Hotz bolada bortitza izanagatik ere, Iowak bero hartu du Donald Trump. Alderdi Errepublikanoak han hasi zuen, atzo, datorren azaroaren 5ean egitekoak diren AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeetako hautagaia aukeratzeko prozesua. Alde handiz gailendu da 2017tik 2021era bitartean Etxe Zuriko maizter izan zena, eta, horren bidez, bere lidergoa berretsi du errepublikanoen artean.
Ezusteko handirik gabekoa izan da Alderdi Errepublikanoaren lehen barne bozketa, inkestek aurreikusten baitzuten Trumpek bilduko zuela boto gehien. Bete-betean asmatu zuten, bete-betean asmatu ere, gainontzeko hautagai guztien botoak batuta baino babes handiagoa eskuratu baitu AEBetako presidente ohiak (%51,1), Iowako 99 konderrietatik 98tan irabazita.
«Herrialde paregabea ginen duela hiru urte, eta, orain, gain behera doan herrialde bat gara», esan du Trumpek, emaitzen berri izan ondoren egin duen agerraldian. Segidan, beste agintaldi baterako hautatua izango balitz abian jarriko lituzkeen zenbait neurri iragarri ditu, hala nola poliziei «erabateko immunitatea» ematea.
Iowako caucus-ek markatutako joerari eutsiz gero, begi bistakoa da Trump izango dela azaroaren 5ean presidentetzarako bozetan lehiatuko den hautagai errepublikanoa. Hala uste du AEBetako presidente eta Alderdi Demokrataren primarioetako hautagai Joe Bidenek ere: «Argi dago bera [Donald Trump] dela beste bandoaren hautagairik gogokoena. Baina hauxe da kontua: hauteskunde hauek [AEBetako presidentetzarakoak] beti izan dira zure [hauteslea] eta nire artekoak, errepublikano erradikalen kontra».
«Haren [Trumpen] garaipen historiko eta erabakigarria ikusita, gure alderdiak haren alde egin behar luke, azaroan irabazi ahal izateko».
MIKE JOHNSON.AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea.
Trumpek beste lehiakideekiko lortu duen aldea hautagai errepublikano batek Iowa estatuan inoiz eskuratu duen handiena da. Horren adierazle da, kasurako, caucus-etako asanbleak hasi eta 30 minutura eman zutela haren garaipenaren berri. Emaitzei erreparatuta, «hautagaitzarako lasterketa bertan behera uzteko» deia egin dute gaur Trumpen aldeko zenbait kide errepublikanok, hala nola Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnsonek. «Haren [Trumpen] garaipen historiko eta erabakigarria ikusita, gure alderdiak haren alde egin behar luke, azaroan irabazi ahal izateko».
Edonola ere, ataka estuan dago AEBetako presidente ohia. Batetik, lau zigor auzibide ditu zabalik bere kontra —horietan, denera, 91 delitu leporatzen dizkiote, besteak beste ustelkeria eta eroskeria kasuak—, eta, bestetik, Maine eta Colorado estatuek haren hautagaitza baliogabetu dute, argudiatuta parte hartu zuela Kapitolioaren aurkako matxinadan, 2021ean. Trumpek helegiteak aurkeztu ditu.
Haley hirugarren
Egunotako inkesten arabera, Nikki Haleyk zuen bigarren izateko aukera handiena. Asteotan kanpaina indartsua egiten hasi da2017tik 2018ra NBE Nazio Batuen Erakundean AEBen enbaxadore izan zena —Trumpek berak aukeratu zuen kargu horretarako—, eta haren alde jarri da Americans for Prosperity (AFP) sare kontserbadore boteretsua. Edonola ere, azkenean Floridako gobernadore Ron DeSantisek hartu dio aurrea Iowan. Hori bai, estua da bien arteko aldea: botoen %21 lortu ditu DeSantisek —Trumpek baino 30 puntu gutxiago—, eta %19 Haleyk. Ordezkariei dagokienez, hogei eskuratu ditu Trumpek, zortzi DeSantisek eta zazpi Haleyk —denera, 40 ordezkari ditu Iowak—.
DeSantis itxaropentsuago zen errepublikanoen primarioei ekin baino lehen, baina nabarmen apaldu du bere diskurtsoa Iowako caucus-ak gerturatu ahala. Gaur zenbait hilabete, hauxe esan zuen: «Irabazi egingo dugu Iowan»; duela zenbait aste, berriz, hauxe: «Ondo egingo dugu Iowan». Halere, eskerrak eman zizkien bere alde egin zutenei: «lowan lortu dugu gure aldeko txartela».
Ikusi gehiago
Des Moinesen egindako agerraldian, bi haiei mintzatu zitzaien Trump, erdi isekaz: «Ron eta Nikki zoriondu nahi ditut, elkarrekin ondo pasatzeagatik». Vivek Ramaswamy izan da laugarren, botoen %7,7 eskuratuta, eta hautagaitza bertan behera uztea erabaki du; AEBetako presidente ohiaren alde bozkatzera deitu du.
Iowako denboraleari eta caucus-ei aurre eginda, New Hampshiren jarriko dute orain arreta. Hor ikusiko da Trumpek gehiengoari eusten dion, eta Haleyk DeSantisi aurrea hartuko dion. Alderdi Demokratak, berriz, otsailaren 3an hasiko ditu primarioak, Hego Carolinan.
Ekainera arte iraungo du, bi alderdietan, azaroaren 5erako hautagaia aukeratzeko prozesuak, eta, gero, udan, kongresuak antolatuko dituzte, behin betiko hautagaiak izendatzeko. Alderdi Errepublikanoak uztailaren 15etik 18ra; eta Alderdi Demokratak, abuztuaren 19tik 22ra.