Ipar Irlandako lehen ministroaren dimisioa saihestu du Cameronek

Peter Robinson kargua uzteko prest zegoen, Londresek IRAko kideei emaniko 'ezkutuko amnistia' ikertu ezean

Xabin Makazaga.
2014ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Londresi bart gauerdia arteko epea emana zion Irlanda Iparraldeko ministro nagusi eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buru Peter Robinsonek ezkutuko amnistiaren auzia argitzeko. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ikerketa bat agindu duela jakinarazi zion atzo arratsaldean, eta «epaile indenpendente bat» hautatuko duela «txosten publiko osatu bat» egiteko. Robinsonek ontzat jo du Cameronen erantzuna, eta ez du dimisioa emango. Lehen ministroaren erabakiak arriskuan jarria zuen unionistek eta errepublikanoek partekatutako gobernuaren etorkizuna.

John Downey IRAko kide ohia aske utzi izanak azaleratu du 2005. urtetik 187 iheslari errepublikanori Erresuma Batuko gobernuek helarazitako gutunen auzia, epaituak ez izateko berme gisa.

Robinsonek esan du ez berak eta ezta DUP alderdiak ere ez zutela gutun horien berririk, eta gobernu partekatua hausteko prest agertu zen, berriro hauteskundeetara deitzeko. Herenegun Theresa Villiers Irlanda Iparralderako Estatu idazkariarekin bildu ostean esan zuen Robinsonek bere erabakia Londresen erantzunaren araberakoa izango zela.

Irlanda Iparraldeko ministro nagusiak uste du Tony Blair laboristak, Erresuma Batuko lehen ministro zela, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiarekin «ezkutuan» hitzartutako amnistia baten erakusle direla gutun horiek. Eta argudiatu du DUPek horren berri izan balu ez berak ezta Ian Paisley garai hartako buruzagiak ere ez zuketela 2007an errepublikanoekin Irlanda Iparraldeko gobernua partekatzea onartuko.

1998ko Ostiral Santuko Akordioetan jarri zuten martxan bake prozesua onartu eta ordutik odol deliturik egin ez zuten presoak, bi aldeetakoak, askatuz joateko programa bat. Bi urteren buruan baldintzak betetzen zituzten preso guztiak aske izatea aurreikusi zuten. Baina hitzarmenean ez zuten zehaztu terrorismo ekintzaren bat egin izanaren susmagarri izan eta artean epaituak izan ez ziren iheslariekin zer egin.

Downey, 62 urteko IRAko kide ohia, iheslari horietako bat da. Eta Londresen atxilotu zuten iazko maiatzaren 19an, Gatwicken Greziarako hegazkin bat hartzeko eskala egin zuenean. 2010etik zazpi aldiz izana zen Erresuma Batuan, eragozpenik gabe. Baina bere kasua berezia da, berez ez baitzegokion Erresuma Batuko Gobernuaren gutuna jasotzea.

1982an Hyde Parken lau soldadu britainiar hil ziren atentatuagatik atxilotzeko agindupean izan arren, 2007an Londresen gutuna jaso zuen Downeyk, bere aurkako auzirik ez zegoela idatziz bermatuz. Eta asteazkenean aske utzi behar izan zuten.

Atzera bueltarik gabeko akatsa

Cameronek onartu du «akats bat» izan zela Downeyri askatasuna bermatuko zion gutuna ematea. PSNI Irlanda Iparraldeko Poliziak ere azaldu du gutuna bidali eta gutxira ohartu zela akatsaz, baina gero ez zuen ezer egin, Scotland Yard Downeyren bila zebilela jakin arren.

Cameronen gobernuak jakinarazi du gisa horretako 38 gutun helarazi dizkiela iheslari errepublikanoei —aurreko 149 gutunak gobernu laboristek bidaliak dira, Blair eta Gordon Brown lehen ministro zirela—, eta Downeyren auziak atzera bueltarik ez duela argitu du; IRAko kide ohia ez dutela epaituko eta aske geratuko dela, alegia. Dominic Grieve fiskal nagusiak ere zehaztu du Downey aske utzi duen ebazpenari ez diola helegiterik jarriko. Villiers, Londresen ordezkaria Irlanda Iparraldean, Martin McGuinness lehen ministrorde errepublikanoarekin bildu zen atzo Belfasten.

Londresko gobernu kontserbadoreak gutunen auzia laboristengandik herentzian jaso zuela argudiatu du Nick Clegg lehen ministrorde liberalak. Eta, horien berri izanagatik, gutunak bideratzeko moduaren ardura aurreko gobernuarena dela nabarmendu du. Halaber, Robinsoni horren berri «modu argi batean» askoz lehenago eman behar zitzaiola defenditu du Cleggek.

Iheslarien auzia korapilatuta geratu zen Irlanda Iparraldeko gatazkaren konponbidean. Ostiral Santuko Akordioak sinatu eta hiru urtera, Blairren gobernuak behar baino lehen aske geratzeko programetan sartzeko baldintzak betetzen zituztenak ez auzipetzeko asmoa agertu zuen. Auzia legez arautzen ere saiatu zen 2005ean, baina unionistak kontra agertu ziren; eta baita errepublikanoak ere, poliziek eta militarrek epaiketak saihesteko modu bat izan zitekeelakoan. Azkenean, Komunen Ganberak atzera bota zuen lege proposamena.

Unionistek, orain, argibideak nahi dituzte. Arlene Foster Enpresa ministroak (DUP) azaldu duenez, «nork zer zekien, noiz eta zergatik gertatu zen argitzeko, guri iheslarientzako amnistiarik ez zela izango agindu ziguten arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.