Irailaren 11ko atentatuaren hiru egilek erruduntzat jo dute beren burua

Akordioa egin dute AEBetako fiskalekin, heriotza zigorra saihestearen truke. Bizi guztia Guantanamoko espetxean ematea onartu dute akusatuek.

Irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikien aurka egindako atentatua (AEB), artxiboko irudi batean. PEDRO J. CARDENAS / EFE
Irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikien aurka egindako atentatua (AEB), artxiboko irudi batean. PEDRO J. CARDENAS / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abuztuaren 1a
17:15
Entzun

Hilabete pasatxo barru, 23 urte beteko dira AEB Ameriketako Estatu Batuetan Irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenetik. Eraso hartan, Al-Qaeda talde jihadistako kideek lau hegazkin bahitu zituzten, eta New Yorkeko Dorre Bikien kontra bota, baita AEBetako Gobernuko Defentsa Sailaren egoitzaren, hau da, Pentagonoaren aurka ere, Washingtondik gertu —laugarren hegazkina Pennsylvaniako soro batean erori zen—. Bada, eraso horren ustezko hiru egilek erruduntzat jo dute beren burua, Pentagonoak bart adierazi duenez.

Konspirazio eta erailketa karguak onartu dituzte hiru gizonek, eta, beraz, bizi guztiko espetxealdia bete beharko dute Guantanamoko kartzelan (Kuba) —bertan daude espetxeratuta 2006tik—. AEBetako justiziak leporatutako karguak onartuta, heriotza zigorra saihestuko dute hirurek. Gerra auzitegiko fiskalek The New York Times egunkarian bart argitaratutako gutun baten bidez plazaratu da albistea. Irailaren 11n hildakoen senitartekoentzat da gutuna. «Heriotza zigorra saihestearen truke, hiru akusatuek onartu egin dute egozten zaizkien delitu guztien erruduntzat jotzea beren burua, baita 2.976 pertsonaren hilketarekin lotutakoarena ere».

Onartutako karguen artean, konspirazioaz eta erailketaz gain, beste hiru daude: «Gerra legea urratuta erailtzea, zibilei erasotzea eta terrorismoa». Orain, akusatuek aukera dute helegiteak aurkezteko. Horiek horrela, kasua azkartu egin dute akusatuek, urtebete baino gehiago iraun baitzezakeen. Irailaren 11ko auzia «amaitzeko eta justizia egiteko» xedea izan dute fiskalek akordioa eginda. 27 hilabetez egon dira negoziatzen, eta, akordio bat lortu ostean, atzo onartu zuen Pentagonoak hitzarmena.

Gutunean adierazi dutenaren arabera, hiru zigortuek esan dute prest daudela Irailaren 11ko atentatuan hildakoen senideen galderak erantzuteko eta «erasoan izan zuten rolaren eta hura egiteko motibazioaren inguruan hitz egiteko». Senideek aukera izango dute irailaren 14rako galderak bidaltzeko, eta erasotzaileek erantzun bana eman beharko dute 2025a baino lehen.

Khalid Shaikh Mohammed da beren burua erruduntzat jo dutenetako bat. Irailaren 11ko erasoak antolatu izana leporatzen diote AEBetako fiskalek —beste biak kolaboratzaileak ziren, fiskalek diotenez—. Izan ere, akusazioaren arabera, 1996an Al-Qaedako buruzagi Osama Bin Ladenekin bildu zen Mohammed, atentatuaren ideia kontatzeko, eta, buruzagi jihadistaren oniritzia jaso ostean, hegazkinen bahiketan parte hartu zuten hemeretzi gizonak entrenatu zituen. Hau da, AEBetako fiskalen ustez —eta Mohammedek onartu berri duenez—, haren ideia izan zen hegazkinak bahitu eta horiekin eraso egitea.

Torturen zalantza

Irailaren 11ko kasuak, hala ere, zenbait zalantza eragin ditu. Izan ere, urte luzez atzeratu egin behar izan dute epaiketa, ezbaian egon baita ustezko egileek AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren espetxeetan jasan zituzten torturek frogak kutsatu ote zituzten. Izan ere, Mohammed eta beren burua erreduntzat jo dutenetako beste bat 2003ko martxoan atxilotu zituen AEBetako armadak, Pakistanen, eta 2006an Kubako espetxera bidali. Bi leku horietan inkomunikaturik eduki zituzten.

Are gehiago, akusatuetako batek eskatua zuen zibilek gidatutako torturen ondoriozko tratamendua jasotzea espetxean. AEBetako Gobernuak ezezkoa eman zion iaz eskaerari, baina ez dago argi akordioan jaso ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.