Azken hilabeteotan kalera atera den jendetzaren arrastorik ez zen somatu atzo Kataluniako Parlamentuaren kanpoaldean. Instituzioetan buruhauste eta atzerakontuak dira nagusi, baina kalean ez zen asaldurarik sumatu. Mossoek inguratu zuten Ciutadella parkea, bilkura garrantzitsuak daudenean egin ohi duten moduan. Herritar gutxi batzuk bildu ziren sarreran, inbestidura saioa irrati bidez jarraitzeko. Bertaratutako gehienek ere begizta eta ikur horiak zeramatzaten soinean, edota presoen aldeko mezuak.
Nahiz eta mobilizatzeko deirik ez egon, jende gutxi bildu zen atzo parlamentuaren aurrean Joaquin Cervera 77 urteko gizonaren ustez. Ongi iritzi zion inbestidura saioa aurreratu izanari, baina ez zegoen ados CUP alderdiaren abstentzioarekin: «CUPek daukan balioa zera da, beti direla koherenteak euren ideiekin, baina uste dut oker daudela. Egoera kontuan izanik, gobernu bat behar dugu, eta errepublikarekin jarraitu. Puigdemont Belgikan, Gabriel Suitzan eta Ponsati Eskozian egonik, ederra egin dezakegu!».
Gema Feixas 26 urteko gaztearen aburuz, «gizatasunagatik gutxienez» aurreratu behar izan zuten inbestidura saioa, Turullen gaineko espetxeratze arriskuagatik. Ez zegoen ados CUPen erabakiarekin: «CUPekoek beren ideiak dituzte, eta sinisten dutena egin behar dute, horregatik bozkatu baitituzte; baina uste dut abstentzioa Turullen egoera judiziala larriagotzea dela». Turull inbesti zezaten gustatu izanen litzaioke. «Nora iritsi gaitezkeen ikusteko beste aukera bat zatekeen».
Irudikatu ezin zitzakeen gertakizunak bizi izan ditu. «Duela urte bat inork ezin zezakeen egun nola egongo ginen iragarri, eta orain ez dakigu zer gertatuko den». Neke eta etsipen puntu bat dagoela pentsatzen du; are gehiago egunero komunikabideetan Kataluniaz hitz egiten delako, haren ustez. «Halaber, egia da norbait espertxeratzeko arriskuan dagoenean, esaterako, jendeak erreakzionatzen duela».
Hauteskundeak bistan
Parlamentuaren kanpoaldera gerturatu zen ere Silvia Maestra, 50 urteko bartzelonarra. Aipatu zuen Carles Puigdemont izendatzea gustatuko litzaiokeela, Turull baino gehiago. Haren hitzetan, «bera da presidente legitimoa, ERCk, JxCk eta CUPek nahi dutena». CUPen abstentzioaren harira, «koherentea den alderdi bakarra» dela uste du: «Ez dakit onerako edo txarrerako den, baina bereari eusten diote. Errepublika eraikitzera begira daude. Gainontzekoei galdetu diete babesa emanez gero errepublika egongoote litzatekeen, eta, erantzunik jaso ez dutenez, bereari eutsi diote».
Maestra lehenbiziko lerroan egon da, eta, haren iritziz, jendea ez dago nekatuta, baina etsipena nabari da. Aurki hauteskundeetara deituko dutelakoan dago: «Atzerakontua hasi da».
Katalunia. Inbestidura saioa
Iraganeko arrastorik ez
Kataluniako presidentearen inbestidura saioak beste egun erabakigarri bat izan behar zuen, baina atzo ez zen jendetzarik elkartu parlamentuaren kanpoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu