Kuriositate eta interes handia pizten du Ipar Irlandako polizia ohi bat, Erresuma Batuko armadako soldadu ohi bat eta mugimendu errepublikanoko kide bat gela berean ikusteak; are gehiago mahai beraren inguruan elkartzen badira hitz egiteko. Ezohikoa dirudi, eta, halere, Roger McCallumek, Lee Lavisek eta Michael Culbertek jada gutxi dute ezohikotik, hirurak berriz elkartzeak zerbait baitu ohikotik.
Konfiantza puntu bat nabari zaie solaskideei; zintzotasunez mintzatzen dira, elkar ezagutzen dute, eta batak badaki besteak zer erantzungo duen, zer pentsatzen duen. Eta eroso sumatzen dira elkarren inguruan. Azken hamarkadetan Ipar Irlandan gertaturikoa kontuan harturik, eta hango gizartearen izaera ikusirik, nahiko harrigarria da hirurek egin dutena, eta oraindik egiten ari direna. Batez ere, haien artean dagoen gertutasun hori.
Culbert IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioa izan zen, eta talde armatuko preso ohiak hartzen dituen Coiste elkarteko koordinatzaile ohia ere bada; McCallum, berriz, Ipar Irlandako RUC Royal Ulster Constabularyn eta PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuan egon zen; Lavis Erresuma Batuko armadako soldadu ohi bat da. Foro Sozialak antolaturiko Ustekabean, topo jardunaldien harira izan dira Euskal Herrian, beren esperientziaren berri emateko; Errenterian (Gipuzkoa) eman duten hitzaldiaren aurretik mintzatu dira BERRIArekin, Donostiako Zinema7 hotelean, urteotan egindako bideaz eta egunerokotasunaz beste behin ere hausnartzeko.
Hamarkada luzez, hirurek ez zuten espero beste aldearekin elkartzeko eta hitz egiteko gai izango zirenik. «Baina ohartu ginen uste genuena baino gehiago dugula komunean. Benetan diot hori», esan du Culbertek. «Bai, estereotipoz josiak ginen: errepublikanoak modu batekoak edo bestelakoak direla, eta horrelakoak. Gauza bera haien [errepublikanoen] kasuan. Finean, denak zaku berean jartzen zenituen», gehitu du Lavisek.
Hirurak bat datoz ideia batekin: elkartzea izan dela urteotan egin duten bidearen parterik zailenetako bat. Eta, zaila izan den arren, benetan merezi izan duela. «Etsaiak ez dira elkarrekin esertzen», errealitate hori egon da presente solasaldi osoan, nahiz eta hiru elkarrizketatuek joera hori haustea lortu zuten.
Erresuma Batuko soldadu ohiaren adibidea argigarria da: «Hegoafrikara joan nintzen ikastera, eta hor ikusi nuen ANCko [Afrikako Kongresu Nazionaleko] batek nola hitz egiten zuen beste aldearekin. Horrek asko pentsarazi zidan».
Culberten ustetan, paisaia «aldatu» dute: «Gauza batzuk ongi egin ditugu; beste batzuetan nahastu gara, eta beste batzuk gaizki egin ditugu. Baina hemen gaude, eta hori garrantzitsua da. Eta hori erakutsi nahi dugu».
Ez hori bakarrik: hiruren arabera, Ipar Irlandan «entzun egin» dituzte. Esan dutena «entzun» dute. Eta badirudi hiru solaskideak nahiko harro daudela hori lortu izanagatik.
Gazteei begirako lana
Eta badator galdera gatazkatsuenetako bat, egunerokotasunera pasatuta: brexit-ak eta Ipar Irlandarako Protokoloak zer eragin izan dute, batez ere gazteen jarreretan? Hirurek batera egin dute hasperen, ia modu koordinatuan; Lavisek burua mahaiaren kontra jotzeko keinua ere egin du bitan, dramatikoki. Gai hori ez dute gustuko, argi geratu denez.
Brexit-aren prozesuan Erresuma Batuko Gobernuak Ipar Irlandarekin izan duen jarrera «txarrean» ere bat egin dute solaskideek, eta horrek eragin duen haserrean. Kasurako, iragan urteko apirilaren hasiera aldean izan ziren protestak eta liskarrak, zeinetan gazteenak izan ziren protokoloak eragin zuen haserrearen protagonista.
Hor baitago Culbert, Lavis eta McCallum egiten ari diren bideko beste puntu garrantzitsuetako bat: belaunaldi berriei —«eta nazioarteko beste gatazketakoei ere bai»— gertaturikoa azaltzea, eta beren esperientzien eta gogoeten berri ematea. «Historia ez da narratiba bat», ohartarazi du Ipar Irlandako polizia ohiak.
Erresuma Batuko soldadu ohiak bere eskua erabili du argudio hori aberasteko: «Eskua aurpegi parean jarri nuen, eta zer ikusten zuten galdetu nien [gazte batzuei]. 'Bost behatz' edo 'esku-ahurra' erantzun zidaten. Nik, baina, hatz koskorrak eta azazkalak ikusten nituela esan nien. Esku bera da, baina interpretazio desberdinak. Horretaz ohartzea garrantzitsua da, eta hori onartzea».
Protokoloaren inguruko eztabaidak agerian utzi du aurrekari oso desberdinetako hiru lagunek bat egin dezaketela hainbat gairen inguruan, solaskideek ez baitute begi onez ikusi EB Europako Batasunetik ateratzea. «EB merkataritza baino gehiago da. Hobeto ginen EBn», esan du McCallumek. Baiezkoarekin erantzun du, irmo, Culbertek: «Berriz ere, gure nahiaren kontra egin dute [Ipar Irlandan EBn geratzearen aldeko jarrerak irabazi zuen]». Eta berriki gertaturikoa oroitarazi du Lavisek: «Hona etortzean, Europara bidaiatzean, aireportuan, lehen aldiz, zigilu bat jarri didate pasaportean. Eta hor jartzen du noiz itzuli behar dudan. Oso tristea da».
Solaskideak lasai daude elkarrekin hitz egitean, haien profilek eta ibilbideek kontrakoa iradoki dezaketen arren. Asko esan dute, eta oraindik asko dute esateko. Batez ere, horretarako testuinguru bat ondu dutelako. Horrek «garrantzia» duelako.
Hortaz, zeintzuk dira haien gomendioak desadostasunak dituztenek elkar ulertzeko, edo, behintzat, jarrerak gerturatzeko? «Elkarrizketa». «Hizketa».
Ipar Irlandako gatazkaren deseraikitzea
Culbert errepublikanoa da; McCallum, polizia ohia, eta Lavis, soldadu izandakoa. Mahai berean eseri dira berriz ere, elkar ezagutzeaz eta beren esperientziez aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu