Ukrainako gatazkak jarri zituen aurrez aurre, eta Siriako gerrak ez du lagundu desadostasunak kamusten. 2014an Krimeako penintsula Errusiara batu zenetik, Berlinen eta Moskuren harremana tirabiratsua izan da. Ordutik lehen bisita ofiziala egin du Errusiara Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Vladimir Putin presidentearekin biltzeko. Jarrerak ez dituzte gerturatu, eta elkarri jarritako zigor ekonomikoek indarrean jarraituko dute. Halere, tentsio diplomatikoa baretzeko baliatu dute bilkura. «Nahiz eta iritzi guztiz desberdinak izan, hitz egiten jarraitu behar dugu», esan du Merkelek.
Ukraina da oraindik ere bi herrialdeen arteko oztopo nagusia. Minskeko Itunak ez dio Ukrainako gerrari konponbiderik eman, nahiz eta gatazkaren intentsitatea txikitzeko balio izan duen. Merkelek akordioa betetzea jarri du baldintzatzat Errusiari zigorrak kentzeko. Besteak beste, Minsken adostu zuten Ukrainak bere mugaren zati guztia kontrolatzea, baina matxino errusiazaleen eskuetan dago oraindik Errusiarekiko mugaldea. «Bermatu nahi dugu Ukrainak estatuko muga kontrolatzea, eta, gero, irtenbide politikoa sustatzea, tokiko hauteskundeak eginez», adierazi du Merkelek.
Haatik, bi prozesu horiek aldi berean egin behar direlakoan dago Mosku. Bestelakoa baita Putinen analisia. Gatazka beraren oinarrira jo du: «Estatu kolpe baten eta konstituzioaren aurkakoa izan zen gobernu aldaketa baten ondorioak dira Ukrainako gertaerak». Kieven jarrera deitoratu du presidenteak: «Lurralde hauek ez dira bakarrik banatu, gobernuak banatu ditu mota guztietako blokeoak egitez».
Bilkuraren ondoren eman duten prentsaurrekoan ere nabaritu da bi agintarien arteko tentsioa. Apenas elkarri begiratu dioten, eta keinu serioekin erantzun diete kazetarien galderei. Errusiarentzako gai deserosoak izan ditu hizpide kantzilerrak: gay eta lesbianen giza eskubideak Txetxenian, eta Errusiaren ustezko esku hartzea beste herrialdeetako hauteskundeetan. Irailean hauteskundeak dituzte Alemanian.
Analistek ez zuten espero bi herrialdeen arteko gerturatze nabarmenik Ukrainako gatazkan. Halere, energiaren alorrean zirrikitu bat ireki daiteke, gasak batzen baititu biak: Alemania da Errusiaren eroslerik handiena. North Stream 2 izeneko gas hodia eraiki nahi du Moskuk, Europara esportatzen duen gasa Ukrainatik igarotzea saihesteko. Europa ekialdeko herrialdeak proiektuaren aurka daude, eta, horregatik, Kremlinek Alemaniaren babesa behar du.
Bake konferentzia Sirian
Siriako gerran ere interes kontrajarriak dituzte bi potentziek. Errusiak Siriako Gobernua babesten du, eta haren laguntza militarrari esker ari da aurrera egiten. Halere, Baxar al-Assad presidenteari eskainitako babesa ez zaio Ukrainako gerrako esku hartzea bezain deserosoa. Errusiak bultzatutako bake konferentzia babesteko prest agertu da Alemaniako Gobernua. Hain zuzen, gaur ekin behar diote Astanan bake elkarrizketen hurrengo elkarrizketa sortari. Errusiako Atzerri Ministerioak esan duenez,oposizioko taldeek ere parte hartuko dute konferentzian. Turkiak eta Iranek babesten dute bake ekimena, baina Alemaniak proposatu du herrialde gehiagok parte hartzea.
Merkelekin ez ezik, Trumpekin ere hitz egiteko aukera izan zuen atzo Putinek, telefonoz. Siriako gerran esku hartu duten bi potentzia nagusien harremanak hondoa jo du, AEBek Siriako armada bonbardatu zutenetik. Sirian «eremu seguruak» sortzearen inguruan hitz egin dute bi agintariek, Etxe Zuriaren arabera.
Maiatz erdialdean izango du Trumpek beste hitzordu garrantzitsua: Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin dabiltzekoa. AEBek Siria iparraldeko kurduen babesa dute EI Estatu Islamikoaren aurka egiteko, baina Ankarari kezkagarria zaio aliantza hori, milizia kurduen eragina murriztu nahi duelako nola edo hala. Azken egunetan eraso gogorrak egin ditu Turkiak Siria iparraldean.
Iraganeko auzietan trabatuta
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu da. Hitz egiteko borondatea agertu arren, desadostasun handiak dituzte, batez ere Ukrainan eta Sirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu