Ipar Korean bortxazko lana «instituzionalizatuta» dagoela salatu du NBEk

Bortxazko lanen «sare zabalak» ia Ipar Koreako biztanle guztien bizitzak baldintzatzen ditu, Nazio Batuen Erakundeak eginiko ikerketa baten arabera.

Kim Jong Un, Ipar Koreako lider gorena, iragan ekainean Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batera eginiko agerraldi batean. VLADIMIR SMIRNOV / EFE.
Kim Jong Un, Ipar Koreako lider gorena, iragan ekainean Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batera eginiko agerraldi batean. VLADIMIR SMIRNOV / EFE.
2024ko uztailaren 16a
14:55
Entzun

Lan behartuak «instituzionalizatuta» daude Ipar Korean, eta, kasu batzuetan, «esklabotzaren» gizateriaren aurkako krimenak izan daitezke, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak (OHCHR) gaur argitaratu duen txosten baten arabera. 2015 eta 2023 artean herrialdetik alde egin eta egun Hego Korean bizi diren 183 pertsonaren testigantzak jaso ditu OHCHRk, eta, ondorioztatu duenez, Kim Jong-Un Ipar Koreako lider gorenaren erregimenak biztanleria «kontrolatu eta esplotatzen» du.

«Baldintza onartezinetan lan egitera behartu zituzten: sektore arriskutsuetan, soldatarik, osasun arretarik, elikagairik edota atsedenik gabe», adierazi du Volker Tuerk OHCHRko buruak Genevan (Suitza), txostena aurkezteko eginiko prentsaurrekoan. Langileak «etengabe zelatatzen» dituztela ere azpimarratu du goi mandatari austriarrak, eta emakume ugarik, batez ere atxiloketa zentroetan, «sexu indarkeria» jasaten dutela.

Elkarrizketatutako 183 pertsona horien adierazpenez gain, Ipar Koreako Gobernuak nahiz hainbat gobernuz kanpoko erakundek argitaratutako informazioaz baliatu da OHCHR ikerketa osatzeko. Halere, erakundeak salatu du Ipar Korearako sarbide «mugatuak» «oztopo» ugari eragin dituela datuak berretsi ahal izateko eta informazio gehiago bilatzeko.

Bortxazko lana pairatzen duten hainbat lan eremu bereizi dituzte txostenean: kartzeletan edota atxilotze zentroetan, estatuak ezarritako enpleguetan, derrigorrezko zerbitzu militarrean eta atzerrira bideratutako lanetan, besteak beste. Bestalde, ikerketak ondorioztatu du lan behartua «errepresio politiko» gisa erabiltzen dela Ipar Korean, sistematikoki «doktrinamendu» saioekin batera joaten baita, zeinetan gobernuarekiko eta lider gorenarekiko menpekotasuna berresten den. Gainera, testigantzen bidez bortxazko lanaren «eredu ohikoa» antzeman da ikerketan, egileei eta horiek erabilitako metodoei dagokienez.

Emakume atxilotuak eta «esplotatuak»

OHCHRk, bere txostenean, atxilotuta egon bitartean bortxazko lana egin zuten ehun emakume baino gehiagoren bizipenak jaso ditu, herrialdera itzuli behar izan zirenak «legez kanpoko mugak zeharkatzea» egotzita —ez da zehazten ea Ipar Koreak Txinarekin edo Hego Korearekin duen muga den—. Ikerketan diotenez, atxiloaldian genero indarkeria jasan zuten emakumeek, kasu askotan sexu indarkeria ere bai. Gainera, emakumeen higiene behar espezifikoetarako beharrezkoak diren materialetarako sarbidea «ukatu» zitzaien.

Nekazari sektorean lan egitean izan zituzten «baldintza miserableak» salatu dituzte emakume elkarrizketatuek, ikerketan azaltzen diren testigantzen arabera. Aurreikusitako lana ez bazuten betetzen, «indarkeria fisikoa» jasaten zutela edota elikagairik gabe gelditzen zirela aipatzen da txostenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.