Ipar Irlandako lehen ministroak kargua utzi du, protokoloaz kexu

Paul Givan unionistaren dimisioak are gehiago zailduko ditu Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioak. Sinn Feinek maiatzaren 5eko Asanblearako hauteskundeak aurreratzera deitu du

O'Neill lehen ministrorde ohia (Sinn Fein) eta Givan lehen ministro ohia (DUP), artxiboko irudi batean. BERRIA.
ander perez zala
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Azkenean bai, Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak mehatxua bete du: Paul Givan lehen ministroak dimisioa eman du, alderdiak Ipar Irlandarako Protokoloaren inguruan dituen desadostasunengatik. Asanblearako bozetarako hiru hilabete falta diren honetan hartu du erabakia alderdi unionistak, eta horrek agerian utzi du mugimendua politikoa izan dela, merkataritzari buruzkoa bainoago.

Givanek agerraldi labur bat egin zuen atzo erabakiaren berri emateko, eta ez zion erreferentzia askorik egin protokoloari: «Belfasteko eta St. Andrewsko akordioek sorturiko oreka hauskorrean eragina izan du Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batasunak adosturiko akordioak, zeinak Ipar Irlandarako Protokoloa sortu zuen».

Horrekin batera, gobernuburu ohi unionistak berriz errepikatu zuen zein den haren ikuspuntutik gatazka bideratzeko irtenbidea: «Auziak [protokoloaren inguruko desadostasunak] konpontzeak ahalbidetuko du DUPek erabat funtzionatuko duen gobernu bat onartzea».

Givanen dimisioak enegarren krisi politikoan sartu du Ipar Irlanda. Oro har, haserrea izan da nagusi beste alderdien artean, unionisten erabakia protokoloaren kontrako protesta estrategiaren parte baita.

Aliantza Alderdiko buruzagi eta Justizia ministro Naomi Long da DUPen mugimenduarekin kritikoen agertu zen agintarietako bat: «Uste dut Ipar Irlandako herritarrak nekatuta daudela etengabeko krisi eta drama honekin. Baita gure ordezkari politikoetako batzuek ematen dituzten gauza gutxiekin ere». Iritzi berekoa da Colum Eastwood SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren buruzagia ere, adierazi baitzuen Givanen erabakia «traizio handi bat» dela Ipar Irlandako herritarrentzat: «Energia kostuak handitu dira, [ospitaleetako] itxaron zerrendak geroz eta luzeagoak dira, eta [DUPek] hauteskundeetan eragina izan nahi du; herritarrek, berriz, politikariek beren lana egitea nahi dute».

TUV Ahots Tradizional Unionista, berriz, pozik agertu zen DUPen erabakiarekin, eta adierazi zuen bazela «garaia» jarrera gogortzeko. Izan ere, alderdi unionista horrek uste du protokoloa «erabat suntsitzailea» dela Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokiarentzat.

Iragan ekainaren amaieran DUPeko buruzagi kargua hartu zuenetik, Jeffrey Donaldsonek behin eta berriz egin du gobernua kolapsatzeko mehatxua, ez baitzuen aurrerapausorik nabaritu Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak protokoloaz izan dituzten elkarrizketetan.

Ipar Irlandako legediaren arabera, Givanek kargua uzteak automatikoki eragin du Michelle O'Neill lehen ministrordearen kargugabetzea (Sinn Feinekoa)—unionistek eta errepublikanoek boterea partekatzen dutelako—, baina gainontzeko ministroek beren karguetan jarraituko dute; hori bai, ezingo dute erabaki garrantzitsurik hartu. Denera, azken gobernuak bi urte eta 11 hilabete iraun du boterean, eta agintari unionistak, zortzi hilabete.

Dimisioaren ondorioz, alderdiek zazpi egun zituzten ordezkoak aukeratzeko, baina legedia aldatzear da, eta epe hori sei astera igoko da; gainera, Asanbleak lanean jarraitu ahalko du —gehienez bederatzi hilabete—, gobernurik indarrean ez egon arren.

Hori bai, oraindik ez dute zehaztu Asanblearako bozekin zer gertatuko den: printzipioz, maiatzaren 5erako daude aurreikusiak, baina baliteke horiek aurreratu behar izatea, alderdiek ez badute ordezkorik izendatzen, edo Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro Brandon Lewisek hala agintzen badu.

Hain justu, Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentea hauteskundeak aurreratzearen alde agertu zen atzo, eta, adierazpen horrekin, agintari errepublikanoak iradoki zuen zaila izango dela berriz ere gobernu oso bat martxan jartzea. Hortaz, baliteke hauteskundeen eguna aurreratzea, ziurrenik martxoaren erdialdera.

Inkesten arabera, Sinn Fein lehen aldiz izango litzateke babesik handiena lortuko duen alderdia, eta unionismoaren botoa hirutan zatituko litzateke hitzordu horretan. Aukera horrek kezka handia eragin du DUPen, baita protokoloaren inguruko bere jarrera are gehiago gogortzea ere.

Kontrolei buruzko agindua

Alderdi unionistak herenegun gauean eman zuen gaurko erabakiaren lehen zantzua, Edwin Poots Nekazaritza eta Ingurumen ministroak Ipar Irlandako portuetako kontrolak gelditzeko agindu baitzuen.

TUV izan ezik, beste alderdiak erabaki horren kontra agertu ziren, baita Irlandako Errepublikako Gobernua eta Mairead McGuinness Europako Batzordeko Finantza komisarioa ere, azken horrek atzo ohartarazi baitzuen mugimenduak nazioarteko legedia urratzen duela: «Ez da batere lagungarria. Erresuma Batuarekin batera lanean ari gara irtenbideak aurkitzeko».

McGuinnessen adierazpenak agerian utzi du Ipar Irlandako desegonkortasun politikoak are gehiago zailduko dituela Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioak. Finantza komisarioa eta Europako Batzordeko presidenteorde Maros Sefcovic atzo ziren biltzekoak Erresuma Batuko Atzerri ministro Liz Trussekin, eta bilkura horretan hizpide izan zuten Ipar Irlandan gertaturikoa.

Trussen asmoa zen hilaren 21erako lortzea adostasun bat, baina orain ez dago argi data horrekin zer gertatuko den; gaurko hitzorduaren aurretik, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak esan zuen Givanen dimisioa ez dela bere gobernuaren etaDUPen arteko «erabaki koordinatu bat» izan. Gerora, kontrolak gelditzeko aginduaz, gobernuaren bozeramaile batek azaldu zuen Ipar Irlandako portuetan ez dela aldaketarik izan.

Brexit-a indarrean sartu zen arren, Irlandako mugako auzia gatazka iturri da oraindik ere. Protokoloa, besteak beste, Irlandako uhartean bakea bermatzeari begirako itun bat da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga orain arte bezala mantentzen baitu —irekia—, eta EB Europako Batasunaren merkatu bakarra, «babestua». Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta Ipar Irlandak EBren aduana legeak errespetatuko zituela portuetan.

Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea, eta, hango unionisten iritziz, erabakiak Ostiral Santuko Akordioa urratu, eta kolokan uzten du Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.