Ipar Mazedonian 59 gazte hil diren dantzalekuan ez zuten suteen kontrako babesik

Ekonomia Ministro ohia ikertuko dute, klubari lizentzia emateagatik.

Su hartu zuen lokala, Kocani hirian, atzo goizean. GEORGI LICOVSKI / EFE
Su hartu zuen lokala, Kocani hirian, atzo goizean. GEORGI LICOVSKI / EFE
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 17a
11:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Mazedoniako dantzaleku batean 59 pertsona hil ziren atzo goizaldean. Herrialdeko fiskaltzaren arabera, eraikinak ez zuen suteen aurkako ur ihinztagailurik, bi su itzalgailu baino ez zituen eta ate nagusiaz gain beste irteera bat zuen, baina itxita zegoen. Gainera, lokala sua erraz har dezakeen material batekin zegoen intsonorizatuta. Hain zuzen ere, dantzalekuan egiten ari ziren kontzertuan erabilitako material piroteknikoek eragin zuten sua.

Skopje hiriburutik 100 kilometrora dagoen Kocani hiriko lokal batean gertatu zen ezbeharra, goizaldeko 03:00ak aldera. 59 pertsona hil ziren eta zauritu ugari izan ziren. Fiskaltzaren lehen ikerketan arabera, 500 pertsona inguru zeuden, baimendutako edukieraren halako bi.

Gaur hasi dira galdeketak Skopjeko Zigor Auzitegian. Fiskaltzak susmoa du sutea gertatu zen dantzalekuaren funtzionamendurako lizentzia faltsututa ote zegoen. Deklaratzera deitutako pertsonen artean Kreshnik Bekteshi Ekonomia ministro ohia dago, bere agintaldian klubak irekitzeko baimena jaso zuelako.

«Enpresak ez zuen legezko lizentziarik. Esan dezaket lizentzia honek, iraganeko beste askok bezala bezala, eroskeriarekin eta ustelkeriarekin lotura duela», adierazi du Panche Toshkovski Ipar Mazedoniako Barne ministroak.

Hogei pertsona baino gehiago galdekatu dituzte orain arte, eta horietako zortzi espetxeratzeko eskatu du fiskaltzak. Ikertuetako batzuk ospitalean daude oraindik. Guztira 155 zauritu daude erietxeetan, eta haietako 44 gertuko herrialdeetakoetan, Ipar Mazedoniako erredura unitateetan ohe nahikorik ez dagoelako.

59 hildakoek 14 eta 25 urtean zituzten, eta horien arteankontzertua jotzen ari ziren lau taldekide daude. Herrialdean zazpi eguneko dolua hasiko dute astelehen honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.