Gaurtik aurrera ez da modurik izango Ipar Koreatik Hego Koreara eta alderantziz lurrez iristeko, Piongiangek iragarri baitu moztu egingo dituela bi herrialdeak lotzen dituzten errepide eta trenbide guztiak. Horien ordez, «defentsarako azpiegitura sendoak» eraikiko ditu. Ipar Koreako KCNA albiste agentzia ofizialak kaleratu du informazioa; horren arabera, Piongiangek erabakia hartu du bere «etsai nagusiaren», Hego Korearen, «mehatxuei» aurre egiteko, gerra bat ekiditeko eta herrialdeko segurtasuna defendatzeko.
Piongiangek salatu du Hego Korea eta AEB Ameriketako Estatu Batuak gero eta entrenamendu militar gehiago egiten ari direla bere lur eremuetatik gertu. Ipar Korea ere ez da geldi egon. Duela hiru aste, adibidez, uranioa aberasteko instalazio bat bisitatu zuen herrialde horretako buruzagi Kim Jong-unek, eta irudi horiek argitaratu zituen, ondoren, KCNA agentziak.
Hego Koreako armadak komunikatu baten bidez erantzun dio neurriari. Testu horretan zehaztu du oraingoz ez duela atzeman azpiegitura militar berri nabarmenik bi herrialdeen arteko mugan dagoen eremu desmilitarizatuan (DMZ). Hori bai, ohartarazi du «irmo» erantzungo duela Ipar Koreak «mugimendu probokatzaileren bat» egiten badu: «Gure armadak ez du ez ikusiarena egingo Ipar Koreak statu quo-a unilateralki aldatzeko ekintzaren bat egiten badu». Nolanahi ere, Kimi zuzenduta, armadak esan du gaur iragarritako ekintzak lortuko duen bakarra dela Ipar Korea «are gehiago isolatzea».
Neurriak apenas izango duen ondorio praktikorik, ez baita ohikoa bi herrialdeak lotzen dituzten errepideak erabiltzea; halere, beste koska bat areagotu du Piongiangen eta Seulen arteko tentsioa, eta horri tentuz begiratzen dio Pekinek. Hala adierazi du gaur Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek, prentsaurreko batean aferaren inguruan galdetuta: «Guztioi komeni zaigu Koreako penintsulan bakea eta egonkortasuna bermatzea eta gatazkarentzat irtenbide politiko bat sustatzea». Are, nazioarteari dei egin dio elkarlanean aritzeko, eta, horrela, bi helburu horiek betetzeko.
Konstituzioko aldaketak
Erabakia lotuta dago Kimek urte hasieran egindako eskariarekin: konstituzioan Hego Korea «etsai nagusi» izendatzea, eta bertan behera uztea bi estatuak modu baketsuan elkartzearen aldeko konpromisoa. Bada, herenegun eta atzo, afera horiez hitz egiteko ezohiko saioak egin dituzte Ipar Koreako Parlamentuan. KCNA albiste agentziak jakinarazi duenez, konstituzioari «erreforma esanguratsuak» egin dizkiote, bi herrialdeen arteko batasunarekin zerikusia dutenak. Edonola ere, ez dute horiek zeintzuk diren zehaztu.
Bi herrialdeek gatazka militar bat izan zuten 1950etik 1953ra. Ordutik, armistizioa dago indarrean, baina ez dute, ofizialki, bakerik sinatu.