Klima larrialdia

IPCCk nabarmendu du posible dela Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago planetaren berotzea 1,4 gradukoa izan dadin mende amaieran. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean.

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskazeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ANDY RAIN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 20a
19:33
Entzun

«Bizirauteko gida bat» du gizadiak esku artean, gaurtik. «Klimaren denbora bonba desaktibatzeko gida bat», Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren esanetan. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak gaur aurkeztu du txostenari buruz egin ditu adierazpen horiek NBEko buruak. IPCCren seigarren txostena da, eta bertan laburtu ditu zientziak klima krisiari buruz ondu duen jakintzaren gako nagusiak, baita munduko agintarientzako gomendio sorta bat ere, berotze globalaren kontrako politika eraginkorrak ezar ditzaten. Txostenak argi dio neurri sakonak eta berehalakoak behar direla klima krisiaren ondoriorik larrienak saihesteko. Eta itxaropen mezu bat eman du aldi berean Hoesung Lee IPCCko presidenteak: «Orain ekiten badiogu, guztiontzako etorkizun jasangarri bat berma dezakegu oraindik».

Parisko Hitzarmenean (2015) zehaztutako helburuak betetzeko oinarri zientifikoa biltzen du IPCCren dokumentuak. Helburu nagusia da Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea, industria aurreko tenperaturarekin alderatuta. Handik gora klima aldaketaren kalteak esponentzialki handituko lirateke eta. Ikerlariek ohartarazi dute helburu hori betetzeko ezinbestekoa izango dela egungo berotegi gasen isuria erdira murriztea 2030 urtea baino lehen, eta karbonoan neutro bilakatzea 2050 aldera. Beraz, orain arte hartutako konpromisoak baino neurri ausartagoak beharko dira.

Egungo joerarekin, Lurra 3,2 gradu berotuko litzateke mende honen amaierarako, eta estatuek gaur arte hartu dituzten konpromisoak betez gero, gutxienez, 2,2 gradukoa litzateke berotzea. IPCCk ohartarazi du azken hamarkadan tenperatura 1,1 gradu handiagoa izan dela batez beste, industria aurreko aldiarekin konparatuz. Bi datu Berotzea ezohikoa den adierazgarri: azken 50 urteetako tenperatura igoera 2.000 urteotako handiena izan da, eta atmosferako karbono dioxido kontzentrazioa azken bi milioi urteetako handiena.

Klima krisiak hainbat kalte eragin ditu dagoeneko. Muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritu dira mundu osoan: bero olatuak, lehorteak eta eurite bortitzak. Uzta ugari galdu dira, milioika pertsona ari dira gosetea pairatzen, atzera-bueltarik gabeko galerak izan dira garrantzi handiko zenbait ekosistemetan, eta itsas maila geroz eta azkarrago ari da igotzen. Txostenak gogorarazi du munduko biztanleen %40 inguru bizi direla klima larrialdia dela-eta «oso zaurgarriak» diren eremuetan, eta biztanleen erdiek jasaten dutela ur eskasia urtean aldi batez, behintzat. Horren ondorioz, milioika pertsonak lekualdatu behar izan dute.

Goia, mende erdi inguruan

Etsipenetik urrun, IPCCk ekitera deitu du, ezagun direlako «klima larrialdira egokitzeko eta isuriak murrizteko askotariko aukerak, egingarriak eta eraginkorrak». Lorgarritzat jo du Lurraren berotzea 1,4 gradura mugatzea 2100. urterako, mende honen erdialdera, 1,5 graduan goia jo ostean.

Horretarako, txostenak nabarmentzen du energia berriztagarrietan inbertitzeko beharra. Eguzki eta haize energiaren ekoizpena modu esanguratsuan merkatu dela gogorarazi du, eta, kasu askotan, isuri handiko energiak ustiatzea berriztagarrietarako trantsizioa egitea baino garestigoa dela ziurtatu. Bestetik, garraioetan bioerregai jasangarriak, hidrogenotik eratorritako erregaiak edo ibilgailu elektrikoak erabiltzeari aitortu dio garrantzia. Baita portaera sozial batzuk aldatzeari ere; besteak beste, autoaren erabilera garraio publikoarekin edo bizikletarekin ordezkatzeari eta energia kontsumoa murrizteari. IPCCk aurreratu du egungo kontsumo ereduarekin ezinezkoa dela Lurraren berotzea 1,5 graduren azpitik mantentzea.

Planetaren berotzea mugatzeko prozesu horretan, hala ere, atzera bueltarik gabeko aldaketa batzuk gertatuko dira, zientzialariek iragarri dutenez. Esaterako, «saihetsezina» izango da itsas mailak igotzen jarraitzea «datozen mende eta milurtekotan». Lurra mende amaieran 1,5 gradu berotuko balitz, bizpahiru metro igoko da itsas maila datozen bi mila urteetan. Igoera bi eta sei metro artekoa izango da berotze globala bi gradukoa bada. Aldiz, planetaren tenperatura bi eta hiru gradu artean berotuko balitz, Groelandia eta Artikoaren mendebaldea ia osorik urtuko direla iragarri du IPCCk. Halako baldintzetan, itsas maila hamabost metro inguru igoko litzateke 2300. urterako.

IPCCk klima larrialdiari buruzko lan mardul bat amaitu du seigarren txostenarekin. 2021 eta 2022 artean argitaratu zituen lanen bidez azaldu zituen klima aldaketaren bilakaera, haren ondorioak, eta krisiari aurre egiteko har zitezkeen neurriak. Azken dokumentuak ondorio garrantzitsuenak laburbildu ditu. Hurrengo txostena klima larrialdiaren eta hiri antolakuntzaren arteko loturari buruzkoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.