Ipar Koreak alerta militarra ezarri du AEBen eta Hego Korearen maniobrengatik

Ipar eta Hego Koreak turismo egitasmoak berriro hasiko dituzte, eta herrien arteko muga normalizatuko dute

2009ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ipar Koreak armadako milioi bat soldadu baino gehiago jarri ditu alertan, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Hego Koreak elkarren arteko maniobra militarrak hasi behar dituztelako. Yonhap informazio agentziaren arabera, Piongiangentzat mehatxua da bi herrialde horiek egin beharrekoa, eta inbasiorako prestakuntza dela dio.

Ipar Koreako Gobernuak helarazitako komunikatu batek azaltzen du 1,2 miloi soldadu alerta egoeran jarri dituztela, eta Seulek edota bere aliatuek egiten duten inbasio saiakera orori erantzungo diotela. Ez da lehen aldia horrelako gertakarien inguruan Ipar Koreak soldaduak mobilizatu eta gisa horretako abisuak ematen dituena. «Gure eskutan dauden baliabide guztiekin emango diogu erantzuna mehatxuari, indar nuklearra baztertu gabe», adierazi du ofizial militar iparkorear batek.

Atzo hasi eta hurrengo abuztuaren 27ra arte iraungo dute maniobra militarrek, eta Hego Koreako 56.000 soldadu eta 10.000 militar estatubatuar ari dira parte hartzen. Horren bidez, Piongiangen balizko erasoa simulatu nahi dute. Itxura horiekin, zibererasoei erantzuteko helburua dute, iragan uztailean Hego Koreak jasan zituen eraso informatikoak direla eta. Seulek Piongiang akusatu zuen gertakari horien erantzule izateagatik.

Gisa horretako maniobra militarrak 1975. urtean hasi ziren, eta urtero egiten dituzte elkarlanean AEBek eta Hego Koreak. Horren bidez, Ipar Korearekin balizko gerra bat simulatu asmo dute. Bi Koreak gerra tekniko egoeran daude 1953an armistizioa sinatu zutenetik. Guda hori amaitu zenetik, munduan gehien militarizatutako toki bihurtu zen; han, Ipar Koreako milioi bat soldadu, Hego Koreako 655.000eta AEBetako 10.000 militar daude.

Ipar eta Hegoaren akordioa

Seulekin zituen akordio turistikoak berriro hasteko eta mugako igarobidea normalizatzeko erabakia hartu du Piongiangek Hyundai enpresako presidente Hjun Jung-eunekin bildu ostean. Bestalde, Iparraldean eta hegoaldean banandurik dauden familiak elkartzeko erraztasunak ematen ere adostu dira.

Kim Jong-il eta Hyundai enpresa hegokorearreko burua Piongiangen bildu ziren bi aldeen arteko akordio ekonomikoak lortzeko asmoz, eta Kaesongen atxilotutako Hego Koreako herritarraren askatasunaz mintzatzeko.

Gainera, Ipar Koreako mendirik handienean, Paekdun, gune turistikoa ezartzeko proiektuaz ere hitz egin dute bi agintariek. Hyundaik bere laguntza osoa eskaini dio Piongiangi egitasmo hori aurrera ateratzeko. Akordio horien bidez, Ipar Koreako biztanleek Hego Korean bizi diren senideak bisitatu ahal izango dituzte, eta alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.