Udaletako osoko bilkuran katalana erabiltzea ahalbidetzeko udal araudia aldatu izana leporatuta, bost alkate epaitu dituzte aste honetan Montpellierren (Okzitania).
Elna, Portvendres, Sant Andreu de la Sureda, Banys i Palalda eta Tarerac herrietako agintariak salatu dituzte Frantziako Errepublikako ordezkariek. Rodrigue Furcy Mendebaldeko Pirinioetako prefetak abiatu du salaketa. Emmanuel Macronen Frantziako Gobernuko kabineteburu ondokoa izan zen Furcy, iazko abuztuan Okzitaniara joan aurretik.
Elnako alkate Nicolas Garcia bakarrik agertu zen asteartean epaitegian, haren bi alkateordeekin. Abokatuek ordezkatu zituzten gainerako akusatuak.
Izan ere, Elnako Udala izan zen lehena katalana erabiltzea ahalbidetzen, iazko apirilean.
Prokuradoreak eta prefetaren ordezkariek epaiketan eskatu zuten bertan behera uzteko katalana erabiltzea baimentzeko onarturiko artikuluak. Argudiatu zutenez, Frantziako Konstituzioaren aurkakoa litzateke katalana erabiltzen uztea, hark «Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela» zehazten duelako.
Akusaturiko alkateen udaletan baimena eman dute nahi duenak katalanez egiteko, esaten dutena gero frantsesera itzultzen badute, eta bilkuren aktetan frantsesa katalanaren aurretik agertzen dela bermatuta.
Halere, hori ez da aski Parisko agintarientzat, itzultzeak frantsesa bigarren mailako hizkuntza gisa uzten duelakoan. «Eskualdetako hizkuntzek frantsesari utzi behar diote lehentasuna zerbitzu publikoetan», argudiatu zuen prefetaren ordezkariak. «Katalana erabiltzea frantsesaren lehentasunaren aurkakoa da, eta itzultzea ez da aski».
Alkateen abokatuek, berriz, esan zuten katalanez frantsesez baino lehen egiteak ez duela axola, «dena sistematikoki itzuli» egin delako.
Maiatzaren 9an emango dute epaia, baina Garcia alkateak ohartarazi du kontrako ebazpena etorriz gero Europako Justiziara eramango dutela auzia. «Auzia gal edo irabaz dezakegu, baina ate bat zabaldu dugu, eta dagoeneko irabazi dugu».
Kataluniako hainbat alderdiren sostengua jaso dute akusatuek. ERCko, Juntseko eta CUPeko buru batzuk Montpellieren egon ziren, epaiketan, tartean Laura Borras eta Oriol Junqueras. «Europako legediak minorizaturiko hizkuntzak babesteko aurrera egiten ari den honetan, Espainiako eta Frantziako estatuek katalanari gogor jazartzen jarraitzen dutela salatzen dugu», esan zuen orduan CUPeko Dolors Sabaterrek.
Korsikan, antzera
Ipar Kataluniakoa ez da, ordea, kasu bakarra. Martxoan bertan, Bastiako (Korsika) auzitegi batek debekatu egin zuen Korsikako Asanblean korsikera erabiltzea. Uharteko alderdiek «erabaki lotsagarria» eta «iraina» salatu zuten.
Korsikera erabiltzea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa zela argudiatu zuen epaileak martxoaren 9an.
Orduan ere, prefetak jarri zuen salaketa parlamentuaren erabakiaren aurka.