Armagheko espetxeko preso errepublikanoen buruzagi ohia eta Sinn Feineko kidea

Sile Darragh: «IRA ez zen inoiz existituko haren komunitatearen babesik gabe»

Bost urtez egon zen espetxean Darragh, eta, han, protesta egin zuen Erresuma Batuaren kartzela politiken aurka. Bizipen horiek biltzen dituen liburu bat idatzi zuen, eta Txalapartak gaztelaniara itzuli du orain.

Sile Darragh, Iruñean, iragan astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sile Darragh, Iruñean, iragan astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 13a
05:05
Entzun

1976ko abuztuaren 4an atxilotu zuten Sile Darragh (Belfast, 1958), Belfasteko enkante batean bonba bat jartzea egotzita. Armagheko espetxera eraman zuten, IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kide emakumezkoak hara bidaltzen baitzituzten, eta bera taldeko kidea baitzen. Atxilotua izan baino urtebete lehenago, Erresuma Batuko Gobernuak preso politikoen estatusa kendu zien IRAko presoei. Hortaz, espetxean igaro zituen bost urteetan protestan aritu zen, han zeuden preso errepublikanoen buruzagi izateraino. Momentu «latz» horiek bildu zituen John Lennon's Dead: Stories of protest, hunger strikes and resistance liburuan, 2011n (John Lennon hil da: protesta, gose greba eta erresistentzia istorioak). Txalapartak gaztelaniara itzuli du. Gaur egun, Darragh Sinn Feineko kidea da.

Titulua bitxia da: ez da Irlandako gatazkaren inguruko liburu batean espero daitekeena.

Espetxean geunden garaiko gertakari barregarri bat da soilik. John Lennon hil zutenean [1980ko abenduan], Mairead Farrel [Darraghen aurretik presoen buruzagia] nire ziegara gerturatu zen oso urduri, Lennon tiroz hil zutela esatera. Hasieran uste nuen gose greban zegoen preso bat zela. Gero konturatu nintzen nor zen hildakoa, eta momentuan berarekin haserretu nintzen arren, gaur egun horren inguruan egiten dugu barre. Jendeak oso momentu gogortzat eta iluntzat dauka garai hura, baina horrelakoetan ere oso irlandarrona den umore beltzerako tarteak bazeudela erakutsi nahi nuen.

Zergatik zen hain garrantzitsua preso politiko gisa aitortuak izatea?

Gutako inork ez zuen espetxe baten barrualdea ezagutuko sei konderrietako egoera politikoa beste bat izan balitz. Margareth Thatcherren [Erresuma Batuko garai hartako lehen ministroa] gobernuaren estrategia bat izan zen Irlandako erresistentzia suntsitzeko. Presoak katebegi ahulena zirela iritzi zioten, eta, beraz, pentsatu zuten horien aurka eginez IRA eta errepublikanismoa menderatu ahal zituztela. Gu kriminalizatzeko saiakera bat izan zen. Lan egiteko, ohiko gaizkile ororen egoeran egoteko, izenak beharrean zenbakiak izateko. Baina gu ez geunden horretarako prest. Gure ustez, gu kriminalizatzen bagintuzten, gure komunitatea kriminalizatzen zuten, gentozen lekua eta gure ideiak kriminalizatzen zituzten. Horregatik, Erresuma Batuaren politiken aurka egitea erabaki genuen, protesta abiaraziz.

Liburuan aipatzen duzu, halere, Erresuma Batuko Gobernuak beste era batzuk ere erabili zituela zuen komunitatea zapaltzeko.

Garrantzitsua da aipatzea Armaghen geunden preso denak ez ginela IRAko kideak. Ehunka lagun espetxeratu zituzten IRArekin inolako harremanik ez zuten arren. Hori ere komunitatea apurtzeko erabili zuten. IRA ez zen inoiz existituko haren komunitatearen babesik gabe. Gerrilla bat ginen, eta, horretarako, komunitate bat behar duzu. Batzuek etxeko atea zabalik uzten zuten gauez, Erresuma Batuko armada norbaiten bila ibiliko balitz ezkutatu ahal izateko.

«Gu kriminalizatzen bagintuzten, gure komunitatea kriminalizatzen zuten»

Komunitate erraldoia zegoen gu babesten, eta jende askok arrisku asko hartu zituen. Babes hori amaitu nahi zuen Erresuma Batuak. Horiek horrela, gazteak atxilotzen hasi ziren, gero haiek fisikoki eta psikologikoki torturatzeko. Horrela, lortu zuen jende andanak bere gain hartzea egiaz egin ez zituen gauza batzuk.

Jazarpen hori izan zen IRAn sartzeko arrazoia?

Jazarpena, diskriminazioa eta sektarismoa ikusten nituen. Ikusten nuen nire lagunei eta bizilagunei eraso egiten zietela. Ikusten nuen Erresuma Batuko armadak eta unionistek nire ingurukoak hiltzen zituztela. Beste gatazka orotan bezala, bi aukera daude: pauso bat atzera eman eta egoera bere horretan utzi, edo urrats bat aurrera egin eta horren aurka zerbait egitea erabaki.

(ID_14326358) IPAR IRLANDA.
Darragh (eskuman, bigarren lerroan), Armaghen, 1980an. BERRIA
Indarkeriaz beteriko egoera horretan, nolakoak ziren atxiloketak?

Hainbatetan atxilotu ninduten Armaghera sartu aurretik. Itogarria zen egoera, Erresuma Batuko armada eta RUC [Royal Ulster Constabulary, Ipar Irlandako Polizia] baitzeuden. Horietako kide asko ia unionista protestante paramilitarrak ziren. Institutura nindoala, askotan gelditu ninduten kalean, galdeketa egiteko. Bazekiten nor gelditzen zuten, baina hala ere beti galdetzen zuten nor nintzen, nora nindoan —eskola uniformea neraman—, zer egin behar nuen eta abar.

Etxean baimenik gabe sartu eta hura arakatzen zuten, edonor atxilotzen zuten, armadaren eraikinetara eramaten zintuzten eta galdeketak egiten zizkizuten. Atxilotzerakoan ez zizuten ezer leporatzen; informazioa besterik ez zuten nahi, komunitatea hausteko. Familiaren, bizilagunen eta lagunen inguruan galdetzen zizuten.

«Ez zegoen inolako gaizkilerik gure artean; sei konderrietako egoera politikoa zela-eta espetxeratu gintuzten»

Nolakoa zen preso errepublikanoa izatea?

Ez zegoen inolako gaizkilerik gure artean; sei konderrietako egoera politikoa zela-eta espetxeratu gintuzten. Bagenekien zergatik geunden Armaghen. Preso politikoen estatusa kendu zuten arren, bestelako presoengandik bereizten gintuzten nolabait. Askatzen gintuztenean, presoak ia heroi gisa tratatzen gintuzten gure komunitatekoek. Jendea hitz egitera  etortzen zitzaizun, batez ere protesten parte izan bazinen. Gaur egun ere, jendeak protesta egun horietan egin genuena aitortzen du.

Nolako tratua ematen zizueten espetxean?

Haien arauen menpe egotea nahi zuten. Neskatila onak izatea, lan egitea. Guk protesta egin genuen horren aurka geundelako, noski. Gaizkinahiz tratatu gintuzten. Sei konderrietan legez, menderatu nahi gintuzten. Haiek baino gutxiago izango bagina bezala ikusten gintuzten: menderatu ahal zuten norbait ikusten zuten gugan. Beti nabarmendu behar zuten haiek zutela boterea. Jarrera zapaltzailea zuten, baina horretara ohituta geunden. Sei konderrietan gertatzen ari zenaren beste alderdi bat zen soilik.

Zergatik erabaki zenuten «greba zikina» deiturikoa zela protesta egiteko erarik onena?

Azpimarratu behar dut guk inoiz ez geniola greba zikina deitu; hori britaniarren zerbait izan zen. Garbiketarik gabeko protesta zen. Gizonezkoen H blokeetan hasi ziren horrelako protestekin, komunera joaten zirenean guardiek jipoitu egiten zituztelako. Armaghen egoera hobea zen, gure arroparekin jantzi ahal ginelako. Baina 1980ko otsailean guri arropa beltz oro —azpiko arropa barne— kentzea erabaki zuten [Errepublikanoek ospatzen zituzten jai esanguratsuetan janzten zituzten arropa horiek]. Gizonezko guardiak etorri ziren, eta jipoitu egin gintuzten. Komunak blokeatu zituzten.

Beraz, zer egin behar da komuna erabili ezin duzunean? Ez genuen geuk erabaki; egoera horretaraino eraman gintuzten, behartuta. Irtenbiderik ez duzunean, erabaki arriskutsuak hartzen dituzu. Egun horiek gogoratzen ditudanean, neure buruari galdetzen diot ea nola jasan genuen greba, nazkagarria zen. Ez dakit nola izan ginen gai hori egiteko, ez dakit nola ez ginen erotu. Uste dut elkarrekin egoteak, indar kolektibo horrek lagundu gintuela.

(ID_14326356) IPAR IRLANDA.
Mairead Farrel bere ziegan, protesta bitartean. BERRIA
Armagheko espetxean gertatutakoa ezaguna da Irlandan?

Armaghen gertatutakoa eklipsaturik egon zen gizonek Long Kesheko H blokeetan egindako protestarengatik. Haiek 400 inguru ziren, eta gu, askoz jota, 32. Esan beharra dut Irlandako errepublikanismoan eta Irlandako gatazkan emakumeak ez direla eklipsatuak izan; are gehiago, gure komunitateetan emakumeon rola aitortzen zaigu, baina egia da Irlandatik at ez dela oso ezaguna. Zenbaitek esaten dute emakumeak historiatik ezabatu gaituztela, baina, nire ustez, ez da ezabatu gaituztela, baizik eta ez dutela gure historia idatzi.

Beti diot emakumeon esku dagoela gure historia kontatzea. Etengabe animatzen ditut beren historiak idaztera, zeren, nire ustez, gure historia kontatzen ez badugu, beste norbaitek kontatuko du gure ordez, bere ikuspuntutik.

«Indar paramilitar unionistak oraindik existitzen dira, eta gure komunitatea mehatxatzen dute»

Nolakoa da unionisten eta errepublikanoen arteko harremana gaur egun?

Bereizitako bi komunitate daude oraindik. Eta esan behar dut gure komunitatea askoz gehiagotan agertu dela prest gure artean zubiak eraikitzeko. UVF [Ulsterko Boluntarioen Indarra] eta bestelako indar paramilitar unionistak oraindik existitzen dira, eta gure komunitateko kideak mehatxatzen dituzte.

Langile klase unionistak arazo anitz ditu; haien buruzagitza politikoaren ondorioz, bide batez. Baina errepublikanoen beldur dira. Politikari unionistek beldurra erabiltzen dute, beren komunitateei esanez beren alde bozkatzen ez badute Londrestik ez dela finantzaketarik iritsiko. Baina gaur egun ez dago halako finantzaketarik. Guk lagundu egin nahi diegu, baina guganako nolabaiteko blokeoa dago komunitate horietan.

Nola aldatu da egoera politikoa azken hamarkadetan?

Erabat aldatu da. Unionista protestanteen gehiengo bat zegoen lehen, eta orain, berriz, nazionalista errepublikanoen gehiengo bat. Sinn Fein da alderdirik handiena sei konderrietan; Ipar Irlandako Asanblean eta Westminsterrerako hauteskundeetan boto gehien jasotzen duen alderdia. Hala ere, Westminsterreko eserlekuak ez ditugu betetzen, Erresuma Batuko Parlamentua ez baitugu onartzen.

Sei konderrietan Erresuma Batuarekin dugun harremana guztiz apurtu beharra dugu; egoera aldatu den arren, harreman horiek sufrimendua eragiten diote gure komunitateari. Irlanda osoko herritarrek ulertu behar dute zentzu handiagoa duela beste 26 konderriekin batzeak, gutaz arduratzen ez den gobernu batekin jarraitzeak baino. Hemen gertatzen dena ez zaie ardura.

Luze gabe Irlanda bateratu bat egongo da?

Uste dut badatorrela; gutxienez erreferenduma. Sinn Feinek gehiengoa du sei konderrietan, eta, Ostiral Santuko Akordioetan hitzartutakoaren arabera [1998], Erresuma Batuko estatu idazkariak erreferendumera deitu behar du gehiengo nazionalista bat dagoenean. Are gehiago, datorren urtean egingo balitz eta bozketa galduko bagenu, zazpi urte barru berriz egin beharko litzateke. Estatu idazkaria estutu behar dugu ikus dezan gehiengoa errepublikanoa dela. Hauteskunde guztietan gero eta indar handiagoa dugu. Erresuma Batuak ezingo du askoz gehiago atzeratu erreferenduma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.