Duela urtebete, AEBetako presidente Donald Trumpek harrabots handiz iragarri zuen Estatu Islamikoaren amaiera, talde armatuko azken milizianoak Siriako Baghuz herrian garaitu ostean. Desegin egin zen Iraken heren bat eta Siriako hainbat eremu zabal kontrolpean hartu eta beldurraren kalifa herria ezarri zuen erakunde jihadista, inguruan mina eta sufrimendua utzita. Haren aztarnak oraindik aurki daitezke zibilen artean.
Ninive probintziako nekazaritza eremuak, Irak ipar-ekialdean, hobi komunez beteta daude, eta lurra odolarekin bustia. Giroan suntsitze eta heriotza usaina dago edonon. Sarraskiaren hondarrak dira, Estatu Islamikoari XXI. mendeko azken genozidioa egitea erraztu zioten etnien eta erlijioen arteko gorrotoaren ondorioak.
Kojokoa da Khalid Murad Newaf. Sinjartik gertu dago herria, eta yezidiak dira gehiengoa. 32 urte ditu, eta inoiz ez zuen irudikatu zer gertatu zitekeen EIko gerrillariek hiria inguratu zutenean. «200 gizon armatuk eraso ziguten. Baziren muturreko bizardun batzuk ere, baina gainontzekoak bertakoak ziren. Hemen erabili ohi diren arropak janzten zituzten, eta inguruko hizkera zuten. Gainera, haietako gehienek ez zuten aurpegia ere estali, eta ezagutu egin genituen. Ikusi ahal izan genituen!», dio haserre, oraindik sinetsi ezin balu bezala.
Ehunka urtez, yezidiak elkarbizitza lasaian bizi izan dira eskualdeko kurdu, arabiar eta turkmenekin; Iraken kultur aniztasun handiena duten eskualdeetako bat zen hura. Egun hartan dena lehertu zen arte. Estatu Islamikoko muturreko islamistek inguruan bizi ziren sunitak xaxatu zituzten yezidiak bizi ziren etxeak ikur batekin marka zitzaten, eta sarraskian parte har zezaten.
«Herriko jende guztia hartu zuten, eta eskola batera eraman zuten», jarraitu du gazteak, «ikasgeletan sartu gintuzten: gizonak beheko solairuan, eta emakume eta haurrak goikoan. Han, genuen guztia kendu ziguten; telefonoak, dirua eta erlojuak. Gero esan zuten islamera bihurtu behar genuela. Guk ezetz esan genuen», amaitu du.
Hiria askatu ostean, borroketan hondatuta geratu zen eskola ikustera joan da Murad. Tristura islatzen du haren aurpegiak. Oinak hondakinen artean jarriz igaro da geletatik. Sarreran, mosaiko bat egin dute argazkiak hormetan jarrita; itzuliko ez direnak omentzen dituzte era horretan. Gelditu egin da, aurrera begiratu du, eta bere bost anaiak ezagutu ditu.
«Hasieran soinuak bakarrik entzuten nituen, oihuak, eta jendea nola kolpekatzen zuten. Gero ohartu nintzen denok hilko gintuztela. Gizonak 40 eta 50eko taldeetan ateratzen hasi ziren, eta pick-up batean eraman zituzten batzuk. Haien ondoren, nire txanda heldu zen. Bidean, emaztea eta nire hiru seme-alabak bakarrik nituen gogoan, zer gertatuko ote zitzaien. Gero, ilaran jarrarazi gintuzten, eta bizkarrean tiro egiten hasi ziren nekazaritza eremu batean. Nik min zorrotz bat sentitu nuen besoaren atzeko aldean, eta lurrera erori nintzen. Burua estaltzen ahalegindu nintzen, balek nire ondoan jotzen zuten bitartean», dio atsekabetuta.
Hobi komunak
Kojoko kanpoaldea hobi komunez beteta dago. Uste da seiehun biztanle inguru lurperatu zituztela han. Tragediaren neurria jakiteko ikerketa ofizialik zabaldu ez duten arren, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak ondorioztatu du EIk yezidien aurkako genozidio bat egin zuela Sinjar eskualdean.
Hunkitu egiten da oraindik gertatutakoari buruzko xehetasunak azaltzen dituenean, eta oroitzapenek min egiten diote. «Hauts asko zegoen, eta jendea hilzorian zegoen nire inguruan. Une horretan ohartu nintzen ez nengoela hilda, zango batean eta ukondoan bakarrik nituen bala zauriak. Ez nintzen bakarra, beste bi ere bizirik zeuden. Jihadistak beste talde baten bila joan zirenean, muino gaineraino igo ginen nola-hala. Nire lagunek atzean dagoen herri batera joan nahi izan zuten, ezkutatzera, baina ni ez nintzen fidatzen. Bizilagunek iristen ikusi zituztenean, hil egin zituzten, odol hotzean. Errukirik gabe. Nire begiekin ikusi nuen guztia. Horregatik erabaki nuen ezkutatuta jarraitzea gaua egin arte. Ingurua ondo ezagutzen dudanez, mendietara jo nuen. PKK-ko [Kurdistango Langileen Alderdia] milizianoak zeuden han, eta jaso eta sendatu egin ninduten. Horrela atera nintzen bizirik», amaitu du.
Nadia Muraden anaia da Khalid. Giza eskubideen aldeko ekintzailea zen Nadia, eta Bakearen Nobel saria eman zioten 2018an, sexu indarkeria gerra arma gisa erabiltzearen aurka egindako lanagatik. Hura ere Kojoko eskolan zegoen, beste guztiekin batera.
Haren arabera, gizonak hil zituzten egun berean, emakumeak eta haurrak Solakhera eraman zituzten, Kojo eta Sinjar arteko herri batera, eta han beste toki batzuetatik eramandako emakume yezidi gehiagorekin elkartu. Zaharrenak taldetik banandu zituzten, eta hutsik zegoen igerileku baten inguruan jarri. 68 emakume inguru hil zituzten tiroz, eta igerileku barrura bota. Ondoren, lurrarekin estali zituzten, eta uste da haietako batzuk bizirik lurperatu zituztela.
Gainerako guztiak jihadisten sexu esklabo bilakatu zituzten. Nadia bera eta Muraden emaztea eta seme-alabak hainbatetan saldu zituzten, eta jipoitu eta bortxatu egin zituzten. Azkenik, berriz ere aske geratu ziren, bahitzaileei erreskate bat ordaindu ondoren. Orain Alemanian bizi dira, errefuxiatuei bizi izandakoa gainditzen laguntzen dien gizarteratze programa bati esker.
«Zoriontsu naiz beraiengatik, baina nik ezin dut nire herria utzi. Eraso zigutenek eta genozidio hori egin zutenek gure lurrez jabetzeko egin zuten. Ni bizirik irten naiz, eta ez naiz geldituko errudunak zigortzen dituzten arte. Hori da jainkoek niretzat erabaki dutena», baieztatu du milizia xiitaren bere uniformea erakutsiz. Eta azaldu: «Horregatik sartu nintzen armadan, hilobi hauek eta gure etxeak babesteko, baita orain hemen inor bizi ez bada ere. Hau toki zoragarria da, baina itzultzen den arabiar sunita oro hila izango da; mendekua bakarrik nahi dut, herrialde honetan, yezidientzako justiziarik ez dagoelako», esan du atsekabetuta.
Muradek mitxoleta batzuk kendu ditu igerilekuaren aldamenera heldu denean. Erabakitasunez, barrura jaitsi da, eta maitasunez jarri ditu loreak lur gainean. Bere ama han dago lurperatua. Bere inguruan, burezurrek, hezur eta bala zorroekin batera, erakusten dute sarraskia gertatu zen tokia. Sakon hartu du arnasa, hasperen egin du, eta, belaunikatuta, otoitz egiten hasi da.
Bazterrean utziak eta ahaztuak izatearen sentipena iltzatuta dago herritarren begietara, eta beldurrak itzultzea eragozten die. Gutxi izango dira kideren bat galdu ez duten edo haren bila jarraitzen ez duten familiak. Bizitza noiz itzuliko zain, inor ez da arduratu hobiak hustu edo hilotzak identifikatzeaz. Horrela bakarrik berreskuratu ahal izango dituzte zelaiek beren uztak, eta hildakoek lasai atseden hartu ahalko dute.