Ia bi urteren ondoren Ipar Irlandan gobernua berrezartzeko Erresuma Batuko Gobernuak eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistak ondutako itunaren ondorioz, brexit-aren ondoren Irlandako itsasoan ondasunei ezarritako kontrolak indargabetuko dituzte. Chris Heaton-Harris Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak eman du akordioaren xehetasunen berri gaur, Londresen, eta nabarmendu du Ipar Irlandaren posizioa «blindatuko duela» horrek. Unionisten buru Jeffrey Donaldsonek adierazi du beren helburua zela «Irlandako itsasoko muga kentzea», eta hori «lortu» dutela.
Akordioa bihar dira bozkatzekoak Erresuma Batuko Komunen Ganberan, eta, ezustekorik ezean, onartu egingo dute, toryek gehiengoa baitute ganbera horretan. Behin hori eginda, gobernu berria osatzeko moduan egongo lirateke Belfasten.
80 orrialde ditu Batasuna babestu izeneko akordioak, eta zehaztu dute ez zaiela kontrolik ezarriko barne merkatu britainiarrean mugitzen diren ondasunei. Halere, zenbait kasutan kontrolak egingo dituzte; esaterako, «delinkuentziari, sistemaren gehiegikeriei, gaixotasun arriskuei eta kontrabandoari aurre egin» nahi dietenean. Horrek esan nahi du, finean, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren arteko komertzioan kontrolak gutxitzearen ondorioz aldaketak egin beharko dituztela Windsor Esparru Hitzarmenean, eta Bruselaren oniritzia beharko dela horretarako. Ipar Irlandaren estatusa arautzeko hitzarmen hori iazko otsailean sinatu zuten Londresek eta Europako Batzordeak, Ipar Irlandako Protokoloak eragindako errezeloak baretzeko.
Ikusi gehiago
Dena den, Heaton-Harrisek nabarmendu du Ipar Irlandaren posizioa «bermatuta» egongo dela barne merkatu britainiarrean, «Europako Batasunak Ipar Irlandarako onartutako legedi berri baten balizko protokoloak gorabehera». Donaldsonek Erresuma Batuko BBC telebista kateari gaur adierazi dionez, akordioa ez da «perfektua», baina mesede egiten die Ipar Irlandako herritarrei. Gaineratu du Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroari esker jarri direla ados: «Rishi Sunakek eta haren gobernuak gurekin batera egin dute lan aldaketa horiek lortu ahal izateko. Boris Johnsonek hamaika neurri hitzeman zizkigun, baina ez zuen bat bera ere bete». Johnson 2019tik 2022ra izan zen Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterra, eta ez zuen protokoloa indargabetu.
Brexit-a 2020ko urtarrilean indarrean sartu zen arren, Irlandako mugako auziak jarraitu du gatazka iturri izaten. Protokoloa, besteak beste, Irlandako uhartean bakea bermatzeari begirako itun bat da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga orain arte bezala mantentzen baitu —irekia—, eta EB Europako Batasunaren merkatu bakarra, «babestua». Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunei dagokienez, eta Ipar Irlandak EBren aduana legeak errespetatuko zituela portuetan.
«Etorkizuneko edozein protokoloren aurrean, Ipar Irlandak Erresuma Batuko barne merkatuan duen posizioa prestatuko dugu».
CHRIS HEATON-HARRISErresuma Batuko Gobernuaren Ipar Irlandarako ministroa
Horrek guztiak berekin zekarren Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean kontrolak jartzea, eta, hango unionisten iritziz, erabaki horrek Ostiral Santuko Akordioa urratu [1998] eta kolokan uzten zuen Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitzuten. Gaur plazaratutako akordioak, baina, muga hori kentzen du.
Eta Komunen Ganberan Sunakek gaur adierazi du ituna dela azken hilabeteetan DUPen eta Erresuma Batuko Gobernuaren artean izaniko «elkarrizketa eraikitzailearen emaitza». Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkie Ipar Irlandako gainontzeko alderdiei, «izan duten pazientziarengatik».
Gobernua osatu
Ipar Irlandan 636 egun eman dituzte azken hauteskundeak egin zituztenetik gobernurik osatu gabe, eta, behin egoera desblokeatuta, Michelle O’Neill Sinn Feineko presidenteordea izango da lehen ministroa, okerrik ezean. Bada, gaur esan du Ipar Irlandako alderdiak «ados» daudela gobernua aldatzeko prozesua larunbatean hasteko. O’Neill Micheal Martin Irlandako Errepublikako Atzerri ministroarekin bildu da. Bileraren ostean adierazi du «baikorra» dela, eta gogoz dagoela Irlandako Ipar-Hego Ministroen Kontseiluan lan egiten hasteko. Azaldu du kontseilua «nahitaezko elementua» dela Sinn Feinentzat.
Egoera onbideratuta, buruzagi errepublikano bat izango da aurrenekoz lehen ministro, eta unionista litzateke lehen ministrordea. 2022ko maiatzaren 5ean, Asanblearako hauteskundeak egin zituzten, eta, lehen aldiz, alderdi errepublikano batek lortu zuen ordezkaritzarik handiena: Sinn Feinek. O’Neillen arabera, emaitza horiek «argi» utzi zuten Ipar Irlandan gauzak «aldatzen» ari direla, «emakume errepublikano bat gobernuburu izatera helduko baita».
Jakinarazi du, bide batez, lehen ministro izateko «guztiz prest» dagoela, eta esan du Ipar Irlandako beste alderdiekin batera lan egingo duela «jendearentzat garrantzitsuak diren politikak» egiteko.