Iparretarrak (IK) talde armatuarekin lotuta, Ipar Euskal Herriko 60 bat lagun atxiki dituzte preso azken berrogei urtean. Kondena txikiak bete dituzte gehienek, hilabete bat eta hiru urte artekoak, baina luzeagoak ere izan dituzte batzuek, hamar urte inguru edota ia hogei urterainokoak. Filipe Bidart izan zen espetxetik ateratzen azkena, baita sonarik handieneko kasua ere: hemeretzi urteko espetxe zigorra bete ondotik baldintzapean askatu zuten 2007an, baina 2012ra arte ezin izan zen Euskal Herrira itzuli, baldintzapeko askatasunak ezartzen zion debekuagatik.
Nolanahi ere, luzeagoa zen, teorian, bete beharreko zigorra: bizi osorako bi zigor eta bertze hogei urteko kondena bat ezarriak zizkion epaitegiak. Gabi Mouesca IK-ko militante ohi eta hamazazpi urtez preso izandakoak dioenez —kondena osoa bete zuen hark—, Bidart askatzeari buruz «bi ikusmolde» daude: «Batzuk erraten dute militanteen indarrei esker atera zela. Eta, beste batzuek, Frantziak ikusi zuela IK-ren istorioa bukatua zela eta azken lotura istorio horrekin zela Filipe. Eta, beraz, ez zela arriskurik ateratzen bazuten, bukatzeko frantses estatuan bai bortizkeria eta bai IK». Dioenez, gobernuarekin ez zen elkarrizketarik izan.
Azken ekintza, eta HNT
2003an egin zuen IK-k azken ekintza: «Izan ginen Bordele ondoan gorpu bat miatzeko». Jean Louis Larre Popo militante desagertuaren hilotza atzeman nahian zebiltzan. Mouescaren hitzetan, «ohorezko ekintza» izan zen. Ordutik isilik egon da talde armatua, baina ez du sekula bukaera ofizialik iragarri. Duela hilabete zenbait igorri zuten azken agiria, Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin (HNT) bildu ondotik: «Adierazi diegu bake prozesuarekin bat egiten dugula eta sartu garela logika horretan. Izan da manera bat IK-ren istorioa ez uzteko debaldetan bukatzen, tristeki».
Gatazka politikoak eta presoak. Amaitutako aferak
Iparretarrak. Parisen lasaitzea edo herri babesa
Etxean dira jada Iparretarrak erakundearekin lotuta preso izaniko guziak. Bake prozesuan parte hartzeko nahia agertu dute berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu