Ipar Irlanda

IRA Berriak aitortu du beraiek hil zutela Lyra McKee kazetaria, "tragikoki"

"Barkamena" eskatu die IRA Berriak kazetariaren bikotekideari, senideei eta lagunei: "Etsaia erasoan ari zela, Lyra McKee tragikoki hil zen indar etsaien ondoan zegoela". 57 urteko emakume bat atxilotu du gaur Poliziak. Ostiral Santuaren bezperan, ostegun gauean, liskar handiak izan ziren Derryn.

Polizia Derryn, Lyra McKee tirokatu zuten lekuan. JOE BOLAND / NORTH WEST NEWSPIX
Hodei Iruretagoiena
2019ko apirilaren 23a
10:02
Entzun

"Etsaia erasoan ari zela, Lyra McKee tragikoki hil zen indar etsaien ondoan zegoela". Horrela aitortu du IRA Berriak kazetari gaztearen hilketa, eta "benetako barkamena" eskatu die haren bikotekideari, senideei eta lagunei. "Ostegun gauean, britainiar koroaren indarrak goraino armatuta sartu ziren Creggan auzoan, eta IRAk bere boluntarioak atera zituen". IRA Berriak salatu duenez, "probokatzera" joan zen Polizia. McKee beste kazetari batzuekin batera zegoen polizia auto baten ondoan, eta tiroketaren erdian, hari jo zion bala batek. Gaur, 57 urteko emakume bat atxilotu du Poliziak hilketaren lotuta, Belfast Telefraph hedabideak zabaldu duenez. Creggan auzoan atxilotu dute andrea, ostegun gaueko istiluak izan ziren lekuan. Galdeketa egitera eraman dute.

Joan den ostegunean, Derry hiriko Mulroy Park eta Galliagh auzo errepublikanoetan hainbat miaketa egin zituen Poliziak, su armen bila, filtrazio baten arabera asteburuan polizien kontrako erasoak egitekoak zirelako. Orduan piztu ziren McKeeren heriotza ekarri zuten istiluak; batez ere, Creggan auzoan. Gazte talde batek molotov koktelak jaurti zizkien poliziei, 50 inguru, eta su eman zien bi polizia autori. 23:00 inguruan, berriz, tiroketa hasi zen, eta orduan jaso zuen tiroa Lyra McKeek, beste kazetari batzuekin batera polizien artean zegoela.

Gertatutakoa grabatzen ari zen sakelako telefonoarekin polizia auto baten atzealdean babestuta. Erietxera eraman zuten, baina han hil zen 29 urteko gaztea. McKee Belfasten jaiotakoa zen, eta duela gutxi joan zen bikotekidearekin bizitzera Derryra. Kaliforniako Mediagazar atarirako editore lanak egiten zituen, eta liburu bat prestatzen ari zen gatazkan desagertutako gazteen inguruan. LGTB komunitateko ekintzailea ere bazen, eta erreferente bat zen gay eta lesbianen eskubideen aldeko borrokan.

Atxilotuak, kargurik gabe aske

Polizia "ekintza terrorista" gisa ikertzen ari da gertatutakoa, eta 18 eta 19 urteko bi gazte atxilotu eta galdekatu zituen larunbatean, baina kargurik gabe aske utzi dituzte.

IRA Berria 2012an jaio zen, hiru milizia batu ondoren. Benetako Irlandako Armada Errepublikanoa ere seinalatu dute egunotan; 1997an sortu zen hura, barne zatiketa batetik, eta uhartearen batasuna lortzeko borroka armatua defendatzen du. Sortu eta gutxira, 1998an, bonba-auto bat jarri zuen Omaghen. Ekintza horretan 29 lagun hil zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.