Ipar Koreak airean inoiz denbora gehien izan duen kontinente arteko misila jaurti du

Misilak ordu bat eta 26 minutu eman ditu airean; Japonia iparraldeko kostaldetik 300 kilometrora erori da. Kim Jong-unek ohartarazi du goizeko jaurtiketa Piongiangek «kontraerasorako daukan gaitasunaren erakusgarri» dela.

Kontinente arteko misil balistiko bat, Hego Koreatik jaurtia izan baino lehen, iazko abenduan. KCNA / EFE
Kontinente arteko misil balistiko bat, Hego Koreatik jaurtia izan baino lehen, iazko abenduan. KCNA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 31
13:30
Entzun

Kontinente arteko misil balistiko bat jaurti du gaur goizaldean Ipar Koreak, eta Japonia iparraldeko Okushiri irlatik 300 kilometrora erori da, herrialde hartako Defentsa Ministerioak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez. Are, zertxobait geroago egindako prentsaurrekoan, Japoniako Defentsa ministro Gen Nakatanik esan du gisa horretako misil batek «inoiz» airean denbora gehien eman duen aldia izan dela; hots, ordu bat eta 26 minutu. Eta, horrez gain, «inoiz» altuen iritsi den misila ere badela: lurretik 7.000 kilometrora. Denera, mila kilometro inguruko bidea egin du.

Horiek horrela, «segurtasun nazionalerako» bilera batera deitu du Japoniako lehen ministro Shigeru Ishihibak. Goizeko prentsaurrekoan zehaztu du bilera horren helburua zela ziurtatzea misilak ez duela kalterik eragin. «[Jaurtiketa] Arrisku bat da Japoniaren eta eskualdearen segurtasunarentzat», esan du lehen ministroaren bozeramaile Yoshimasa Hayashik. 

Japoniako agintariek egindako adierazpenen ondoren hitz egin du Ipar Koreako lider goren Kim Jong-unek, KCNA herrialde hartako albiste agentzia ofizialaren bitartez. Haren arabera, gaur goizeko ekintza Ipar Koreak «kontraerasorako daukan gaitasunaren erakusgarri» da, eta ohartarazi du herrialdeak ez duela «sekula» aldatuko «gaitasun nuklearra» garatzeko daukan estrategia. Are, «etsaiei» egotzi die eskualdearen eta Ipar Korearen segurtasunarentzat «mehatxu bat» izatea.

Japoniak abisua eman baino lehen, Hego Koreak bazuen Piongiangen asmoen berri. Izan ere, herrialdeko zerbitzu sekretuek ohartarazi zuten, atzo gauean, Ipar Korea «test nuklear bat» egiteko prestatzen ari zela. Irailaren 18an ere hainbat misil jaurti zituen Piongiangek, baina irismen laburrekoak.

Akordioa Errusiarekin

Egunotan beste koska bat areagotu da Ipar Korearen eta Pazifikoko beste herrialde batzuen arteko tentsioa, Washingtonek eta Seulek jakinarazi ondoren Ipar Koreak 11.000 soldadu inguru bidali dituela Errusiara, Ukrainaren aurka borrokatzeko. Hain justu, hori izan zuten hizpide atzo AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek eta haren Hego Koreako homologo Kim Yong-Hyunek, Washingtonen egindako bilkuran. Gero egindako prentsaurreko bateratuan, gaitzetsi egin zuten Ipar Korearen eta Errusiaren arteko laguntza militarrerako akordioa.

Horren inguruan mintzatu da, gaur goizean, Kremlingo bozeramaile Dmitri Peskov, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Haren arabera, Moskuren eta Piongiangen arteko akordioak ez luke inor «beldurtu» behar, argudiatuta Errusiak «konpromiso irmoa» duela bere «bizilagunekin» dauzkan harremanak sendotzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.