Irakeko armadak «Al-Qaeda errotik suntsitu arte» jarraituko du erasoarekin

Lehen ministroak esan du Fallujahen ez dutela indarra erabiliko tribu sunitek «Al-Qaedari aurre» eginez gero

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Ilargi Erdi Gorriak ohartarazi dute Iraken mendebaldeko Al-Anbar probintziako hiri nagusietan egoerak nabarmen okerrera egin duela armadaren eta ISIS Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoaren arteko borroken ondorioz. Tankeak eta artilleria Fallujahen kanpoaldean kokatuta dauzka armadak, eta Nuri al-Maliki lehen ministroak ohartarazi du borrokan jarraituko dutela «Al-Qaeda errotik suntsitu arte». Hala ere, Fallujahen gatazka gogortzeko arriskuaren erantzukizuna tribu sunitengan jarri du lehen ministroak. «Ez dugu nahi hiri honek sufri dezan, eta ez dugu indarra erabiliko tribuek iragartzen badute Al-Qaedari aurre egiteko eta hura bidaltzeko prest daudela».

AEBek eta Errusiak berehalakoan bidali dizkiote armak Irakeko Gobernuari, ISIS Fallujahetik eta Ramaditik kanporatu dezan. Iranek ere eskaini dio laguntza. Nazioarteko babes horrek «konfiantza» ematen diela esan du Al-Malikik, eta «bide onean» doazela erakusten duela. Astebete baino gehiago igaro da suniten protesta kanpamentuak desegin ondoren armadak Fallujah eta Ramadi utzi eta ISIS hiri horietan sartu zenetik.

Errefuxiatuak, jada milaka

Borroken ondorioz, desplazatuak milaka direla esan dute Ilargi Erdi Gorriak eta NBEk. Ilargi Erdi Gorriaren arabera, 13.000 familiak ihes egin dute Fallujahetik periferiara eta inguruko herrietara. «Gehienak eskoletan, gobernuaren eraikinetan eta senideen etxeetan hartu dituzte». Erakunde horrek dio azken hiru egunetan 8.000 familiak jo dutela Ilargi Erdi Gorrira laguntza eske. NBEren arabera, berriz, 5.000 dira Fallujah utzi duten sendiak.

Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko Gobernua ere mintzatu da krisiaren inguruan. Horren arabera, azken egunetan Al-Anbar probintziatik 13.000 lagunek egin dute ihesi Kurdistanera, «gehienak emakumeak eta haurrak», Nawzad Hadi Arbilgo gobernadoreak zehaztu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.