Barack Obama saiatu da palestinarrak eta israeldarrak negoziazio mahai batera eser daitezen, baina porrot egin dute haren ahaleginek. Ameriketako Estatu Batuek hainbat bilioi dolar eskaini zizkioten Israeli koloniak eraikitzea eragoztearren beste hiru hilabetean, baina horrek ere ez zuen emaitzarik ekarri. PAN Palestinako Aginte Nazionalak, bien bitartean, hainbat urrats egin zituen bere kabuz: Mahmud Abbasek segitu zuen estatu palestinarrarentzako babesa eta aitorpena biltzen han eta hemen, eta, apirilean, Munduko Bankuak aitortu eta onartu egin zuen Salam Fajad lehen ministroaren plana, etorkizuneko estatuaren bideragarritasunari buruzkoa.
Eskualdean dabilen metxa iraultzaileak aliatu nagusien babesik gabe utzi ditu Al Fata eta Hamas: Hosni Mubarak eta Bashar al Assad gabe, hurrenez hurren. Horrek arerio bien adiskidetzea ekarri du, eta batasun gobernu bat eratzea. Israelentzat, alta, aitzakia bikaina izan da hori berriro negoziazioei ez ekiteko: «Ezin gara tratuan ibili Hamas talde terroristarekin, ukatu egiten baitu Israelen izaera bera ere». Eta, berriro ere, PANen sinesgarritasuna desegiteko baliatu dute: «Abbasek aukeratu egin behar du: Israelekin bakea egin edo terrorismoarekin bat egin», adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak.
Ameriketako Estatu Batuek bertan behera utzia zuten beren administrazioaren eta Laukoaren artean apirilaren 15ean egitekoa zuten saioa, berriro negoziazioei ekiteari buruzkoa. Beste bilerarik egitekoak ez zirenez eta Hamas eta Al Fata adiskidetu egin zirenez, negoziazioak eginkizunen zerrendatik kanpo geratu ziren ia.
PANek, bere sinesgarritasuna berreskuratzearren eta hura ordezkaritzat ez daukaten herritarren ordezkari izatearren, adierazi zuen zein zen, bere ustez, aukera bakarra: irailean Nazio Batuen Erakundean Palestinako estatu independente bat lortzea, modu aldebakarrekoan. «Gogotik ahalegindu gara, eta, azken urteotan, estatu palestinarra ezartzeko baldintza egokiak eratu ditugu. Baina ez gara konformatuko prest egonda; gure zeregina amaituko da geure estatuan duintasunez eta 1967ko mugen pean bizitzea lortzen dugunean», adierazi zuen Fajadek duela gutxi.
Abbasen etsipena
Abbasek betidanik uste osoa izan du negoziazioetan eta AEBen babesean, baina oraindik ezin jakin zer erabakiko duen azkenean. The New York Times egunkarian gutun bat argitaratu berri dute, PANeko presidenteak sinatuta, eta ez dirudi iraileko saioa baztertzeko asmorik duenik: «Palestinarrek NBEra joko dute, gure bizileku historikoarena den lurraldeko gainerako %22an libre bizitzeko eskubidea bermatzeko asmoz; hogei urtean negoziatu dugu Israelgo Estatuarekin, eta ez dugu lortu geurea izango den estatu bat. Baina ezin dugu mugarik gabe itxaron, baldin eta Israelek koloniak ezartzen segitzen badu Zisjordania okupatuan, eta palestinarrei debekatu egiten badie gure lurreko toki sakraturik gehienetara sartzen, batik bat Jerusalemera».
Israeli ez zaio komeni palestinarrek estatu palestinarra aldarrikatzeko auzia NBEra eramatea; baina Netanyahuren jarrera ez da lagungarri gertatzen ari, Washingtonera egin berri duen bidaian argi geratu denez. Lehendik ere jakina zen ez duela Jerusalem ekialdea emateko asmorik —palestinarrek beren hiriburutzat baitaukate—, baina hau ere gaineratu du presidentearen eta kongresisten aurrean: «Onartezinak dira 1967ko mugak». Errefuxiatuen itzuleraz, berriz, hauxe: «Ez da gertatuko, besterik gabe». Saeb Erekat PANeko negoziazio buruak saminez egin du galdera: «Orduan, zer negoziatu behar dugu?».
Proposamenaren alde egin zuen Maruan Bargutik. Israelgo kartzela batean dago preso Al Fatako kide ezaguna, Bigarren Intifadan ustez egindako saio terroristengatik bizi guztiko kartzela zigorrera kondenatu baitzuten bost aldiz. «Estatu palestinarra inposatu egingo da. Oker daude negoziazioei esker lortuko dela uste dutenak. Palestinarrek, arabiarrek eta nazioarteak ahalegin betean eskatu behar dute estatu bat, 1967ko mugen barrukoa, eta Nazio Batuen Erakundeko kide izango dena».
Netanyahuren setakeria
Netanyahuren setakeria eztabaidagai bihurtu da Israelen ere. Nakbaren eguneko istiluen ostean —gutxienez hamabost errefuxiatu palestinar hil zituzten, beren lurrera itzultzeko ahaleginean—, hauxe esan zuen Shaul Mofazek, Legebiltzarreko Atzerri eta Defentsarako batzordeburuak eta Estatu Nagusiko buruzagi izandakoak: «Israelek lehenago ulertu behar zuen Ekialde Hurbileko errealitatea aldatu egin dela». Gobernuari «burua hondarpean ezkutatu izana» egotzi zion, eta «ezer ez hasi izana; inolako bake ekimenik izan ezean, litekeena da irailean berriro gertatzea Siriako mugaldekoen antzeko istiluak».
Obamaren gobernuko atzerri politika ere lorpen premian izaki, hauxe esan zuen presidenteak, estuturik, bai joan zen ostegunean arabiar munduari egindako hitzaldian, eta bai AIPAC lobby juduaren konferentzian: ez duela onartuko «Israel bakartzeko ahaleginik» NBEn, eta palestinarrek horrela ez dutela lortuko beren estaturik. Alegia, betoa jarriko diola NBEko Segurtasun Kontseiluan independentzia aldarrikatzeko palestinarren edozein ahalegini. Abbasek ez du oraindik txintik esan AEBetan gertatzen ari denaz; haren ofizialetako batek, ordea, Nabil Shaatek, iraileko planarekin segitzeko asmoa agertu du.
Hainbat aukera aztertu ditu Jeff Halper ekintzaileak eta Etxeak Suntsitzearen Kontrako Israelgo Batzordeko zuzendariak: «Ez da oso litekeena irailean Palestinako estatu bat sortzea. Sortuko balitz, argi legoke dena: Jerusalem ekialdea palestinarra izango litzateke. Israeldarren presentzia lurralde subirano palestinarrean legez kontrakoa izango litzateke. Eta printzipio horiek urratzea, ezin onartuzkoa. Horrela, nazioarteak zigorrak ezarriko lizkioke Israeli, AEBek eta Europak ezin saihestuzkoak». Palestina bere estatua lortzen ahalegintzen bada eta ez badu lortzen, etorkizun beltza ikusten dio PANi: «Palestinako Aginte Nazionalak ezingo du iraun: dimisioa eman beharko du, edo hondoratu egingo da. Israelek Palestinako herriak berreskuratu beharko ditu, nahitaez; Gaza barne», eta horrek «musulman mundua haserraraziko du» eta «nazioarteko komunitatearen esku hartzea» ekarriko du. Statu quo-a «iraungaitza» izango litzateke.
Gizarte zibilaren eginkizuna
Halperrek gogoeta egin du gizarte zibilak bete beharko lukeen eginkizunaz. Palestinak independentzia lortuko balu, argi legoke erantzuna: «Israeldarren presentzia desegitea Palestinatik, Europako gobernuek ere aldeztu beharko luketen mugimendu baten bidez: Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak». Lortuko ez balu, are zeregin garrantzitsuagoa izango luke gizarteak: «Zigorren alde eta nazioarteko legea Israelen ezartzearen alde borrokatu beharko genuke, metodo eta estrategia berriak erabilita; hala eragotziko genuke Israelen edozein ahalegin berriro Palestina mugagabe okupatzeko».
Ba omen da beste aukera bat ere: PANek ez jotzea NBEra.«PANek ezin izan ditu mobilizatu aliaturik gertukoenak —mundu osoko aktibistak—, eta orain erabaki argi baterantz gidatu behar ditu. Era anbiguoan jokatzen ari da: batzuetan dio independentzia dela aurrera egiteko bide bakarra; beste batzuetan, baztertu egiten du bide hori». Irailean ezer gertatu ezean, eta ber-bertan dago, etorkizuna lausoagoa izango dela dio Halperrek: «2012. urtean sartuko gara, AEBetako hauteskundeen urtean; orduan, alde batera geratuko da gatazka konpontzeko edozein ahalegin». Horregatik, hauxe ondorioztatu du antropologoak: «PANen erabakiak neurtuko du, zehatz eta mehatz, erregimen kolaborazionista bat den edo ez den».
Ekialde Hurbila
Iraila ber-bertan dagoelako
Adituen artean hizpide da nazioarteak estatu palestinarra aitor dezan abian jarritako planaren bideragarritasuna; PANek egitasmoa aurrera eramango duen ere auzitan jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu