'Brexit'-a

Ipar Irlandako lehen ministroak dimisioa eman du

Paul Givanek Ipar Irlandarako Protokoloaren aferagatik utzi du gobernuburu kargua, eta, erabaki horrengatik, gehiago zaildu ditu Londresen eta Bruselaren arteko elkarrizketak. Sinn Feinek maiatzaren 5eko bozak aurreratzera deitu du.

Michelle O'Neill lehen ministrorde ohia (Sinn Fein) eta Paul Givan lehen ministro ohia (DUP), artiboko irudi batean. IPAR IRLANDAKO GOBERNUA
ander perez zala
2022ko otsailaren 3a
17:54
Entzun

Azkenean, bai, Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak mehatxua bete du: Paul Givan lehen ministroak dimisioa eman du, alderdiak Ipar Irlandarako Protokoloaren inguruan dituen desadostasunengatik. Asanblearako bozetarako hiru hilabete falta diren honetan hartu du erabakia alderdi unionistak, eta horrek agerian utzi du mugimendua politikoa izan dela, merkataritzari buruzkoa bainoago.

Givanek agerraldi labur bat egin du erabakiaren berri emateko, eta horretan ez dio erreferentzia askorik egin Ipar Irlandarako Protokoloari: «Belfasteko eta St. Andrewsko akordioek sorturiko oreka hauskorrean eragina izan du Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batasunak adosturiko akordioak, zeinak Ipar Irlandarako Protokoloa sortu zuen».

Horrekin batera, gobernuburu ohi unionistak berriz errepikatu du zein den, haren ikuspuntutik, gatazka bideratzeko irtenbidea: «Auziak [protokoloaren inguruko desadostasunak] konpontzeak ahalbidetuko du DUPek erabat funtzionatuko duen gobernu bat onartzea».

Givanen dimisioak enegarren krisi politikoan murgildu du Ipar Irlanda. Oro har, haserrea izan da nagusi beste alderdien artean, unionisten erabakia protokoloaren kontrako protesta estrategiaren parte baita.

Aliantza Alderdiko buruzagi eta Justizia ministro Naomi Long da DUPen mugimenduarekin kritikoen agertu den agintarietako bat: «Uste dut Ipar Irlandako herritarrak nekatuta daudela etengabeko krisi eta drama honekin. Baita gure ordezkari politikoetako batzuek ematen dituzten gauza gutxiekin ere».

Iritzi berekoa da Colum Eastwood SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren buruzagia, adierazi baitu Givanen erabakia «traizio handi bat» dela Ipar Irlandako herritarrentzat: «Energia kostuak handitu dira, [ospitaleetako] itxaron zerrendak geroz eta luzeagoak dira eta [DUPek] hauteskundeetan eragina izan nahi du. Herritarrek, berriz, politikariek beren lana egitea».

TUV Ahots Tradizional Unionista, berriz, pozik agertu da DUPen erabakiarekin, eta defendatu du bazela «garaia» jarrera gogortzeko. Izan ere, alderdi unionista horrek uste du Ipar Irlandarako Protokoloa «erabat suntsitzailea» dela Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokiarentzat.

Iragan ekain amaieran DUPeko buruzagi kargua hartu zuenetik, Jeffrey Donaldsonek behin eta berriz egin du gobernua kolapsatzeko mehatxua, ez baitzuen aurrerapausorik nabaritu Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak Ipar Irlandarako Protokoloaz izan dituzten elkarrizketetan.

Ipar Irlandako legediaren arabera, Givanek kargua uzteak automatikoki eragin du Michelle O’Neill lehen ministrordearen kargugabetzea (Sinn Feinekoa) —unionistek eta errepublikanoek boterea partekatzen dutelako—, baina gainontzeko ministroek beren karguetan jarraituko dute; hori bai, ezingo dute erabaki garrantzitsurik hartu. Denera, azken gobernuak bi urte eta 11 hilabete iraun du boterean, eta agintari unionistak, zortzi hilabete.

Dimisioaren ondorioz, alderdiek zazpi egun zituzten ordezkoak aukeratzeko, baina legedia aldatzear da, eta epe hori sei astera igoko da; horrekin batera, Ipar Irlandako Asanbleak lanean jarraitu ahalko du —gehienez bederatzi hilabete—, gobernurik indarrean ez egon arren.

Hori bai, oraindik ez dute zehaztu Asanblearako bozekin zer gertatuko den: printzipioz, maiatzaren 5erako daude aurreikusiak, baina baliteke horiek aurreratu behar izatea, alderdiek ez badute ordezkorik izendatzen, edo Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro Brandon Lewisek hala agintzen badu.

Hain justu, Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentea hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da, eta, hori adierazirik, agintari errepublikanoak iradoki du zaila izango dela berriz ere gobernu oso bat martxan jartzea. Hortaz, baliteke hauteskundeen data aurreratzea, ziurrenik martxo erdialdera.

Inkesten arabera, Sinn Fein lehen aldiz izango litzateke babesik handiena lortuko duen alderdia, eta unionismoaren botoa hirutan zatituko litzateke hauteskunde horietan. Aukera horrek kezka handia eragin du DUPen, baita protokoloaren inguruko bere jarrera are gehiago gogortzea ere.

Kontrolak gelditzeko agindua

Alderdi unionistak atzo gauean eman zuen gaurko erabakiaren lehen zantzua, Edwin Poots Nekazaritza eta Ingurumen ministroak Ipar Irlandako portuetako kontrolak gelditzeko agindu baitzuen.

TUV izan ezik, beste alderdiak kritiko agertu dira erabaki horrekin, baita Irlandako Errepublikako Gobernua eta Mairead McGuinness Europako Batzordeko Finantza komisarioa ere, azken horrek gaur ohartarazi baitu erabakiak nazioarteko legedia urratzen duela: «Ez da batere lagungarria. Erresuma Batuarekin batera lanean ari gara irtenbideak aurkitzeko».

McGuinnessen adierazpenak agerian utzi du Ipar Irlandako desegonkortasun politikoak are gehiago zailduko dituela Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioak. Finantza komisarioa eta Europako Batzordeko presidenteorde Maros Sefcovic gaur dira biltzekoak Erresuma Batuko Atzerri ministro Liz Trussekin, eta bilkura horretan izango ditu hizpide Ipar Irlandan gertaturikoa.

Trussen asmoa zen hilaren 21erako lortzea adostasun bat, baina orain ez dago argi data horrekin zer gertatuko den; gaurko saioaren aurretik, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak esan du Givanen dimisioa ez dela bere gobernuaren eta DUPen arteko «erabaki koordinatu bat» izan.

Gerora, kontrolak gelditzeko aginduaz, gobernuaren bozeramaile batek azaldu du Ipar Irlandako portuetan ez dela aldaketarik izan. Hala, Eric Mamer eledunaren bitartez, Bruselak erantzun du «pozik» dagoela egoera horrekin.

Brexit-a indarrean sartu eta horren inguruko akordioak adostuak zeuden arren, Irlandako mugako auzia gatazka iturri da oraindik ere. Londresek negoziaturiko itunak, eta batez ere Ipar Irlandarako Protokoloak haserre handia eragin baitu Irlanda iparraldeko unionisten artean.

Ipar Irlandarako Protokoloa, besteak beste, Irlandako irlan bakea bermatzeari begirako itun bat da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga orain arte bezala mantentzen baitu —irekia—, eta EB Europako Batasunaren merkatu bakarra, «babestua». Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta Ipar Irlandak EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan.

Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea, eta, hango unionisten iritziz, erabakiak Ostiral Santuko Akordioa urratu eta kolokan uzten du Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitute.

Gainera, protesta gisara, UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak, UDA Ulsterren Aldeko Elkarteak eta Esku Gorria Komandoak biltzen dituen LCC Komunitate Loialistak Batzordeak Londresi jakinarazi zion bake itunari babesa emateri uko egin diotela «behin-behinean», era «baketsu eta demokratikoan». Itunak 23 urte bete ditu aurten, eta, unionisten iritziz, Ipar Irlandarako Protokoloak horren «oinarrizko bermeak urratzen» ditu.

Alderdi unionistek ere auzitara eraman zuten protokoloa, baina Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen akordioa legezkoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.