Aspaldi konpondua zegoen auzia lurpetik atera, polemika faltsu bat sustatzeko. Sinn Fein alderdiko ordezkarien aburuz, horixe da Irlanda Iparraldeko «muturreko loialistek» IRAko iheslarien auziarekin egin dutena, «herrialdeko erakundeen egonkortasuna kolokan jartzeko eta, horrekin batera, bake prozesu osoa hondoratzeko».
Izan ere, kalapita handia sortu da aste honetan, IRAko iheslariei Erresuma Batuko Gobernuak helarazitako gutunen afera azaleratu denean. Guztira, 187 ekintzaile errepublikano ohiri igorri zizkien Londresek gutun horiek, epaituak ez izateko berme gisa. 2005ean adostu zuten neurria Erresuma Batuko eta Ipar Irlandako gobernuek, 1998ko Ostiral Santuko Akordioak garatzeko plan baten barruan, eta Sinn Feinek berak ondu zuen 187 iheslarien zerrenda.
1998a baino lehen egindako delituei soilik eragiten die hitzarmenak, eta dokumentua publikoa izan arren, berripaperen lehen orrialdeetan atera dute berriz, John Downey IRAko kide ohia aske gelditu izanaren ondorioz. «Ezkutuko amnistia bat» dela salatu dute DUP Alderdi Demokratiko Unionistako ordezkariek, eta dimisioa emateko imintzioa ere egin zuen Peter Robinson lehen ministroak.
Atzo, afera eztabaidatu zuten Irlanda Iparraldeko Asanblean, eta bere hitzaldian, lehen ministrorde eta Sinn Feineko buru Martin McGuinnessek «arduragabekeria larritzat» jo zuenezkutuko amnistiaren auzia aktualitatearen lehen lerrora eraman izana. Alderdi unionisten jarrera kritikatu zuen Sinn Feineko buruak, «ezegonkortasunaren politika» egiteagatik: «Atsekabetuta nago, aste honetan gure instituzioen egonkortasuna mehatxatu dutelako eta krisialdiko giroak arreta desbideratu duelako. Gizarte gaietan tory-ek ezarri nahi dituzten murrizketak izan beharko genituzke hizpide, eta etsita nago, horren ordez, mozio arduragabe hau eztabaidatzen ari garelako. Jendeak beste zerbait merezi duela uste dut».
IRAko iheslariek jasotako gutunen auzia «gauza jakina» dela gaineratu zuen McGuinnessek, 2005ean Belfasteko eta Londresko gobernuek egindako itunean argi eta garbi adierazten delako. «Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu, 1998ko apirilaren 10aren aurretik egindako delituengatik ihesean diren ekintzaileen egoera konpontzeko, eta aurrerantzean pertsona horiek jazarpenik izan ez dezaten», azaltzen da agirian. Sinn Feineko ordezkarien aburuz, «harrigarria» da politikariek «ezjakinarena egitea» afera horren inguruan, «kontua publikoa baita aspalditik». Bestalde, hedabideek azkenaldian argitaratu dutenaren kontrara, McGuinnessek gaineratu zuen itunean ezartzen dena ez dela ezkutuko amnistia bat, «ezta kartzelatik ateratzeko bonu txartel bat ere».
Irlanda Iparraldeko lehen ministrordearen esanetan, iheslarien auzia «huts egindako iraganaren ondorioetako bat da», eta errealitate horrekin lan egiteko deia egin zien diputatuei.
Tony Blair, DUPen jomugan
Bestalde, atzoko saioan, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blairren kontra hitz egin zuen Irlanda Iparraldeko ministro nagusiak. «Nahita gezurra esatea» leporatu zion Robinsonek buruzagi laborista ohiari, haren esanetan, Sinn Feini «kontzesiorik» egin ez zitzaiola promes egin baitzuen Blairrek.
DUPeko buruaren esanetan, IRAko iheslarien auziaz galdetzeko idatzi zion Ian Paisleyk Erresuma Batuko gobernuburuari: «Amnistiarik ez zela egonen erantzun zion Blairrek, eta hori iruzur galanta izan zen. Iheslariei gutunak igortzeko prozesu administratiboa abian zela esan zezakeen, baina ez zuen halakorik egin», esan zuen Robinsonek.
Ipar Irlandako prozesua hondoratzeko saialdiez ohartarazi du Sinn Feinek
Lehen ministroaren jarrera itxurakeriatzat jo dute errepublikanoek, IRAko iheslarien auzia «gauza jakina baitzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu