Ameriketako VII. Goi Bilera

IPARRAK ESTUTU DUEN HEGOA

Zalaparta giroan egingo dute, ostiralean, Ameriketako Goi Bilera. Kubak aurreneko aldiz parte hartuko du 1962az geroztik. Halere, tentsioa gori dago, eta AEBen eta Venezuelaren arteko ika-mikek baldintzatuko dute eztabaida. Ipar eta Hego Amerikaren hartu-eman gaiztotuen erakusle argia da uneotako egoera.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, Barack Obama AEBetakoa eta Raul Castro Kubakoa elkartuko ditu datorren ostiralean Ameriketako VII. Goi Bilerak, Panama Hirian. SANTI DONAIRE ETA KIM LUDBROOK / EFE.
Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Berez batasunaren ikur behar lukeena haustura eta zatiketaren erakusle argia bihur daiteke heldu den ostiralean. Ipar eta Hego Amerikaren arteko ezinikusia areagotuta, zalapartarako giro aproposean elkartuko dira 35 herrialdetako ordezkariak bi egunez, Panamako hiriburuan. Zazpigarren aldia dauka Ameriketako Goi Bilerak, eta aspaldiko giro mikatzena espero da; ez da faltako gatzik eta piperrik, behintzat. Kubaren parte hartzea izango da, ezbairik gabe, berrikuntza nagusiena. AEBekiko giroa leundu eta harreman diplomatikoak berreskuratzeko bidea argituta, 1962az geroztik lehenbizikoz gonbidatu dute batzarrera Raul Castro buru daukan gobernua; Washingtonek betoa jarri zion duela 33 urte Habanari. Eta, AEBek Latinoamerikan duten boterea garai hartakoa ez den arren, AEE Amerikako Estatuen Erakundean —berak antolatzen du— eskumen handia du Washingtonek oraindik ere. Baina, aurrekoetan ez bezala, Barack Obama presidenteak aldatu egin du jarrera, ez baitu trabarik ipini.

Kubari gonbita bidaltzeko erabakiak, dena den, hautsak harrotu ditu orain ere: demokraziaren kontrako dute batzuek, ezegonkortasunaren mehatxua haizatuko duelakoan; beste batzuek, berriz, nahitaezko jo, eta bilerara joateko baldintza ezarri dute; ALBA Amerikako Aliantza Bolivartarreko kideek, bereziki. Bilkura eguna hurreratu ahala, nolanahi ere, igartzen zen kutsu lasaia urtu, eta igotzen ari da bi Ameriketako herrialdeen arteko tentsioa. Gori-gori dago egun; hein handi batean, AEBen eta Venezuelaren arteko tirabirek baldintzatuta. Aferak bilkura bera kolokan jar dezakeela uste duenik ere bada; ñabardurak ñabardura, agerikoak izan direlako Amerikako Estatuen Erakundearen barruko arrakalak: AEBak eta Kanada alde batean lerratu dira; eta bestean, Latinoamerikako herrialdeak, AEBen jokaerekin haserre. Pisu handia hartuko du gaiak eztabaidan.

Horren haritik, batzar historiko eta erabakigarria izango dela deritzote zenbait adituk. Hala izateko osagai guztiak biltzen dituela, uste hori du Katu Arkonadak (Barakaldo, Bizkaia, 1978). 2009. urteaz geroztik bizi da Bolivian, eta Gizateriaren Aldeko Aditu Sareko kidea da; Boliviako Gobernuaren aholkulari jardundakoa ere bada. «Gainbehera» ikusten du AEBen hegemonia, eta horrekin lotu du Venezuelarekiko harturiko jarrera: «Mundu multipolar berri batean, AEBek kanpoko etsai bat behar dute mugetatik hurbil, beren burua identifikatzeko eta ukazioa agertzeko horren aurka. Kubaren ondoren, urrats logikoa da Venezuelaren kontra egitea». Dioenez, AEBek etengabe egin dituzte horrelakoak, patriotismoa saltzeko.

Venezuela da munduan petrolio erreserba gehien duen herrialdea, eta eredu neoliberaletik haragoko prozesu ugari bultzatzen ari da Latinoamerika eta Kariben. Hori dela eta, Venezuelaren aurka jotzeak kontinente osoaren integrazioari kalte egiten diola salatu du Arkonadak, eta bataila bat aurreikusi du ostiraleko bilerarako. «Zergatik? AEBek ez dutelako jakin ulertzen Latinoamerikaren egungo garai historikoa, ez eta parez pare duen abagunea ere». Aldez aurretik borroka «galdua» duela-eta Obama tentsioa hauspotzen tematuko delakoan da Arkonada.

Tirabirak, Chavezen garaitik

Hugo Chavez zenak Venezuelako presidentetza eskuratu zuenetik, tirabira handikoak izan dira Caracasen eta Washingtonen arteko hartu-emanak. Chavezen gidaritzapean, izan ere, ordura arte AEE Amerikako Estatuen Erakundean jorratzen ziren gai franko —AEBek indar handia dute bertan— ALBAn eta Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunean partekatzera igaro ziren. Washingtonen eragin eremutik at, indarrak metatu zituzten Amerika Hegoaldeko estatuek, toki ugaritan ezker joerako buruzagiak agintera heldu ahala.

Joera hori ez zen eten Chavezen heriotzaren ostean. Madurok boterean daraman bi urteetan, harremanak arindu ez, gaiztotu egin dira. Venezuelako presidenteak behin baino gehiagotan gaitzetsi izan ditu AEBen esku-hartzeak. «Gehiegikerietan dabil», dio Iñaki Aramayok. La Platatik (Argentina) dihardu kazetari, Euskal Herriko hedabideentzat bereziki.

Iazko abenduan Venezuelaren kontra AEBen Kongresuak onartutako zigorrak otsailean sinatu zituen Obamak. Horrela, AEBetako presidenteak zigor horiek handitu, luzatu eta zorroztu egin ditu berriki. Trukean, «ahal bereziak» eskuratu ditu dekretu bidez Madurok Venezuelako Parlamentuarengandik, AEBen «eraso eta mehatxuei» aurre egiteko asmoarekin.

Venezuelako herritarren kontra sekula emaniko pausorik erasokor, bidegabe eta kaltegarrientzat jo du Madurok. «Larrialdi nazionala» ezarria du Obamak, AEBen segurtasunarentzat Venezuelak duen egoera «mehatxu izugarri eta ezohikoa» dela argudiatuta. Zazpi goi funtzionario venezuelar zigortu zituen orain hilabete: AEBetan sartzeko debekua jarri zien; herrialde hartan izan ditzaketen ondasunak izozteko agindu zuen. Tentsioek, horregatik, goia jo dezakete datorren ostiraleko bilkuran. Madurok iragarria du Venezuelaren kontrako neurri oro bertan behera uzteko eskatuko diola Obamari, helaraziko dizkion hamar milioi sinaduraren babesean.

Nahas-mahas horretan adostasunak erdiestea «nekeza» izango dela ohartarazi du Arkonadak. Bi Ameriken arteko harremana berreraikitzeko «premia» eramango du ALBAk bilerara; elkarbizitza «baketsua» ziurtatzeko neurriak jarriko ditu mahai gainean. Latinoamerikako nahiz Karibeko agintariek, halaber, elkar hartuta exijituko diote Obamari duela hilabete onartu zuen Venezuelaren kontrako legea baliogabetu dezala. Zioak xehatu ditu Arkonadak: «Dekretua mehatxu izugarria eta esku hartze onartezina da Venezuelaren burujabetzaren aurka». CELACek ere bide bera har dezakeen susmoa du; AEEren alternatiba izateko sortu zuten erakundea Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoek 2010ean, AEBak eta Kanada barik. Jakinarazpena egin du jada Kubako presidente Raul Castrok, irmo: «Venezuela bakartzeko ahalegin oro alboratuko dugu, Kubari blokeoa behin betiko altxatzeko eskatzeaz gain». Ustez «terrorismoa» sustatzen duten herrialdeen zerrendatik irtetea nahi du Castrok; laster —hilabete honetan— egingo du publiko zerrenda Washingtonek.

Maduroren gobernua «indartuta» irtengo dela nabarmendu du Aramayok, eta uste du AEBen gobernuaren zilegitasuna «ipurdi bistan» lagako duela bilkuran. «Estrategia huts handia egin du. Ez du jakin denborak behar bezala neurtzen», Gizateriaren Aldeko Aditu Sareko eledunaren arabera.

«Sekula baino pitzatuago»

Ez da kasu bakarra, edonola ere, AEBen eta Venezuelaren artekoa. Kolonbiako bake prozesua, Bolivia eta Ekuadorko egoera, Uruguairen egunerokoa Jose Mujika gabe, Brasil eta Argentinako ustelkeria kasuak... «Luzea da zerrenda. Arazo asko, baina, barnean dituzte herrialdeek». Horretaz jakitun, Panamako kantziler Isabel Saint Malok giro nahasia baretzeko deia egin du. Hitzordu garrantzitsua da herrialdearentzat; hamabost milioi euro inbertitu ditu Panamak bilera prestatzeko, eta ez du aukera ihes egiten ikusi nahi: «Berba egiteko eta Ameriketako demokrazia demokratizatzeko parada paregabea dugu parez pare». Eskariei entzungor egiteko arriskua handia dela esan du Arkonadak.

Ipar eta Hego Amerikaren arteko harremanak, izan ere, «sekula baino pitzatuago» ikusten ditu Aramayok; apurtzear kasik. «Industrializazioarekin batera, Ipar Amerikak hazkunde prozesu bat bizi zuen, eta ongizate estatuak eraiki zituen, hegoaldeko natura eta herritarren kontura», jakinarazi du Arkonadak. Aurrerantzean, orobat, AEBei kalte egin diezaiekeen zerbait jazo daitekeelakoan da: bai Txina eta bai Errusia sendo ari dira sartzen Latinoamerikan. Horrek AEBetako hegemonia historikoa «ezbaian» jartzen duela uste du Gizateriaren Aldeko Aditu Sareko kideak. Argi du, ordea, nahiz eta AEBek apur bat uzkurtu orainokoari eutsiko diotela. «Ezegonkortasuna hedatzeko, jomugan dituzte demokratikoki hautatutako gobernu franko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.