«Irak independente eta subirano baten ametsa bete da dagoeneko», adierazi du Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak Bagdaden eginiko agur ekitaldian. Soldaduak hilaren 31n erabat erretiratu aurretik, AEBetako bandera bildu dute bertan, eta ia bederatzi urte luzeko inbasioa amaitutzat eman dute. Iraken eguneroko errealitatea, baina, Panettak esandakotik oso urrun dago oraindik, eta herritarren bizi-maila kaskarrak ez du hobera egin. Nuri al Maliki lehen ministroaren koalizio gobernuak, barne zatiketatik hurbil, lanean jarraitu beharko du langabezia eta pobrezia tasa altuei konponbidea bilatzeko. Herenegun milaka herritarrek ospatu zuten tropen erretiratzea Faluja hirian.
2008an Bagdadekin egin zuen hitzarmenari jarraituz, Barack Obama AEBetako presidenteak agindutakoa bete du, Erresuma Batuak —AEBen Irakeko aliatu nagusia— 2009an egin bezala. Geratzen diren 4.000 soldaduak irtendakoan, dena den, presentzia diplomatiko esanguratsua izango dute AEBek herrialdean; «segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko» elkarlanean arituko direla argi utzi du Washingtonek.Gainera, 3.000 soldadu uzteko eskaintza egin zion Bagdadi, Irakeko Indar Armatuak osatzen laguntzeko, baina bi aldeek ez dira ados jarri, eta soilik 150 lagun geratuko dira.
Gatazkaren momenturik latzenetan, 2007. urtearen amaieran, AEBetako ia 170.000 soldadu zeuden Iraken, 500 base militarretan banaturik; orain bi base baino ez dituzte. Iraq Body Counten arabera, bederatzi urtean gutxienez AEBetako eta Erresuma Batuko 4.800 soldadu inguru hil dituzte, eta Irakeko 20.000 soldadu. Orotara, 130.000 zibil baino gehiago hil dituzte. Inbasioaren hasieran, ordea, George Bush AEBetako orduko presidenteak adierazi zuen hiru asteko ekinaldia baino ez zela izango.
Urik eta argindarrik gabe
Irakeko indarkeria maila jaitsi, Al Kaeda ahularazi eta heziketa eta ekonomia hobetu dituztela diote AEBek, eta herrialdea bere kabuz aurrera egiteko gai dela orain. Etorkizunera begira, baina, erronka zailak ditu. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, langabezia %15ekoa da, eta aditu independenteak kopurua bikoitza izan daitekeela aditzera eman dute. Ez hori bakarrik: herrialdeak petrolio ekoizpenaren erabateko menpekotasuna du, langileen %40 sektore horretan aritzen baitira. Edateko ur eta argindar falta larriak, halaber, herritar gehienei eragiten die. Izan ere, Irak ez da oraindik elektrizitatea ekoizteko gai, eta generadoreen beharra du eraikin asko hornitzeko.
Herrialdeko politika ere gelditurik dago. Koalizio gobernuan xiitak dira nagusi, eta suniten eta haien arteko bereizketek zaildu egiten dute politikagintza. Izan ere, auzi askori irtenbidea bilatzeko ez dira ados jartzen. Hain zuzen, Saddam Husseinen garaian errepresio gogorra jasan zuten xiitek, eta haren erorketaren ostean borroka gogorrak hasi zituzten suniten eta xiiten artean. Egonkortasuna kolokan dago oraindik.
Irakeko herritarrek pozik hartu dute AEBen erretiratzearen berri, baina haiekiko gorrotoa herrikideen arteko mesfidantza bilaka daitekeela ohartarazi dute adituek. Washingtonek, dena den, bertatik joan arren, ez du erabat utziko herrialdea: «Irak proban jarriko dugu datozen egunetan, zenbait alorretan nola moldatzen den ikusteko; baina etorkizunera begiratu ahal izango du orain », azaldu du Panettak.
Irakek «etorkizunera begiratzeko aukera» du orain, Panettaren arabera
AEBetako bandera bildu du Bagdaden Defentsa idazkariak; langabeziari eta pobreziari aurre egin beharko die orain Irakek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu