Ahmedek erdi zeharka begiratu ohi du beti, marrazo batek bezala. Norbaitek amaren izenaz galdetzen badio, esku biez eusten dio buruari, eta, berehala, joka ekiten. Ez da gai erantzuteko. Beste galdera bat: «Nork eman zizun Europaraino etortzeko dirua?». Pentsatzen ari da, baina ez da gogoratzen, eta, bekokia estutu du, migrainak jota bezala. Alferrik da galdezka segitzea. Bistan dena, horixe ageriko gauza bakarra: 45 bat urteko gizon bat da, Greziako Kios uhartean lehorreratu zena beste dozenaka pertsonarekin batera, urtarrilaren erdialdera.
Europara iritsi berritan, kanpadenda batean lo egiten zuen, hondartzan. Hantxe aurkitu zuen Esther Medinak. SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko mediku boluntarioa da Medina, eta Soudako eremuan ibilia zen, hara-hona, errefuxiatuei itsuari buruz galdezka. Haren arrastoaren atzetik zebilen; izan ere, Ahmed iritsi zen gauean bertan konturatu zen zerbait oker zebilela. «Garuneko traumatismo larria du; buruko goi funtzioak, asaldatuak; amnesia partziala du, eta ez da gai memoria berririk sortzeko», azaldu ditu, erreskadan, boluntarioak. Eta ezaugarri kliniko horiekin, Ahmedek bere bizileku berri bihurtu behar izan zuen kanpadenda txiki bat.
Iannis Muzalas Immigrazio ministroak azaldurikoaz arras bestelakoa da egoera, hark duela egun gutxi batzuk esana baitzuen jada ez zela geratzen «egurats gorrian bizi zen errefuxiaturik edo immigranterik». Bizitzen jartzen, berriz, aljeriar auzo batzuek lagundu zioten, konturatuak baitziren ez zuela ikusten: «Begi batetik, %5 ikusten du, eta, bestetik, %10», azaldu du Medinak.
SMHko medikuak eta haren itzultzaile Abdullah Alkiemek eman zuten hurrengo pausoa. Kanpadendatik atera beharra zeukaten. Aholkua eskatu zioten Waha osasun erakundeari: «Ziotenez, nonbait, gezurretan aritzen zen Ahmed elkarrizketa psikologikoetan», azaldu du Medinak.
Horregatik, bizilekutzat zuen kontainerra eskaini zion aterpe gisa Alkiemek, lanbidez erizaina den errefuxiatuak. Han ekin zieten berriro galderei. Arabieraz—han zeudenek itzulita—, kasu haren inguruko galderei erantzuten saiatu ziren: Nondik dator? Nor da? Nola iritsi zen, bakarrik, Europaraino?Ahmed erantzuten saiatzen zen, lokiei bi eskuez eusten ziela: Mosulgoa da (Irak); supermerkatu batean lanean ibilia da, eta anaia bat eta ama ditu; auto istripu bat izan zuen, eta bi hilabetean egon zen koman.
«Ez du gogoan senitartekorik bizirik duen, ezta haien izenik ere. Lagun batzuek lagundu omen zioten Turkiara joaten, eta gero Greziara iristen, baina ez daki ziur. Gainera, ez du inolako agiririk aldean. Badirudi itsasora erori zela», kontatu du Medinak.
Galderen ostean, gelditzeko eskatzen zien, buruko minak zegoela eta. Leher eginda zegoen. Isilik geratzen zen, eta, ohatzean eratzanik, loak hartzen zuen. Gauaren erdian esnatzen zen Ahmed. «Goiza zela pentsatzen zuen, eta ez zuen gogoratzen ea jan zuen edo ez zuen jan, eta komunera laguntzeko eskatzen zigun, galduko zen beldur zelako. Gero, baina, kantuan hasten zen », kontatu du karabanako haren kideak.
Espazio horretatik kanpo, Ahmedi kosta egiten zitzaion eguneroko ibilbidea berriro egitea. Bakarrik geratzen bazen eta bere bizitegira itzuli behar bazuen, galdu egiten zen. Labirinto hutsa zen harentzat. Alkiemek erne egon behar zuen, beti hari adi.
Medikuak eta itzultzaileak, eriaz informazio gutxi zutenez, ospitalera jo zuten, eskaner bat eta diagnosia egin ziezazkioten. Probek egiaztatu egin zuten ebakuntza bat egina ziotela garezurrean, eta gorputz arraro bat zeukala, zerebeloari erasaten ziona. Zentroko psikologoak ere berretsi egin zuen teoria: buruz, 5 urteko mutiko bat bezalakoa da.
Ebidentzia mediko haiei esker, hobetu egin ziren Ahmeden baldintzak. Easo, Asilo Laguntzarako Europako Bulegoak eta UNHCRkoek, izan ere, erabaki zuten apartamentu bat ematea. Baina ezin zenez bere kasa moldatu, Alkiemi baimena eman zioten Ahmedekin lekualdatzeko hara. Hitzordu bat ere jarri zioten Atenasen, paper tramiteak bete ahal izateko. Tramiteak egin arte, Alkiem 26 urteko gazte siriarrak zaintzen du irakiarra. «Jatekoa egin behar izaten diot, janzten lagundu, adi erreparatu etxetik irteten garenean, eta abar».
Eguneroko bizimoduak adiskide bihurtu ditu bi ezezagun. Elkarren hurbiltasunak, baina, ez dizkio iraganeko oroitzapenak gogorarazi Ahmedi. Oraindik ere bi eskuez eusten dio buruari norbaitek iraganaz galdetzen dionean. Hala ere, batzuetan, behinola izandako pertsona haren zantzuak ageriko egiten dira oharkabean egunerokoan: «Egun batean, ospitalera joan ginen, proba gehiago egitera», azaldu du SMHko medikuak. «Hango itxarongelan bazen familia bat, farsiz mintzo zena, eta haiekin hizketan hasi zen, natural-natural».
Hainbat hizkuntzatan
Ez da harritzekoa Mosulgo irakiar bat Iran herrialde auzoaren hizkuntzan mintzatzea. Baina, Ahmeden kasuan, harago doa hizkuntzaren misterioa. Gai da bat-batean bospasei hizkuntzatan esateko hainbat hitz, harro esan ere, bere buruaren erakustaldi halako batean. Haren historia herren gertatzen da, ez baitirudi logikoa supermerkatuko langile batek jakitea nola esaten den txakur, itsaso edo lagun, hala nola farsiz, ingelesez, frantsesez, turkieraz eta arabieraz.
Ahmedek eta Alkiemek ia seihilabete egin dituzte Kiosen elkarrekin bizitzen. Biek dute Atenasera bidaiatzeko baimena, nahiz eta agintariek ez duten oraindik ezarri horretarako datarik. Europan biek ere zer etorkizun izango duten, hori oso korapilatsua da oraindik. Erizain eta zaintzaile pertsonalik gabe, buruko erien zentroren batean sartuko lukete irakiarra Grezian. Hark lagundurik, ordea, eguneko zentro batera joateko aukera izango luke, eta gainerako denbora apartamentu normal batean egin. «Baina Alkiemek badaki, erizain izanagatik ere, bizi guztian zaindu beharko duela Ahmed», ondorioztatu du Medinak.
Iraganik gabeko errefuxiatua
Ahmed urte hasieran lehorreratu zen Kiosen; amnesia partziala du, mendekotasun ia erabatekoa, ia-ia itsua da, eta bakarrik iritsi zen Greziara. Mosuldik abiatu zen, baina apenas gogoratzen duen ezer Iraken iraganean izandako bizimoduaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu