Gazte zela alde egin zuen jaioterritik Rijad Mansurrek (Ramala, 1947). AEBetara emigratu zuen aitak eta haren bidea egin zuen gerora familiak. Youngstowngo Unibertsitatean (Ohio) Filosofia ikasketak egin zituen eta hainbat urtez unibertsitate irakasle izan zen Floridan. NBE Nazio Batuen Erakundean 1977an ekin zion lanari; PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkariorde izan zen hainbat urtez, 1983tik 2004ra. Mahmud Abbas PANeko presidenteak urtebete geroago izendatu zuen enbaxadore; Nasser al Kuduaaren lekua hartu zuen.
NBEk estatu palestinarra aitortu dezan ekimena martxan da. Hegoamerikako zazpi estatuk herrialde independente gisa onartu dute Palestina, 1967ko mugen baitan. Europako beste hainbat herrialdek, berriz, enbaxada kategoria eman diete hainbat diplomazia ordezkaritza palestinarri. Ezer ari al da aldatzen?
Baliteke nazioarteko komunitatea bestelako bultzada bat ematen aritzea gatazkaren konponbideari. Ikuspuntu askotatik ikus liteke. Lehenik, ebazpenaren zirriborro bat helarazi diogu Segurtasun Kontseiluari; 122 herrialdek elkar harturik babestu dute, eta kokalekuak gaitzesten dituzte bertan; litekeena da beste herrialde batzuek ere bat egitea. Segurtasun Kontseiluak auzi hori eztabaidagai izateak esan nahi du, batetik, 191 herrialde daudela; eta, bestetik, Israel dagoela, bakar-bakarrik, kokalekuak direla-eta legez kanpo jokatzeagatik eta bakea eragozteagatik. Bigarrenik, herrialde latinoamerikarrek Palestina estatu independente gisa onartu dute orain, eta beste maila bat eman diote bultzada horri, globala baita estatu bien konponbidearen aldeko adostasuna. Horrek, berriz, hau esan nahi du, zehatz-mehatz: Palestinako Estatuaren independentzia aldezten dela, eta nazioen komunitateko eskubide osoko kide gisa onartzen.
Aurtengo abuztuan amaituko du Salam Fajad lehen ministroak erakunde palestinarrak eratzeko plana. Giltzarria izango al da urte hau palestinarrentzat?
Aurtengo abuzturako amaituko da planaren ezartzea. Babesle ditugu, besteak beste, europarren jarrera, Laukotea eta Barack Obamak iragan irailaren 5eko biltzar nagusian egindako adierazpena. Osagai horiek guztiek aditzera ematen dutenez, zerbait garrantzitsua gertatuko da irailean, eta orduan amaituko da behingoz okupazioa, eta Palestinako estatu independentea sortuko. Bultzada hori, bada, itxura hartzen ari da, edozein frontetatik begiratzen dela ere; nazioartearen babes erabatekoa du gure alderdiak; Israel, ordea, zeharo bakartuta geratzen ari da.
Ameriketako Estatu Batuek, baina, betoa jarriko al diotela aurreikus daiteke...
Koloniekin jokatzen duten modua jokatu dezakete oraingoan ere. Segurtasun Kontseilua eta Nazio Batuen Erakundea bat datoz ez direla legezkoak koloniak eta okupazio jarduerak. Israelek mundu guztia kontra dauka, baita amerikarrak ere; baina amerikarrek ez diote utzi nahi horretaz arduratzen Segurtasun Kontseiluari. Guk, eta gure adiskideek, ez dugu amore eman nahi, eta ebazpen hori baliagarria dela ikusarazi nahi diegu, kosta ahala kosta, AEBei.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari gutun bat bidali berri diozu; Israelek azkenaldian palestinarren kontra egindako abusuen berri ematen diozu bertan. 380. gutuna duzu hori.
II. Intifadaren hasieraz geroztik —2000tik— ari naiz gutunak bidaltzen. Gutun horietan agiri bidez jaso izan ditugu Israelgo aginte okupatzaileak palestinarren kontra egindako krimen guztiak eta nazioarteko legearen kontrako urratze guztiak, batik bat giza eskubideei dagozkienak: Israelek kontrolguneetan hildako zibilak, manifestazioak, eta abar... Bai eta banaketa hesiari dagozkionak, eta, jakina, kokalekuekin zerikusia duten jarduera guztiak. Beraz, norbaitek hamar urteotako urratzeak ikertu nahi izanez gero, horien guztien bilduma zabal bat izango du eskura. Segurtasun Kontseiluak, Ban Ki-moonek eta Biltzar Nagusiak dute informazio hori, eta haien agiri ofizialetako parte da. Urratze horien guztien berri jasotzen ari gara, harik eta krimen horien guztien erantzuleak justiziaren aurrera eramateko une egokia iristen den arte eta merezi duten zigorra ezartzen dieten arte.
Noiz eramango dituzte kriminal horiek justiziaren aurrera? Ban Ki-mooni bidalitako gutunean diozunez, nazioarteko komunitateak bultzatu du Israel zigorgabe uztea?
Orain arte, zoritxarrez, nazioarteko komunitateak ez du lortu kriminal horiek justiziaren aurrera eramatea; baina, gu, Hegoafrikan egin zutena egiten ari gara: luze jo zuen hango prozesuak, eta agiri mordoa pilatu zuten, eta egoki iritzitako abagunean erabili zituzten, kriminalak justiziaren aurrera eramateraino. Horrela, bada, nazioarteko komunitateak ezin izango du ahantzi gertatutakoa, agiri horiek ofizial bihurtu baititugu, eta, dagokion abagunean, ebidentzia gisa erabiliko. Gure oroimen kolektiboaren parte diralurralde okupatuetan palestinarren kontra egindako krimenak.
Orain arte bildutako informazioak ezertarako balio izan al du?
Ziklo bat da hau. Gutun horiek ez dira informazio alferrik galdua, ez eta Jerusalemen ekialdeko edo Ramalako familia etsitu baten edo manifestari talde baten erantzun bat-batekoa eta unean unekoa ere. Grabatuta dago informazio hori, eta eskura dago sei hizkuntzatan ere. Krimen bat gertatzen den bakoitzean idatziz jasotzen dugu. Espero dugu aurki ebidentzia gisa erabiltzea.
Rijad Mansur. PANeko NBEko enbaxadorea
«Irailean sortuko da estatu independentea, eta behingoz amaitu egingo da okupazioa»
Nazioartea bake prozesuari bultzada bat emateko ahalegina egiten ari dela uste du diplomazialariak; Washingtonek kide iraunkor gisa euren ekimenari betoa jartzea eragozteko lanean irmo ari direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu