AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Irabazi eta gero, amildegia

Neurririk hartu ezean, zerga igoerek eta gastu jaitsierek kolokan jarriko dute AEBetako eta munduko ekonomia

Irabazi eta gero, amildegia.
jakes goikoetxea
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
AEBetako hauteskundeetako garaipenaren harrabotsaren eta distiraren ondoren, amildegia dago: zerga amildegia (ingelesez fiscal cliff). Bi hitzetan esanda, indarrean dauden hainbat zerga jaitsiera eta kenkari indargabetzea, eta gastua murrizteko neurriak aplikatzea, defizitari aurre egiteko. Barack Obamak neurri horiek indarrean jarri beharko ditu urtarrilaren 1etik aurrera, lehenago demokratek eta errepublikanoek akordioren bat lortzen ez badute.

Zerga igoerak eta gastuen murrizketa batuta, 600.000 milioi dolar dira 2013an (468.000 milioi euro inguru), Ameriketako Estatu Batuetako barne produktu gordinaren (BPG) ia %4. AEBetako ekonomia eta mundukoa dardarka jartzeko moduko kopurua.

Zer da zerga amildegia?

George W. Bush AEBetako Gobernuko presidenteak 1,7 bilioi dolarren (1,3 bilioi euro) zerga jaitsierak onartu zituen2001ean eta 2003an. Senatuan ez zeukan beharbesteko gehiengorik jaitsiera aurrera ateratzeko, eta adiskidetzea izeneko lege tresna baliatu zuen. Zerga jaitsierek 2011n iraungi behar zuten, baina 2010ean, Barack Obama presidente zela, zergen jaitsiera beste bi urtez luzatzea eta soldatei ere zergak jaistea hitzartu zuen, 2013ko urtarrilera arte. Bi hilabete eskas falta dira 2013rako.

Horri guztiari gehitu behar zaio iazko udan demokratek eta errepublikanoek, gastuaren sabaia igotzearen truke, 2013an defizita bost puntu murrizteko neurriak aurreikusi zituztela. 1,2 bilioi dolar hamar urtean (941.000 milioi euro). Berez, murrizketak hitzartu egin behar zituzten, baina hitzartzen ez bazituzten, automatikoki indarrean jartzea aurreikusi zuten. Oraingoz akordiorik lortu ez dutenez, automatikoki indarrean jarriko dira.

Zenbat igoko dira zergak?

Zerga ordaintzaile guztiei igoko dizkiete zergak: diru sarrera gutxien dituztenei %10etik %15era; tarteko diru sarrerak dituztenei hiru puntuko igoera (%28, %31 eta %36); eta gehien irabazten dutenei, %35etik %39,6ra. Igoera handiena dibidenduen zergak izango du: diru sarrera arrunten pareko zerga ordaindu beharko dute, eta, dibidenduen zerga batez ere aberatsenek ordaintzen dutenez, praktikan, %39,6 ordaindu beharko dute. Kapital errenten zerga %15etik %20ra igoko da. Zerga igoera horiez gain, bertan behera geratuko da langile guztientzat Gizarte Segurantza eta Medicare osasun zerbitzua ordaintzeko bi puntuko behin-behineko salbuespena.

Zerga jaitsierak eta kenkariak bertan behera utzita, herritarrek eta enpresek sei bilioi dolar gehiago ordaindu beharko dituzte hamar urtean, 399.000 milioi dolar 2013an (313.000 milioi euro), Kongresuko Aurrekontuen Bulegoaren arabera.

Zenbat gutxituko da gastu publikoa?

Hamar urtean defentsako gastua %9,4 gutxituko dute (500.000 milioi dolar), eta defentsatik kanpoko gastu gehienak, %8,2. Ez dute gasturik txikituko gizarte segurantzan, Medicaiden, haurren osasun aseguruen programan, beteranoen onuretan, soldaduetan, pentsio federaletan... Hamar urtean 1,2 bilioi dolar aurreztu behar dituzte. 2013an 102.000 milioi dolar izango dira.

Zer gertatuko da gastuaren sabaiarekin?

Iazko udan zor publikoaren sabaia handitzea hitzartu zuten demokratek eta errepublikanoek, baina datozen hilabeteetan iritsiko dira muga berrira, 16,4 bilioi dolarrera. Sabai berria negoziatu beharko dute.

Amildegiak zer eragin izango du ekonomian?

AEBak berriro atzeraldian sartzea eta langabezia handitzea. Kongresuko Aurrekontu Bulegoak aurreikusi du ekonomia BPGaren %1,3 uzkurtuko dela 2013ko zerga urtearen lehen erdian (zerga urtea urritik urrira da), %0,5 haziko dela 2013an eta langabezia %9,1era igoko dela (%7,9koa da egun). Ondorioz, diru gutxiago bilduko dute zergen bidez eta langabezia sarien gastua, berriz, handitu egingo da.

Beste aurreikuspen batzuek diote langabezia bi zenbakiko kopuruetara irits daitekeela, eta 2013an eta 2014an milioi bat lanpostu galduko direla.

AEBek, Europak ez bezala, gastu publikoa handitzearen alde egin dute krisiari aurre egiteko. Zerga amildegiak estrategia hori eta krisiaren irtenbidea kolokan jarriko lituzke. Ez AEBetakoa bakarrik, mundu guztikoa baizik.

Hauteskundeek egoera argitu al dute?

Ez. Ordezkarien Ganberak errepublikanoen esku eta Senatuak demokraten kontrolpean jarraituko dute. Beraz, erabaki garrantzitsuak errepublikanoekin negoziatzera behartuta dago Obama.

Zer egin dezakete?

Alde batetik, urtea amaitu baino lehen zerga amildegia saihesteko beste neurri batzuk hitzartzea; bestetik, zergen igoera eta gastuaren jaitsiera berriro atzeratzea, behin betiko akordioa lortzeko; eta baita behineta defizita murrizteko helburu samurragoak hitzartzea, ekonomian hain eragin kaltegarriak ez izateko.

Lortuko al dute akordioa?

«Onena iristear dago», esan zien atzo Obamak, irabazi berritan, estatubatuarrei. Ez zen ari urtea amaitu arteko asteetan —eta hurrengo agintaldi osoan— errepublikanoekin egin beharko dituen negoziazioez. Zorraren muga handitzeko iazko udako negoziazioen parekoak badira, kostako zaie ezer hitzartzea.

Zaila da demokratek eta errepublikanoek akordioa lortzea, baina ez ezinezkoa. Demokratek ez dituzte murrizketak egin nahi, eta Obamak esan du ez diola uko egingo aberatsenei zergak igotzeari; errepublikanoek, berriz, ez dituzte zerga igoerak babestu nahi. Eta batzuek zein besteek ez dute onartuko alde bakarreko neurrietan oinarritutako irtenbiderik.Beraz, tarteko irtenbideren bathitzartu beharko dute: zerga igoera batzuk eta gastuak gutxitzea zenbait ataletan. Demokratak gizarte zerbitzuetako gastuak babesten saiatuko dira, eta errepublikanoak gastu militarra.

Egia da errepublikanoek Obama zigortzeko eta haren proposamenak urardotzeko baliatu dutela Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Hala ere, AEBen ekonomia eta etorkizuna jokoan badaude, errepublikanoen aldeko enpresek eta inbertitzaileek nekez barkatuko diete errepublikanoei alderdiaren interesak herrialdearen interesen gainetik jartzea. Presio egiten ari dira jada. Dena den, ikusteko dago errepublikanoen arteko beso borrokan zer gertatuko den, Tea party-koek epelegia izatea leporatu baitiote Rommeyri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.