Irlanda iparraldea. Istiluak Belfasten

Iraganeko mamuak

Short Strand auzo errepublikanoaren kontrako erasoak UVF talde loialistak antolatu dituela dio Ipar Irlandako PoliziakAstelehen eta astearte gauean hiru lagun zauritu ziren balaz, argazkilari bat tartean

Short Strand auzoko artxiboko irudi bat. Belfasteko auzo bakartuena da Ardoynekin batera. DANIEL CORTEL.
Amaia Alvarez.
Belfast
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Irlandako talde paramilitar loialistek indarra erakutsi nahi duten aldi bakoitzean Belfasteko Short Strand auzo errepublikanoko etxeei eta eliza katolikoari eraso egin ohi diete. Bake prozesuaren garapenari lotutako hainbat barne desadostasun dituzte gaur egun, eta, horren harira, loialisten zati batek horixe bera egin du aste honetan; Short Stranden nazionalista eta unionisten arteko azken hamarkadako istilurik larrienak eragin dituzte.

UVF Ulstergo Boluntarioen Indarra talde paramilitarrak aginduta —horrela ondorioztatu du PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak—, astelehen eta astearte gauean laurehun lagunetik gora lehergailuak jaurti zituzten auzoan. Erasoek sortutako istiluetan disidente errepublikanoek ere parte hartu zutela aipatu dute Poliziaren iturriek, eta argazkilari bat zauritu izana haiei leporatu diete. Guztira, hiru lagun zauritu ziren balaz, Niall Carson Press Associationeko argazkilaria horien artean. Poliziak, berriz, plastikozko 66 bala bota zituen, eta 20 urteko neska bat atxilotu zuen. Iskanbilen tamaina handia izanik ere, ez dago inor larriki zaurituta.

Belfasteko auzo errepublikanoen artean Short Strand bakartuena da Ardoynekin batera. Hiriko ekialdean kokatua dago, harresi batez eta zonalde unionistaz inguratuta. Harresien bestaldeko Cluan Place kalean Sinn Feineko Belfasteko alkate berriaren hauteskunde kanpainako kartel bat ipinita daukate, eta bertan KAT dago idatzia; kill all taigs (katoliko guztiak hil).

Ohikoa denez, atzo arratsaldean ere haurrez josita zeuden auzoko kaleak. Komunitate errepublikano guztietan bezala, ia etxe guztietan bizikletak eta trizikloak ikus zintezkeen edonon. Ordu berean, auzoko komunitate zentroan gauean istiluak izanen zirela aurreikusten ari ziren langileak eta auzokideak. Uztailerako harik eta istilu handiagoak espero dituzte, loialistek garaipen martxak (martxa orangistak) ospatzen dituzten garaia hasten baita.

Fran Brennan auzokidea haserre eta beldurrez dago: «2002. urtea geroztik ez dugu horren eraso handirik izan. Ordukoak bi urte iraun zuen; oraingoan gauza bera gertatzeko beldur gara». Gatazkak haratago joaten ez badira ere, auzo errepublikano horretako biztanleak harresiaren bestaldeko denda eta zerbitzuetara epe luzean ez direla joanen uste du Brennanek. «Erasoak izatearen beldur gara». Egunotan, auzo loialistako komunitate langileekin biltzen ari dira istiluak eteten saiatzeko. «Ez dakit lortuko dugun, uztaila berehala dator. Hilabete gogorra, gatazkatsua, izanen da, ziur».

Zergatik orain?

Belfasten inor ez da ausartzen esatera zergatik gertatu diren erasoak orain, ezta gertaeren ondorioak noraino ailegatuko diren esatera ere. Nolanahi ere, iskanbilak bake prozesua kolokan jartzeraino ez direla ailegatuko uste dute talde politiko gehienek.

Arrazoiei dagokienez, nahiko argi dago istiluak talde paramilitar loialisten barne arazoei lotuta daudela. Tokiko hedabide guztiek nabarmendu dutenez, badago loialisten artean zati bat ez dagoena ados UVFk bake prozesuan duen estrategiarekin. Izan ere, 1998an sinatutako bake akordioaren ondorioz, UVF, IRA bezala, desarmatua dago gaur egun.

Horren haritik, Ikuskapen Batzorde Independenteak —desarmatzea jarraitzeko erakundea— aurten argitaratutako txostenen batean adierazi zuen UVFko buruzagiek argi daukatela talde zibil bat bilakatu behar dutela baina badirela kide batzuk erabaki hori hartzeko goiz dela pentsatzen dutenak. Kide horiek hiriaren ekialdean biltzen dira eta Beast in the East (ekialdeko piztia) ezizena duen gizona omen dute buru. Ustez, berak agindu ditu aste honetako erasoak.

Azkenaldian, loialista talde horren haserrea areagotu dituzten hainbat gertaera izan dira. Batetik, poliziaren mende dagoen eta gatazkako bortizkeriak ikertzea xede duen Ikerketa Historikoen Taldeak hainbat loialista historiko auzipetu nahi ditu, eta horrek sumina eragin du muturreko unionisten artean. Bestetik, oraindik ere borroka armatuaren aldeko apustua egiten duten talde errepublikanoen kontrako erantzuna egon behar duen ala ez ere eztabaidatu dute zenbait loialistek. Nahiz eta gutxienekoak izan, konfrontazio hori aurrera eraman behar dela uste omen dute batzuek.

Halaber, hainbat loialista kexu azaldu dira Stormontekin, bake prozesuan alboratuak izaten ari direla uste dute eta. Era berean, azken hauteskundeen ondorioz UVFk Stormonten zuen ordezkari bakarra galdu zuen, PUP Alderdi Unionista Aurrerakoiak ez baitzuen aulkirik lortu Belfast ekialdean. Horrek, aipatutako beste eragileekin batera, loialista batzuen haserrea areagotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.