Ipar Korea uranioa aberasten ari da. Hala adierazi du gaur herrialde horretako buruzagi Kim Jong-unek uranioa aberasteko instalazioen berri eman duenean. KCNA Ipar Koreako albiste agentziak gaur argitaratutako irudietan, Arma Nuklearrak Ikertzeko Institutu Nazionaleko uranio zentrifugagailuak ikuskatzen ageri da Kim —metala aberasteko erabiltzen dira tresnak horiek—. Buruzagiak institutuko ikertzaileak bultzatu ditu uranioa aberasteko zentrifugagailu gehiago eraikitzera, eta, horrela, «autodefentsarako arma nuklearrak areagotzera».
Izan ere, uranio-235 isotopoa lortzen da Piongiangek erakutsitako instalazioetan, eta horixe da —beste zenbait elementu eta prozesu kimikorekin batera— bonba nuklearren lehengaia. Gaur arte, Ipar Koreako Gobernuak ez zuen zabaldua mota horretako instalazioen irudirik. Hala ere, nazioarteak bazuen haien berri: batetik, Kimek behin baino gehiagotan jardun duelako horiei buruz; eta, bestetik, 2010ean Ipar Koreako Gobernuak modua eman zuelako Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek instalazio horiek bisitatzeko.
KCNAk bildutako adierazpenetan, arma nuklearrak produzitzeko gaitasunaren garrantziaz mintzatu da Kim: «Egungo segurtasun egoera mehatxu bat da Ipar Korearentzat». Urte hasieran, Piongiangek «etsai nagusi» izendatu zuen Hego Korea. Horiek horrela, Kimen ustez nahitaezkoa da «prebentziozko erasoak» egiteko ahalmena eta gaitasun nuklearra areagotzea. 2003an, Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Itunetik irten zen Ipar Korea.
Ipar Korea uranioa aberasten aritzeak kezka pizten die AEB Amerikako Estatu Batuei eta Hego Koreari, eta ohartarazi dute balitekeela Kimek proba nuklearrak egiteko asmoa izatea.