ez dronerik, ez hegazkin militarrik.

Bien bitartean, Israelek oraindik ez du ezer esan atzo goizaldean Irango Isfahan hiriaren aurka izan zen erasoaren inguruan, baina Iranek atzo bertan jo zuen ustezko erasoaren erantzuletzat. Teheranek esan zuen ez diola erasoari «berehala» erantzungo, eta, Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahnianek egindako adierazpenei erreparatuta, baliteke erantzunik ere ez izatea.

Isfahanen aurkako erasoa, izan ere, «txikikeria bat» izan zela esan zuen Amir-Abdollahnianek, atzo gauean, AEBetako NBC kateari emandako elkarrizketa batean. Are gehiago, iritzi zion atzo goizaldeko leherketa ezin zela erasotzat jo ere: «Gure haurrek Iranen erabiltzen dituzten jostailuzko hegazkinen parekoak dira [Israelek] erabilitakoak». Hori bai, ohartarazi zuen Israelek berriro ere Iranen «interesen aurka» egiten badu, Teheranen erantzuna «berehalakoa eta maila gorenekoa» izango dela.

Horiek hala, eta Irango Atzerri ministroaren hitzen arabera, irudi du Iranek ez duela, oraingoz, Isfahango erasoaren harira Israelen aurka egiteko asmorik. Halere, nazioarteak eskualdeko tentsioa baretzeko lanean dihardu.

Parisen bildu ziren atzo Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Libanoko armadetako buruzagi militarrak, eta ohar bateratu bat aurkeztu dute gaur. Oharrean azpimarratzen dute «ezinbestekoa» dela nazioarteak «ekintza bateratuak» martxan jartzea Israelen eta Libanoren arteko frontean tentsioa baretzeko. Hain zuzen, urriaren 7tik ia egunero borrokan ari dira fronte horretan Israelgo armada eta Hezbollah milizia xiita.

PAN eta AEBak, hari batean

Palestina NBE Nazio Batuen Erakundeko eskubide osoko kide bihurtzeko bozketa egin zuten herenegun gauean Segurtasun Kontseiluan, eta horri betoa jarri zioten AEBek. Horren harira, egunotan haserre agertu da PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas; are gehiago, gaur ohartarazi du «sakon aztertu» behar dutela Washingtonekin duten harreman bilaterala, «Palestinako herriaren interesen, eskubideen eta kausaren hobe beharrez».

Gauza bat esan eta beste bat egitea leporatu die AEBei PANeko buruak. «Nazioarteak dio beharrezkoa dela nazioarteko zuzenbidea betetzea, baina Israelen okupazioa eta gerra genozida babesten dituzte AEBek». Are, Washingtoni egotzi dio bi estaturen konponbidearen inguruan egindako «promesa guztiak» bertan behera uztea, eta Israeli «haur palestinarrak hiltzeko» armak eta laguntza ekonomikoa ematea.

Egunotan, Palestina NBEko eskubide osoko kide bihurtzearen alde lerratu dira zenbait herrialde. Txina izan da hori egiten azkena, gaur. «Palestina [NBEn] sartzea urrats bat da bidegabekeria historiko bat zuzentzeko bidean», esan du Txinako Atzerri ministro Wang Yik.

ASKATASUNAREN ontzidiaren NABIGAZIOA BERMATZEKO ESKATU DIO COLAUK SANCHEZI

Ondo bidean, asteon da ateratzekoa Istanbuldik Gazara joan asmo duen ontzia. Hiru ontzik osatuko dute Askatasunaren Ontzidia —horietako batean laguntza humanitarioa joango da, eta beste bietan laguntzaileak—, eta helburu du Israelek Gazan ezarritako setioa desblokeatzea eta zerrendara itsaso bidez sartzea. Besteak beste, ontzi horietako batean joatekoa da Bartzelonako alkate ohi Ada Colau, eta, gutun bidez, eskatu dio Espainiako presidente Pedro Sanchezi bermatu dezala ontzidiaren nabigazio segurua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.